‘Dementzia bizitzen’ programa, elkarlanean

Ataria 2025eko urtarrilaren 22a

Dementzia dutenak eta haien zaintzaileak zaintzeko programa aurkeztuko dute, ostegunean kultur etxeko areto nagusian.

‘Dementzia bizitzen’ eritasun hori duten eta beren etxeetan bizi diren pertsonei zuzendutako programa komunitarioa da, zeinak helburu duen narriadura prozesua atzeratzea eta zaintzaileen egoera hobetzen laguntzea.

Aurtengo edizioaren nondik norakoak aurkezteko saio irekia ostegunean egingo dute, 18:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Bertan, xehetasunak azaltzeko eta esperientziak partekatzeko hitza hartuko dute proiektua sustatzen duen Inmakulada Lanbide Ikastolako arduradunek, udal ordezkariek, Tolosaldeko OSIko kideek, boluntario gisa aritzen diren ikasleek, eragile sozialetako ordezkariek eta senideek.

Proiektuaren xehetasunak
Aipatutako helburuetara iristeko, diziplina anitzeko esku hartze saioak eskaintzen dituzte astero, dementzia duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta gaixotasunetik eratorritako behar pertsonal eta familiarrei aurrea hartzeko.

Saioetan jarduera ezberdinak egiten dituzte, besteak beste, naturarekin zein komunitatearekin lotuta, hain zuzen, pertsona horiek aktibo mantentzeko. Izan ere, erabiltzaileek gaixotu aurretik egiten zituzten jarduera osasuntsu batzuk egiten jarraitzea da xedea, bakoitzaren neurrira egokituta, ongizatea eta bizi-kalitatea handitzeko. 

Hiru ardatz abiapuntu
Esku hartze programako jarduerak hiru arlotan sailkatzen dituzte eta bakoitzak arlo zehatz bat estimulatzen du: Mugitzen, Gogoratzen eta Sentitzen.

Mugitzen sailak fisioterapia-programa bati egiten dio erreferentzia. Bertan taldea osatzen duten pertsonen beharretara egokitzen dituzte zenbait ariketa fisiko eta horien bitartez lantzen dituzte artikulazioen mugikortasuna, ibiltzeko autonomia mantentzea eta erortzeko arriskua murriztea, besteak beste.

Gogoratzen atalean esku hartze psikologikoko jarduerak egiten dituzte, eta estimulazio kognitiboa zein gogorarazteko ariketak uztartzen dituzte: arreta, memoria, orientazioa… Bakoitzaren bizipenekin lotutako informazioa erabiltzen dute, eta, horretarako, Inmakuladak aplikazio propio bat garatu du, boluntarioek eta profesionalek informazio hori eskura izan dezaten.

Azkenik, Sentitzen programaren barruan estimulazioa hainbat zentzumenetan lantzeko jarduerak egiten dituzte, horien artean, masajeak, usaimena lantzeko ariketak, errealitate birtuala, musikoterapia eta txakur terapia.

Lanketa elkarlanean
Proiektua Inmakulada Lanbide Ikastolak gidatzen du, besteak beste, udalaren eta gizarte zerbitzuen babesarekin —egitasmoa diruz laguntzeko konpromisoa hartu du udalak—, eta OSI Tolosaldea, eta Buru-bihotzez zein AFAGI elkarteen laguntzarekin. Sare hori garrantzitsua da, izan ere, proiektua beren etxeetan dementzia hasieran dauden pertsonei bideratua dago, batik bat, eta kaptazio egoki eta azkarra egitea garrantzitsua da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!