ELKARRIZKETA

«Etapa baten amaiera islatuko du»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urtarrilaren 25a

Jon Tolosa Nikotina taldeko musikaria. A.A.A.

Datorren ostiralean birako azken kontzertua emango du Nikotina taldeak; emanaldi horren ondoren gelditu, eta denbora batez, oholtzak utziko dituzte, disko berria lantzen «buru-belarri» hasteko. Jon Tolosa taldeaz mintzatu da.

Taula gainera 2017an igo zen Nikotina taldea eta duela bi urte argitaratu zuen Mila kolore diskoa. Abesti bilduma horrekin Alegiako gaztetxean emango dute azken kontzertua datorren ostiralean, urtarrilaren azken egunean. Geldialdia etorriko da horren ondotik, baina Jon Tolosa (Tolosa, 2000) musikariak azaldu du «buru-belarri» sartuko direla hurrengo proiektuan: disko berri bat. Azken kontzertua «birako ezberdinena» izango dela iragarri du, eta disko berrian, aldiz, «gauza berriak» probatzeko gogoa dutela.

Nola deskribatuko zenuke diskoa?

Mila kolore izena jarri genion hainbat gai lantzen dituelako eta, horrekin batera, diskoan taldekide guztiak bildu genituelako. Taldean gara Little Martin Selektah, Keif MC, eta nur. Inoiz ez genuen egin disko bat guztiok batera, eta batez ere hori zen ideia: guztiok elkartzea eta gai ezberdinak lantzea. Isa Vanila kataluniarrak ere kolaboratu du diskoan.

Beti bezala Bad Sound Systemeko Stepi Selektah-rekin egin dugu estudioko lana, abesti bat kenduta: Uwadprods-ek ekoiztu zigun Sentimendu sakonenetatik.

Gai sozialak eta pertsonalak landu dituzu abestietan, eta jorratu izan dituzu aurretik ere.

Bai, musikan garrantzitsua iruditzen zait norbera den bezalakoa dela onartzea, eta baita nork bere mugak gainditzea ere. Nire musikarekin bilatzen dudana da jendea elkartzea, ondo pasatzea, eta baita hausnarketa sustatzea ere. Eta ohartzea bizipen antzekoak ditugula, eta norberak beretik besteak ere lagundu ditzakeela.

Nolako bilakaera izan du taldeak?

Hasieratik egon dira Little Martin Selektah, Keif eta nur. Estudioan beti Stepi Selektah egon da eta jende ezberdinarekin ere lan egin dugu.

Hasieratik, lehen diskotik hona esperientzia handia hartu dugu. Kontzertuz kontzertu aritzeak beste gauza batzuetan kontzentratzeko aukera murrizten dizu, eta estudioko lanak ere eskatzen du bere denbora. Gauza berriak probatu nahi ditugu, eta baita abestietarako hitz berriak ere... Orain gauza horietan zentratzeko aprobetxatu nahi dugu.

Hainbat musika estilo lantzen dituzu.

Rapa egiten hasi nintzen, baina ezagututako jendeak reggaea eta dancehall asko lantzen zituzten. Nik, berriz, betidanik denetik entzun dut. Egia da rap estilotik gertu mugitzen naizela, baina ikasten joan naizen heinean melodia berriak nireganatu ditut eta asko gerturatu naiz reggaera eta dancehallera. Nahiz eta abesteko garaian rap kutsu hori eduki, edozein estilotara egokitzen naiz. Abestiarekin lortu nahi dudanaren arabera ere aldatzen da. Ez nuke esango estilo bakar bat egiten dudanik.

Horretan eragingo zuten gainerako taldekideen gustuek ere, ezta?

Hori da, Martin reggae mundutik dator eta hori da berari gustatzen zaion estiloa. Gainerakoen gustuekin ere joan naiz abanikoa zabaltzen eta esango nuke, gaur egun, reggaea eta dancehalla direla nire indarguneak.

Diskotik zein abesti nabarmenduko zenuke?

Izarrik gabeko gauetan abestia, momentu pertsonal zehatz bat azaltzen duelako batik bat. Lehenengo bi diskoak indartsuak izan ziren, eta gelditu gabe ibili ginen. Azken hau berriz gehiago izan da barrenak askatzeko asmoz edo lagun artean egindako kontu bat.

Abesti horretan momentu pertsonal hori islatzen dut: une ilun edo gogor samar bat pasatzen ari nintzela, baina horietan ere garrantzitsua dela ez etsitzea eta argia bilatzea.

Zuzenekoetan nolako erantzuna jaso duzue publikoaren aldetik?

Gertu sumatu dugu eta, bai, horretan zortea izan dugu. Propio bilatzen dugun zerbait ere bada publikoarekin gertuko harremana sortzea, eta hori da gure bereizgarrietako bat. Hori gabe esango nuke ez lukeela zentzurik izango gure musikak. Jendearekin konektatzea lortzen ez dugun momentuan... Hau bukatu dela esango nuke. Guretzat zoragarria da jendeak abestien hitzak bere sentitzea... Abeslari eta entzule arteko lotura hori, hori lortzea da indartsuena.

 

«Propio bilatzen dugun zerbait da publikoarekin gertuko harremana sortzea»

 

Birako azken kontzertua emango duzue Alegian. Nolakoa izango da?

Birako kontzerturik ezberdinena ari gara prestatzen. Hainbat gonbidatu izango ditugu, adibidez, Juantxo Arakama Monsieur LeCrepe, ApanRapa, Ayvee... Eta baita jende gehiago ere.

22:00etan Bad Sound Systemeko Stepi Selektah eta Bit Sound hasiko dira giroa berotzen; eta 00:00etan izango da gure eta gonbidatuen txanda. Egitura ezberdina izango du: hasieratik orain arteko garapena islatuko baitu formatuak. Soinu eta argi teknikari Arkaitz Balda izango dugu, eta bera ere zerbait berezia ari da prestatzen.

Gogotsu gaude, zentzu hori ematen ari garelako kontzertuari. Oso gau hunkigarria izango delakoan gaude, izan ere, etapa baten amaiera islatuko du. Polita izango da, pertsonala, berezia eta harreman hori ez da faltako publikoarekin.

Azken disko horretatik hona SoundMan abestia atera duzu Watsu ekoizlearekin elkarlanean. Nola sortu zen aukera?

Bada denbora pixka bat Watsu ezagutzen dudala. Bion artean ondo moldatzen gara, eta hori musikan oso garrantzitsua da; beste edozein arlotan bezala, harreman ona izatea lan egiten duzun jendearekin sekulakoa da, konfiantza handia lortzen duzulako, gertutasuna... Watsurekin Iñaki Ayerzak egiten du lan, masterizazioak egiten dizkio eta, gainera, nire kuadrillakoa da. Lagunartean egindako kontu bat izan da hau ere. Hori gustatzen zaigu: bidean ezagutzen dugun jendearekin gauzak egitea.

Pixka bat atera da zure ohiko musika estilotik.

Bai, Watsuk ere estilo ezberdinak lantzen dituelako. Nik reggae munduko ekoizleekin egin dut lan batik bat, eta Watsu beste estilo batzuetan mugitzen da gehiago. Polita izan da ni egokitu naizelako beregana, eta bera nigana. Gauza kuriosoak horrelako momentuetan ateratzen dira. Onuragarria iruditzen zait norbere eskemetatik ateratzea.

Etorriko al dira gehiago?

Watsurekin? Bai, bai. Hitz egiten ari gara eta proiektu berrian berarekin ere gauzaren bat edo beste egiteko intentzioa badugu, beraz... Azkena ziur ezetz.

Noizbait sentitu al duzu presiorik kanta gehiago argitaratzeko?

Egia esan bai, sentitzen duzu presio hori. Mila kolore horregatik izan da lagunartean egindako zerbait, behar nuelako presiorik gabe barrenak askatzeko aukera bat. Orain hobeto sentitzen naiz, indartsu. Ikusten dut gelditzeko unea dela, eta ikasitako guztia aprobetxatzekoa, lan berrian buru-belarri sartzeko.

Proiektu berria aipatu duzu behin baino gehiagotan. Zerbait aurreratu dezakezu?

Intentzioa disko berri bat ateratzea da, estilo ezberdinetan enfokatuz eta jende ezberdinarekin lan eginez. Eta zuzenekora begira garapen bat ere eman nahi dugu. Zehazki zein formatu izango duen ezin dut aurreratu, diskoak erabat baldintzatuko baitu. Baina intentzioa da gauza berriak probatzea, eta inoiz baino gehiago lantzea dena: bai zuzenekoa, bai estudiokoa... Potentea izango da.

Eta argitaratzeko datarik ba al duzue?

Ez naiz ausartzen epe zehatzik esatera. Intentzioa da, dena ondo bidean, urtea bukatzerako berriro martxan jartzea. Ikusiko dugu. Bi hilabete gehiago behar baditugu dena ondo fintzeko, bi gehiago hartuko ditugu. Dena ondo findu nahi dugu atera aurretik. Helburua da indartsu itzultzea, eta ondo landutako zerbait ateratzea. Ea urte amaierarako prest gauden berriz indar betean ateratzeko.

«Helburua da indartsu itzultzea, eta ondo landutako zerbait ateratzea»

Laugarren diskoa izango da zortzi urtetan. Izaten al duzue atzera begiratzeko tarterik?

Batzuetan bai, eta eskerrak eman nahi dizkiet hasieratik gurekin egon direnei. Nikotina bezala 2017an eman genuen lehen kontzertua, eta lehen diskoa 2018an atera genuen... Eta eskerrak, baita ere, egon garen gaztetxe guztiei, herriko festetako antolatzaileei, jaialdiei eta plaza guztiei; 
Little Martin Selektah, Keif eta nur taldekideei; Stepi Selektah-ri, Juantxo Arakamari... Eskerrik asko nirekin egon diren guztiei, eta baita etorriko diren berriei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!