Gabonak igarota, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira eta Errege Magoen desfilea baloratu dituzte Tolosako Udaleko Gazteria saileko arduradun tekniko eta politikoek, bi hitzorduen antolaketaz arduratzen den Gure Zirkuko kideekin, eta ikastetxeetako edo aisialdi taldeen parte hartzearekin.
Olentzero eta Mari Domingiren kalejirari dagokionez, helburuak bete dituztela ebatzi dute: «Orokorrean oso balorazio ona egin da, eta bide beretik lantzen jarraitzeko asmoa azaldu da. Ikastetxeek azaldu dute inoiz baino zorion mezu gehiago jaso dituztela». Batetik, begi onez ikusi dute goizean Gure Zirkuko karpan haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin egoteko aukera izatea: «Leku goxoa da, magiaz betea, eta urtetik urtera arrakasta areagotuz doa».
Bestetik, arratsaldeko jarduerak ere egokitzat jo dituzte: ordu erdiz atzeratu zuten kalejira eta «asmatu» dutelakoan daude ilundu izanak «beste xarma bat» eman ziola-eta. Aurten lehenengoz Incansables txaranga atera da bertan, eta hori ere ondo baloratu dute; baita pertsonaia berriak txertatu izana eta Olentzero eta Mari Domingi estalpean joan izana ere.
Hobetzeko, berriz, txanoak egiteko tailerraren antolakuntza seinalatu dute: «Jende asko pilatu zen, eta ezinezko izan zen guztiei arreta ematea».
Errege Magoen desfilea
Urtarrilaren 5ean ere Gure Zirkuan haurrek aukera izan zuten Errege Magoekin egoteko eta gozokiak banatu zizkieten. Bertan soberan geratutako gozokiak desfilearen hasieran bota zituzten, eta nabarmendu dute azken hamarkadan ez dela halakorik egin «arrisku egoerak eta harrapaketak ekiditeko».
Jaiotzen lehiaketari dagokionez, aurten ez zen parte hartzailerik aurkeztu eta ondorioztatu dute parte hartzeko oinarriak lehenago bidali behar dituztela ikastetxeetara, lantzeko denbora gehiago izan dezaten.
Horrez gain, desfilea ordu erdiz aurreratu zuten eta ontzat jo dute hori ere: «Azken argi printzekin bete-betean iritsi ziren laguntzaileak Izaskundik Santa Klarara». Horrekin batera, bi desfileak ordu berean egitea hobetsi dute. Kontrara, pandemiaz geroztik bengala gutxiago erabiltzen direla eta hurrengo urterako kopurua handitzea ere adostu dute.
Animaliak eta ibilgailuak
Zaldirik gabe egin dute aurten Errege Magoen desfilea. Udalak adierazi du aurreko urteetan erabilitako zaldian «bikain» zainduta zeudela eta laguntzaileek «lan aparta» egiten zutela.
Hari berari tiraka gaineratu du animaliak ateratzea ez dagoela debekatuta, baina horretarako baimenak lortzea zaildu egin dela: «Animalien Ongizaterako estatuko legeak animaliei ingurune seguru bat bermatu behar zaiela dio, eta kabalgatan ezin da hori bermatu, espazio guztiz irekian baitaude, eta bi alboetan publikoa baitago». Zentzu berean zehaztu du animaliak erabiltzeko baimena Aldundiak ematen duela: «Neurriak nahikoa ez direnaren ohartarazpena jaso zuen iaz udalak, eta justu-justu lortu zen baimena». Udalak aitortu du zaldiek «ikusgarritasun handia» ematen diotela desfileari, baina «argi» ikusi du «ikusleen eta animalien segurtasuna lehenetsi» behar dituela.
Karrozari dagokionez, berriz, aipatu dute Aurrera elkartearena aukeratu zutela «ikusgarritasun onena» ematen zuelako. Era beran, zehaztu du zalantza izan zutela atzeko aldea atontzearen inguruan, eta horrela utzi zutela berariaz, Aurrera elkartearen irudia ikus zedin, karroza uztea aitortzeko.
Erregeak esertzeko garaieraren inguruan, berriz, hainbat iritzi jaso dituztela adierazi dute, eta iragarri hobetzeko proposamenak lantzea adostu dutela. Bi desfileen kasuan Euskal Herria plazako geldialdia berreskuratzeko ideia ere jaso dute, eta aukera hori ere datorren urteko antolaketara begira aztertuko dutela azaldu dute.
Bildutako guztiek azaldu dute errespetuz egindako kritikak onartzeko eta hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa, eta gogorarazi dute «beti daudela» proposamen berriak entzuteko prest. Bestalde, lagundu nahi izanez gero Gazteria sailarekin harremanetan jartzeko gonbidapena ere luzatu diete boluntarioei zein talde berriei.