Irantzu Mantxo (Tolosa, 1972) Algaraklown elkarteko kidea da. Orain gutxi Gipuzkoako Foru Aldundiak Boluntariotza Saria eman dio elkarteari, eta gustura hartu dute aitortza, besteak beste beraien lanari ikusgarritasuna ematen diolako. Ospitaleetara eta zahar etxeetara joaten dira Algaraklowneko kideak, bertan daudenei alaitasuna eskaintzera. Mantxok dioenez, bueltan jasotzen dutena «ikaragarria« da.
Algaraklown taldeari 2024ko Boluntariotza Saria eman berri dio Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zu bertako partaidea zara.
Oso berri ona izan da, espero ez genuena, nik behintzat. Algaraklown umorearen inguruan aritzen den elkarte bat da, eta bereziki ospitaletan eta zahar etxeetan aritzen gara.
Zer suposatu du zuentzat sari hori izateak?
Alde batetik, egiten dugun lanari ikusgarritasuna ematea pozgarria da, eta badago beste faktore bat, ekonomikoa, eta nahiz eta horrenbeste ez izan, jasotzen dugun guztia izugarria da. Egia da saria jaso dugunetik, kide guztiak komunikabideetara joatean ari garela. Behar genuen jendeak ikustea hor geundela, ez horrenbeste gure lana txalotzeagatik, baizik jendeak jakin zezan, behintzat, talde hau existitzen dela.
Ospitaletan eta zahar etxeetan aritzen zarete. Bestelako emanaldiak egiten dituzue?
Taldeko batzuk mundu artistikora dedikatzen dira eta hori da beraien ogibidea, eta beste batzuen kasuan, boluntarioak gara. Eta baditugu beste espazio batzuk non pailazoa edo clowna entrenatzeko erabiltzen ditugun. Algaraklownek puntualki hartzen du parte hainbat ekintzatan, adibidez, minbiziaren aurkakoetan, edo orain gutxi, Donostiako San Silvestre lasterketan.
Nola antolatzen zarete elkartean?
Badago jendea administrazioan eta bestelako esparrutan laguntza eskaintzen duena. Pailazo bezala normalean 10-12 lagun aritzen gara. Taldean zuzendari artistikoa dago, lan konkretua egiten duena ospitaletan, adibidez ebakuntzara haurrekin batera sartuz. Gero, badaude bi pailazo erdi-liberatuak daudenak, sendotasun pixka bat emateko proiektuari. Gainontzeko boluntarioak ekintza puntualetan aritzen gara gehiago, eta hilean behin biltzen gara. Etxeko lanak eginda joan behar dugu.
Nola izaten dira entrenamendu saio horiek?
Kiroletako edozein talderen moduan, entrenamendua behar da. Egoitzetara joaten garenean ez dakigu zer bikotekiderekin joango garen. Gertutasunagatik, ni Tolosakoa izanik, niri jarriko didate Iurreamendira joatea, baina agian ikusten dute beharra Irungo egoitzara joateko beste norbaitekin. Bikotekidea ezagutu egin behar da aldez aurretik, eta hori entrenamenduan egiten da. Zahar egoitzetarako entrenamenduak egiterakoan, hasten gara adinekoentzako kantak ateratzen, garai bateko herri kontuak ateratzen... Gu ere bihurtzen gara adineko pertsonak eta pentsatzen dugu beraiei zer gustatuko litzaiekeen entzutea. Orduan, entrenamendu horietan gu beraien unibertsoan eta beraien istorioetan sartzen gara, eta ikusten dugu bikote ezberdinen artean gure energiak nolakoak diren. Saioa Aizpurua da gure zuzendari artistikoa eta berak ikusten du zein zeinekin moldatzen den ondoen, zer energiak funtzionatuko duen egoitza bakoitzean.
«Gu ere bihurtzen gara adineko pertsonak eta pentsatzen dugu beraiei zer gustatuko litzaiekeen entzutea»
Nola izaten da dinamika, adibidez, zahar egoitzetan? Badakite bertara joango zaretela?
Denetatik dago. Leku batzuetan aurkitu ditugu gu baino animatzaile hobeak daudela, eta modu zoragarrian ezagutzen dituzte egoiliarrak, bakoitzari zer gustatzen zaion... Guri animatzaileek edota erizainek ematen dizkigute pistak zer egin jakiteko: «Xaxatu honekin, edo kanta hau gustatzen zaio, edo Manolo Escobar gustatzen zaio...». Momentuan esaten digutena jasotzen dugu, eta bertako langileek ez badigute esaten ezer, bagoaz pixkana gelaz gela. Batzuk margotzen aurkitzen ditugu, beste batzuk meriendan, batzuk familiakoekin...
Asteburuetan joaten zarete?
Izan daiteke ere astean zehar, arratsaldeetan. Bestelako boluntarioak ere izaten dira: badago jende dezente, adinekoa, boluntario bezala joaten direnak eta ederra da; laguntzen digute, eta jarraitzen gaituzte egoitzan zehar, baita egoiliarrek ere, eta sekulako txaranga sortzen dugu.
Inprobisazioa ere erabiliko duzue. Askotan, energia edo erantzun ezberdinak jasoko dituzue.
Tokatzen bazaigu esparru ireki batean ekitaldi bat egin behar dugula, eta dagoeneko egoiliarrak erdi-zirkuluan zuri begira, baditugu tresnak egoerak inprobisatzeko bi kideren artean. Baina politena hori da, bat-bateko horrekin jokatzea eta hartzea egoiliar bakoitzak ematen dizuna. Adibidez, esaten badizu «garai batean Hernanin dantzatzen ikusi behar ninduzun». Hor berak ematen dizu jokoa, eta galdetzen diozu kanta bat aipatzeko edo abesteko ere, eta dantza egitera ateratzen duzu. Agian barrez lehertzen da gu dantza egiten ikusteagatik, gaizki egiten dugulako, noski. Askotan ez duzu gauza asko behar: beraiei entzutea eta gozatzea nahikoa da.
Nola hartzen zaituztete ospitaleetan? Batzuek agian ez dute ondo ikusiko.
Gehienbat pediatrian izaten gara. Orduan, hori izanik gure esparrua, kontu aldiz ibiltzen gara: nola sartu, noiz, paziente bakoitza nola dagoen... Aldez aurretik ematen digute zerrenda bat, eta isolatuta badago, guk beharrezkoak diren ekipoak janzten ditugu. Gu babesteko, eta batez ere beraiek babesteko; gu kanpotik goaz, eta gutxiena behar dutena da guk haiek kutsatzea edo beraien egoera okertzea.
Aspaldi erabaki zen, gela bakoitzean atea jo beharrean, aldez aurretik beraiei galdetzea ea nahi izango luketen arratsaldean pailazoak sartzea. Horrek gure kontra egin dezake, batzuetan ez dakigulako helduek ala haurrek erabakitzen duten gu gelara sartzea. Algaraklowneko filosofiaren arabera, umeak izan beharko luke azkeneko hitza. Hori izaten da duten aukera bakarra zerbaiti ezetz esateko. Bestela, ospitale batean daude, beste gauza guztien menpe, eta aukera bakarra ezezkoa esateko izaten da ez dutela pailazoa sartzerik nahi. Eta guk ondo hartzen dugu, eman diogulako aukera hori. Baina tarteka gurasoak edo aitona-amonak tematzen dira gu sartzeko. Guk mezua airean harrapatzen dugu: haurrek ez dute nahi, bideo-jokoetan ari direlako edo auskalo zergatik. Orduan, ez zaigu komeni molestatzea eta endredatzea. Momentu horietan aprobetxatzen dugu zaintzaile bezala daudenei kasu pixka bat egiteko, agian beraiek behar dutelako hori, eta alde egiten dugu, badakigu ospa egiten. Ospitalean zailena izaten da gela batetik bestera, adin aldaketetan, gure energiak neurtzea. Halako batean sartzen naiz hiru urteko umetxo batengana, eta izututa dago, minez dago, edo poz-pozik, sekulako aktibitatearekin eta ez zaio komeni guk gehiago piztea. Eta ondoan duzu 12 urteko bat... Horrekin guztiarekin jokatu behar dugu kontu handiz.
Ospitaletako eta zahar etxeetako esperientziak ezberdinak dirudite, baina izango dute antzekotasunen bat.
Begirada garbia daukate. Umeen kasuan, jolasteko gogoa oraindik, eta ezustekoa eta poz hori gu ikusten gaituztenean. Eta zahar etxeetan denetatik ikusten duzu, baita itxuraz jendea oso etsita, oso ilun, baina gero bazoaz eta halako batean eskerrak ematen dizkizu, egun guztian ezer esan gabe egon ondoren. Horrekin bakarrik merezi du. Askotan ez dituzu oso begirada biziak topatuko zahar egoitzetan, baina beharra ikaragarria, askoz behar handiagoa, adibidez.
Nola sartu zinen zu Algaraklownen?
Justu konfinamenduaren aurretik sartu nintzen, orain zazpi bat urte. Lehenengo urtea praktiketan bezala egon nintzen, ospitalean, gainbegiratzearekin. Ez da tontakeria bat. Algaraklownen gauden denok bertan egon nahi dugu, baina gero gauzak ondo egin behar dira, kontu handiz, eta ibili behar zara alde guztietara begira, ez molestatzeko, ez familiak, ez bertako langileak, baina aldi berean bertan zaude umore pixka bat eramateko. Beraz, surf egiten ibili behar zara.
Eta zer suposatzen du zuretzat esperientzia honek?
Saioarekin hasi nintzen, May Gorostiagaren eskutik, Asvineneako eremu hartan orain hamahiru urte. Geroztik ikusten zenuen umore horrek funtzionatzen zuela, adibidez, nire aitarekin, gaixorik zegoenean. Ikusten nuen prest nengoela besteengana hurbiltzeko; nolabait emanaldi batean egiten zenuena beste onuraren bat izatea besteengana. Aita zendu zenean, nire prozesu hori ere pasa behar izan nuen, garai horretan ospitaleak pasatzen nituen baina beste alde horretatik. Nire dolua egin nuenean, eta behin prest nengoenean, hasi nintzen.
Zer jasotzen duzu zuk?
Beti esaten da, baina horrela da: ematen duzunarekin, jasotzen duzuna eta eramaten duzuna ikaragarria da. Boluntariotza guztiarekin esaten da, baina horrela da. Askoz inteligenteagoak izango ginateke horrelako gauza gehiago gure alde egingo bagenitu, benetan asetzen baikaituzte ikaragarri. Laguntzaile eta langile baten begirada, komentarioa, irribarrea, bere errutinatik ateratzea... Egoiliarren begiradak eta momentu bereziak, adibidez eskua ematen dizutenean indarrarekin, horiek ahaztezinak dira. Badakizu familia horientzat momentutxo hori, bakarrik agertzearekin, izugarria dela beraientzat.
Zerk erakarri zintuen clown mundutik?
Orain dela urte dezente hasi nintzen antzerki tailerrean, Tolosako kultur etxean, Elena Aranbarrirekin, eta bertan hamar urte egin nituen. Hamar urte horietan hasi nintzen May Gorostiagarekin eta beste kuadrilla batekin Amarozko Antzerki Astea antolatzen, prestatzen eta parte hartzen. Hau egiten genuen besteak ikustarazteko, baina guk parte hartzeko ere. Behin ama izan nintzenean, atzerapauso bat eman nuen antzerkitik. Antzerkian ikusten nuen, izugarri ikasita, oinarrizkoena: talde batean nola lan egin, arnasketa, gorputz espresioa, dikzioa, oso baliagarri izan zaizkidala gero clownerako. Baina gero hor dago ardura bat taldearekiko, testuaren aldetik, entseguetara joan behar duzula maiztasun oso serioarekin. Eta behin ama izan nintzenean hori ezin izan nuen egin, eta pauso bat atzera eman nuen. May Gorostiaga eta Idoia Sanchez-eta ezagutzen nituen, eta elkartu ziren Asvinenean clown talde bat sortzeko, eta pentsatu nuen bertan sartzeko aukera izango nuela, nire kasa ibiltzeko aukera ote nuen, inor molestatu gabe. Eta hor hasi ginen.
Clownean aritzen zaretenok, clown bihurtzerakoan izen bat hartzen duzue. Zein da zurea?
Xuxu. Hori ere mundu bat da; gogoan dut Algaraklownerako nolabaiteko casting bat egin behar genuela gure izena aldarrikatuz. Nire izena berez Txantxigorri zen; onartu behar dut ez zela batere xuxu, baina bazuen puntu goxo bat. Ni beti ibiltzen nintzen gozogile txapel batekin, eta Pasteliñe izan nintzen garai batean. Ni behintzat lehenengo izenarekin ez nintzen geratu. Nire familia Nafarroakoa izanik, txantxigorria oso arrunta da, baina hemen jendeak oso gaizki ahoskatzen zuen, eta izugarrikeriak esaten zituen. Orduan pentsatu nuen Tolosalderantz gerturatzea, bestela jai izango nuela. Hor gogoratu nintzen xaxuekin eta gure Joxe Marirekin [Gorrotxategi], hitzaren doinua gustatzen zitzaidan, eta neutroa izatea ere bai, emakumea izanik, ez nuen femeninoegia izan nahi. Xuxu gustatu zitzaidan; egun batean taldean aurkeztu nintzen Txantxigorri bezala, eta hurrengo egunean sinatu nuen Xuxu bezala.
Umoreak zer garrantzia du zuretzat?
Nik ez nekien clown izateko balioko ote nuen. Hau da denok daukagun zalantza: ez dakit graziosa naizen. Pailazo izango litzateke edozein pertsona pailazoz jantzi daitekeena. Laster dira inauteriak, mozorro bat jantziko dugu pailazoarena, hartu globo batzuk, edo umeen festara joan tontoarena egitearena. Hori izan daiteke pailazo bat, baina clownak eskatzen du beste teknika batzuk lantzea, nik ez nekizkienak. Eta benetan harrapatzen zaitu. Clown gisa emozio guztietara jo behar duzu, emozio guztiak ondo ezagutu behar dituzu; zureak ondo ezagutu behar dituzu besteei eskaintzeko. Beraz, alferrik ari zara txisteak egiten, tontakeriak egiten, benetakotasunetik ez bada ateratzen; besteari ez dio graziarik egingo. Ez da grazia egitea, baizik batzuetan gaizki pasatzen ari zaren horrekin besteak barre egingo du. Kuriosoa da zer mundutan sartzen zaren. Umorearen beste alderdi bat ikusi dut, emozioekin guztiz lotura duena. Eta emozio horietan beti, ardatz, maitasuna.
Clownak badu zaurgarritasun bat, ezta? Eta jendeak ispilu bezala hartu dezake.
Bizitzan, zer kuriosoa den, kapa pila bat jarri ditugu geure burua babesteko eta besteek gugandik espero dutena izateko. Azkenean, besteak zaintzen zaude, eta bat-batean esaten dizute kentzeko eta kentzeko, desikasteko, bide berriak bilatzeko... Eta, puf, zenbat oztopo aurkitzen dituzun... Erronka zoragarria da, oso interesgarria.
Zeure burua ezagutzeko balio izan dizu?
Bai, eta oraindik ere horretan ari naiz. Esaten da prozesu bat dela, amaigabea. Sartu zara, eta zenbat urte daramatzazun ez dio inporta; bidean zaude, eta ez du inporta zenbat denbora daramazun, etengabeko ikasketa delako. Ni banoa ikasten, ustez, eta jarraituko dut.
«Ez du inporta zenbat denbora daramazun, etengabeko ikasketa delako»
Emozioak lantzerakoan kapa asko kentzen dira, sinesmen asko berrikusi...
Etengabe sorpresak jasotzen dituzu. Bat-batean ariketa batek ez dakit nora eramaten zaituen, eta hor beste oztopo bat topatzen duzu. Zerk eraman nau horrelako erreakzio bat izatera? Eta hor sortzen da landu behar duzun beste zerbait. Etengabe konturatzen zara zenbat beldur ditugun, dena da beldurra. Eta emakumea izanik, agian gehiago, ez dugulako esparru hori oraindik; «gizonak graziosoagoak dira» esaten da, eta berriz ere horrelako mezuak... Kosta egiten da guregan sinestea. Eta ez da asmoa graziosa izatea, baizik zuk nirekin ondo pasatzea, eta kito.
Izan ere, umorea egiteko modu ezberdinak daude. Umorea egiteko modu onak eta txarrak daudela esan daiteke?
Umorearen inguruan urte hauetan ikastaro pila bat egin ditut, jende oso ezberdinarekin, eta bakoitzak ditu bere estrategiak, bere sentsazioak, bere susmoak nola izan daitekeen, nola erantzun dezakezun hobeto ikuslegoarengana iristeko... Mila teoria daude. Baina azkenean denak eramaten zaitu zuk egiten duzuna benetan egitera, eta egiten ari zarela gozatzera. Eta hortik umore gehiago edo gutxiago egingo duzu, baina ez jo txiste errazetara, jendea mintzera edo jendea baliatzea zuk txistea egiteko. Zuk zeure burua jarri, eta zaurgarri sentitzen zarela, ados, hori da jendeari gustatzen zaiona. Azkenean zuk apustua egin duzu zeure irudia jartzeko hor, eta hori da Irantzuk eta Xuxuk landuko duguna.
Irakaslea zara ogibidez. Clowna eta irakaskuntza uztartzen dituzu?
Egoera bakoitzean nire papera tokatzen zait. Etxean ama izatea tokatzen zait, edo bikotekidea, edo alaba, eta eskolan tokatzen zait maistra izatea, Irantzu izatea, baina egia da umoretik edo clownetik ikasi ditudan hainbat gauzek laguntzen didatela ez bakarrik irakaskuntzan, bizitzan ere bai. Laguntzen didate erlatibizatzen hainbat kontu: hau garrantzitsua ote da, zertan nabil buruari eragiten? Oholtzara igotzen garen askotan, urduritzen gara, eta pentsatu behar dugu ea hori benetan transzendentea ote den. Bada, ez. Eta nora doa? Tartetxo bat pasatzera. Ba bizitzan ere berdin. Emozioekin egiten ditugun aldaketa azkar horiek, bat-batean pozik zaudela, eta bat-batean haserre, berriro pozik... laguntzen zaituzte bizitzan. Batzuk egoskortzen dira sentimendu batean: haserre nago eta haserrea pasa arte... Nik horretarako sekulako abilezia daukat, eta erabiltzen dut nire ikasleekin buruari reset egiteko eta zeron jartzeko, eta esateko jarrera hori ez dudala gustuko izan, landuko dugula baina aurrera egingo dugula. Zentzu askotan laguntzen dit.
Amarotzen bizi zara, eta aipatu bezala Amarotz Antzerki Astearekin lotura duzu.
Amarotzen hasi ginen antzerki aste hauek antolatzen, hasi ginen ideiak proposatzen eta lanean. Gerora, May Gorostiagak egin du lan handiena, beraz, bakoitzari emango diogu berea. Antzerki Asteari esker, urtero izan dugu aukera antzezpen bat egiteko. Ama izan nintzen denbora horretan ipuin kontaketak egiten nituen. Antzerkia, ipuin kontaketak eta clowna izan da 26 urtetan, eta zoragarria izan da. Horrez gain, jendea ezagutu dugu: 26 urteetan izugarrizko sarea sortu da. Ez hori bakarrik, bertan ikastaroak egiten genituen, klaseak hartzen genituen astero. Orain klase horiek Intujaikoek Gudari kalera jaitsi dituzte, eta sortu dira bi talde. Horrez gain, May Gorostiagak antolatzen dituenez Zikloia eta Ahoz Aho Jaialdia, ikasturte guztian zehar horrelako gauza zoragarriak ezagutzeko aukera dugu: antzerki talde berriak, zein parte hartzeko aukera dagoenean, Pailaztana taldearekin hor izaten gara.
Ipuin kontaketak egiten ere aritu zarela esan duzu.
Behin antzerkiarekin bukatu nuenean, uste dut garai horretan hasi zela Ahoz Aho Jaialdia, eta narrazioaren inguruan hainbat ikastaro egin ondoren, ipuin kontaketan aritu nintzen. Garai horrek bat egin zuen alaben haurtzaroekin. Eskolara ere joaten nintzen ipuinak kontatzera, Samaniegora Kultur Astean, eta oso gustura sentitu naiz. Gero May Gorostiagak katigatu nau eta ni katigatzen uzten naiz. «Helduentzako kontatuko duzu?», eta nik baietz, eta orain Orbela tabernan, gero Logroñon, gero beste lekuren batean... Gustura.
Inauteriak ere badatoz. Umorearekin lotuta daude, eta Amarotzetik konpartsa batean ateratzen zarete.
Amarotz auzoak aspalditik badu konpartsa bat. Orain alabak helduagoak direla, eta beraien kasa ibiltzen direla, auzotar bezala konpartsara aurkeztu ginen. Hau izango da hirugarren urtea, eta gustura gaude. Orain ere parte hartzen ari gara erabakietan, ea zertaz mozorrotzen garen aurten.
Tolosako inauterietan umorea ardatza da.
Jendeak dituen burutazioak mozorroak sortzeko, gero paperean nola sartzen diren... Nik meritu handia ematen diet. Nik badut entrenamendua, eta badaukat esperientzia, baina asko urtean behin ateratzen dira eta horrelako paperak egiten dituzte. Ehunka pertsona daude, sekulako imajinazioarekin... izugarria izaten da.
«Nik ez ditut tontakeriak egiten, oso serio hartzen dut umorea eta nire lana»
Bakoitzak duen clown hori ateratzeko balio du?
Bai, eta ni harrituta geratzen naiz. Ez zaigu oso seinalatuak izatea gustatzen, bestela jendeak espero du beti zugandik tontakeriak egitea. Eta esan dudana, nik ez ditut tontakeriak egiten, oso serio hartzen dut umorea eta nire lana.