Ikusi, galdetu eta baita erosi ere

Ataria 2025ko urt. 25a, 14:36

XXIX. Zuhaitz Azoka egin da Trianguloa plazan, eta bertan zazpi mintegik euren produktuak salgai izan dituzte: haziak, fruitu eta landare deshidratatuak, fruta-arbolak, zuhaitz ornamentalak, basoko landareak eta loreak.

Nahiko ateri eutsi dio goizean zehar, eta Zuhaitz Azokan jende ugari ibili da. Hainbat urtetan bezala, Muruetatik (Bizkaia) etorri da Nekane Torrontegi bere postua jartzera, eta azoka «oso ondo» joan dela azaldu du: «Eguraldi ona badago, ondo joaten da». Zitrikoak izan dira gehien saldu diren zuhaitzak, eta jendeak asko ikusi eta galdetzen badu ere, erosi ere egiten duela azaldu du Torrontegik.

Gipuzkoako Baso Elkarteak lehenengo aldiz jarri du postu bat Tolosako azokan. Gipuzkoako Baso Elkarteko Julian Unanue lehendakariak azaldu duenez, «orain arte ez gara azoketan izan, baina erabaki dugu jendearen aurrera azaltzea. Zerratutako egurrak eta landareak ekarri ditugu azokara. Besteak beste, basogintzan zer lan egiten ditugun eta baso jabeak zein garen azaltzeko. Jendea etorri da galdezka, beraz, positiboa dela iruditzen zaigu horrelako postu bat jartzea».

Gipuzkoan basogintza hitz gutxitan azaltzeko oso gai zabala dela esan du Unanuek. «Gipuzkoa oso aberatsa da baso aldetik. Jabetza pribatuak baditu Gipuzkoan 52 milioi arbola». Insignis pinuaren banda marroia gaitzak «sekulako jipoia» eman die jabeei eta basoei, Unanuek azaldu duenez. «Egoera berezi batean gaude, zalantza askokoa; horren lekuan zer landare sartu zalantzak sortzen dira, eta, bestalde, erabat animoa jaisten du, lan guztia egin eta gero etekin baten zain renzauden garaian gaitz batek hori aurretik eramaten badu. 20 urteko pinudi batek bi xentimo balio ditu gaitzak jota, eta gastu denak eginda dituzu, eta berriro hor lanean hasteko izugarrizko animoa behar du». Gipuzkoaren basoaren %80a jabetza pribatukoa dela azaldu du, eta gaitz horren aurrean, Gipuzkoan «abandonatuta» sentitzen direla esan du: «Katastrofe bat izan da, eta beste gauza batzuk ere esaten badira ere, lehenengo aldia da horrelako gaitz batek basoak aurretik eraman dituena. Laguntza falta dugu; basoak gizarteari egiten dion ekarpena handia da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!