Bigarren itzulian orain artekoa hobetu nahi du Tolosa Eskubaloiak

Ataria 2025eko urtarrilaren 23a

Gizonezkoen lehen taldea 1. Maila Nazionalean lehiatzen ari da, eta bigarren itzulia hasi berritan zazpigarren postuan daude; urruti dute igoera fasea jokatzeko aukera.

Tolosa Eskubaloiaren gizonezkoen talde nagusiaren denboraldia ez doa guztiz hasieran nahi zuten moduan. Lehen itzulia bukatu berri dute, eta bigarren itzuliko lehen partida ere jokatuta, sailkapeneko zazpigarren postuan daude, 20 punturekin. «Denboraldi hasieran gure helburua gorago egotea zen. Partida batzuk ez zaizkigu ondo atera, eta dinamika horretan sartzen zarenean, ez da erraza ateratzea», esan du Aitor Garcia taldeko kapitainak. Hemendik aurrera dinamika hori haustea da beraien helburua, lehen itzulian galdutako partidak orain bigarrengo itzulian irabaztea.

Asteburuan Labarra-Nikol Pulpo taldearen aurka 30-25 irabazi zuten tolosarrek. «Hasieratik bagenekien beraiek baino hobeto moldatzen ginela, eta irabazteko partida bat zela», esan du Garciak, «eta defentsan partida oso ona egin genuen». Tolosa hasieratik joan zen aurretik, lehen bost minutuetan ondo ez aritu arren. «Hortik aurrera, eta bereziki bigarren zatian, aurretik egon ginen. Zazpi goleko aldearekin joan ginen bigarren zatian, eta bukaeran nahiko lasai aritu ginen, eta eroso bukatu genuen».

Orain arteko denboraldiari begiratuta, goiko taldeen aurka hobeto jokatzen ari direla esan du Garciak, nahiz eta galdu, eta beheko taldeen edota egun sailkapenean beraien mailan dauden taldeen aurka «pare bat akats» izan dituzte. «Hori aldatu behar dugu, gure mailako taldeei gehiago estutu behar diegu bigarren itzulian».

AHAL DEN GORENEN BUKATZEA

Denboraldi hasieran helburua igoera fasea jokatzeko edo behintzat hori lortzeko borrokan izatea zen. «Pare bat edo hiru partida ez genituen irabazi, eta uste genuen urte hasieran irabazi egingo genituela. Beraz, zazpigarren postuan gaude, eta ondo dago, baina bigarren itzulian oso zaila da borroka horretan sartzea», esan du Garciak. «Gainera, goiko taldeak oso maila onean daude. Gure asmoa izango da ahal den posturik gorenean bukatzea sailkapenean».

Tolosa Eskubaloia 1. Maila Nazionalean dago, hau da, hirugarren maila izango litzatekeena. Bigarren Mailara igotzeko fasea jokatzeko lehen bi postuetan bukatu behar da liga. «Nahiz eta ez dagoen hainbeste puntuko aldea, uste dugu goiko postuetan dauden taldeek ez dutela hutsik egingo».

Aurreko denboralditik hiru jokalarik utzi dute taldea, eta denboraldi honetan lau jokalari iritsi dira. Horietatik bi aurretik taldean jokatutakoak, Tolosa Eskubaloia zilarrezko mailan aritu zenekoa, eta bigarren taldetik igo dira beste biak. Guztira hamazazpi jokalari daude. «Joan diren hiru jokalariak garrantzitsuak ziren taldearentzako, eskarmentudunak. Espero genuen aurretik jokatu zuten bi jokalari horiekin beteko genuela esperientzia falta hori, baina justu denboraldi hasieran eta lehen itzuliaren erdialdean bi jokalari lesionatu ziren, minutu asko jokatzen zituztenak, eta hori ere nabaritu dugu», azaldu du kapitainak.

Taldea gaztea izan arren, Tolosa Eskubaloia ez da orain urte gutxi batzuk izan zen taldea. Orduan jubeniletatik jokalari asko igo ziren, eta asko gaztetu zen taldea. «Orain pixka bat konpentsatu dago. Eskarmentua hartzen ari diren jokalariek jarraitzen dute taldean, eta horiez gain, lehen taldera igotzen diren jokalari gazteak daude», zehaztu du Garciak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!