Mundua hobeto ezagutzeko zortzi saio 20. Amalur Jardunaldietan

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko urt. 24a, 12:00

Jose Inazio Asensio diputatua, Kepa Goikoetxea TEE-ko lehendakaria, Andu Martinez de Rituerto alkatea eta Alberto Luengo biologoa, atzo, aurkezpenean. J. A. D.

Zazpi hitzaldi eta mintegi bat izango dira Topic-en, lehena, urtarrilaren 30ean; ekitaldietarako sarrerak doakoak badira ere, aurrez egin beharko da erreserba.

Tolosako Ekinbide Etxeak, Tolosako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen ditu Amalur Jardunaldiak; duela 19 urte jarri zituen martxan Alberto Luengo biologo tolosarrak. Mundua hobeto ezagutzeko aukera ematen dute, naturan, bidaietan eta antropologian sakonduz. Aurten, 20. aldiz antolatu dituzte. Urtarrilaren 30ean izango da lehen saioa, eta apirilaren 4ra bitarte, zazpi hitzaldi eta mintegi bat izango dira Topic-en, txotxongiloen Tolosako museoan.

Luengok eskerrak eman dizkie Tolosako Ekinbide Etxeari eta erakundeei, jardunaldietan jartzen duten konfiantzagatik. «19 urte daramatzagu, eta beti bezala, aurten ere puntako hizlariak izango ditugu herrian». Mikel Reparazek, Rosa Maria Calafek, Daniel Landak, Roge Blascok, Francesc Bailonek, Gonzalo Azumendik, Josto Maffeok, Maria Santxezek eta Igone Mariezkurrenak egingo dituzte hitzaldiak. Mintegia, berriz, Pablo Zulaikak eskainiko du.

Hizlariek askotariko gaien ikuspegi, iritzi, istorio eta esperientziak partekatuko dituzte. Mikel Reparazek, Trumpek AEBetan eta munduan izan dezakeen eraginaz hitz egingo du; Rosa Maria Calafek eta Daniel Landak Afrikan garai ezberdinetan egindako bi bidaia aurkeztuko dituzte; Roge Blascok eta Francesc Bailonek inuit herriaren bizitza eta tradizioak azalduko dituzte; Gonzalo Azumendik eta Juncal Alonsok argazkilaritza lanbidearen inguruan hitz egingo dute; Josto Maffeo basamortuaz mintzatuko da; Maria Santxezek landa eremuari ahotsa emango dio, eta Igone Mariezkurrenak Islandian bizikletaz bizitako esperientzia kontatuko du.

Ekitaldi guztiak Topic-eko areto nagusian egingo dira, 19:00etatik 20:30era. Sarrera doakoa izango den arren, erreserba aldez aurretik egitea beharrezkoa izango da. Erreserbak ekitaldi bakoitzaren aurreko astean aktibatuko dira eta Topic-eko leihatilan edo esteka honetan egin ahal izango dira. Pertsona bakoitzeko gehienez lau gonbidapen eskuratu ahal izango dira.

Uda osterako prestakuntza saio bat ere antolatu dute. Oraindik ez dute data zehaztu, baina irailean edo urrian izango dela aurreratu dute. Saioaren inguruko xehetasunak aurrerago jakinaraziko badituzte ere, dagoeneko badu izenburua: Klima-aldaketaren aurrean kontzientzia kritikoa garatzeko bidea.

Erakundeen aitortza

Kepa Goikoetxea Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak erakundeak eskertu ditu, jardunaldiak antolatzeko ematen duten babesagatik, eta publikoki zoriondu du Luengo, «egiten duzun lan eskergagatik, eta talde txiki batekin Tolosara eta Gipuzkoara ekartzen duzun altxorragatik».

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkatearen hitzetan, udalarentzat «luxu handia» da jardunaldiak babestea. «Munduko edozein txokotako ingurumen, politika, gizarte, ekologia eta kulturak ekartzen dizkigu Albertok, etxe ondora». Gainera, urtero, eta saio guztietan, Topic-eko aretoa «txiki» geratzen dela nabarmendu du alkateak. «Hori Tolosan bakarrik gertatzen da», gaineratu du Jose Inazio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko jasangarritasun diputatuak.

Halaber, Amalur Jardunaldien ibilbidea aitortu eta herritarrentzat duten garrantzia azpimarratu du Asensiok: «Ezinbestekoak dira, ezagutzak eta ikuspuntuak partekatu eta kontzientzia kritikoa sortzeko. Gipuzkoan egiten den ekimen bereziena eta argiena da, eta natura, bidaia eta klima aldaketari dagokionez, aurreratuena. Gainera, kontsolidatuta dago, eta inoiz ez da erraza izaten arrakasta mantentzea».

20. Amalur Jardunaldien egitaraua
  • Urtarrilak 30, osteguna. Mikel Reparaz: Trump 2.0 eta Estatu Batuen etorkizuna (euskaraz)
. Mikel Reparaz nazioarteko kazetari eta idazleak, Donald Trumpen bigarren agintaldiaren eragina aztertuko du gatazka globaletan, hala nola, Ukrainako gerran, Palestinako gatazkan eta giza eskubideetan. Reparaz Bruselan eta New Yorken korrespontsal izan da, eta Las Grietas de America eta Amerikaren Arrakalak liburuen egilea da. Reparaz astelehenean edo asteartean itzuliko da Ameriketako Estatu Batuetatik, eta ostegunean Tolosan izango da.
  • Urtarrilak 31, ostirala. Rosa Maria Calaf eta Daniel Landa: Afrikatik bi bidaia (gaztelaniaz). 
Rosa Maria Calaf 40 urtetik gorako esperientzia duen eta AEBtan, Errusian eta Txinan korrespontsal izan den kazetari ospetsua da. Daniel Landa dokumentalista eta 130 herrialde baino gehiagotan espedizioak zuzendu dituen esploratzailea da. Afrikan egin dituzten bidaien bidez, bertan izandako aldaketa sozial eta naturalak aztertuko dituzte. Aurrez ez dira honen inguruan elkarrekin aritu hitzaldi batean; beraz, Tolosakoa izango da lehen aldia.
  • Otsailak 7, ostirala. Roge Blasco eta Francesc Bailon: Inuit herria. Ipar Handiko ehiztariak (gaztelaniaz). 
Francesc Bailon, kultura artikoetan espezializatutako antropologoa da, eta Roge Blasco, bidaietan eta abenturetan aditua den kazetaria. Inuit herri indigenaren bizimodu eta tradizioen inguruko hitzaldia eskainiko dute.
  • Otsailak 13, osteguna. Gonzalo Azumendi: Azumendi unibertsoa. Mundua argazkitan (gaztelaniaz). 
Gonzalo Azumendik, bidaietako argazkilari inspiratzaileenetako batek, bere ibilbide profesionalaren errepasoa egingo du. Bere lanak munduko toki eta pertsonen esentzia harrapatzeko duen grina erakutsiko du.
  • Otsailak 14, ostirala. Josto Maffeo: Hare-granitoak: ezerezean zerbait gehiago dago (gaztelaniaz). Saharako esploratzaile eta kazetari italiarrak, basamortuko nomaden artean bizi izandako esperientzien inguruko istorioak kontatuko ditu. Giza harremanetan oinarritutako lotura eta kontakizunekin, kultura-ulermenari egindako ekarpenengatik Cavaliere titulua jaso du.
  • Martxoak 19 eta 20, asteazkena eta osteguna. Pablo Zulaika: Bidaiarik jasangarriena trenez egiten da. 20 tren bidaia eta bere protagonistak mintegia (gaztelaniaz). 
Pablo Zulaika kazetari eta bidaia kronika ugariren egileak, trenaren bidez egin dituen kulturen, paisaien eta bizimodu berrien inguruko aurkikuntzak aztertuko ditu. Mexiko Hirian bizi da, eta El País edo National Geographic Traveler bezalako hedabideetan lan egindakoa da, bidaia eta jasangarritasunaren arteko lotura arakatuz.
  • Apirilak 3, osteguna. Maria Santxez: Loratzeko ahalegina (gaztelaniaz). 
Maria Sanchez albaitaria eta idazlea da. Desagertzeko arriskuan dauden bertako arrazekin lan egiten du eta lau libururen egilea da. Estereotipoetatik urrun dagoen landa-ingurunearen ikuspegi baten berri emango du, zeinak bere garaian, bideak ireki zituen eta eztabaida bizia planteatu zuen. Ahotsa emango die inoiz entzun nahi ez ditugun pertsonei.
  • Apirilak 4, ostirala. Igone Mariezkurrena: Westfjords: Islandia bizikletaz (euskaraz). 
Igone Mariezkurrena kazetari eta antropologoak Islandiako fiordo urrunetan bizikletaz izandako esperientzia kontatuko du. Groenlandia, Nepal eta Sahara bezalako lekuetara ere bidaiatu du, eta abentura ikuspegi antropologiko eta jasangarri batekin uztartuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!