Ur saneamendua hobetzeko lanak egingo dituzte Igerondo kalean

Ataria 2025eko urtarrilaren 20a

Ur garbiak eta zikinak bereiztea izango da lanen helburua; bi hilabeteko iraupena izango dute.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ur saneamenduaren azpiegiturak hobetzeko lanak egin zituen joan den uztailean Tolosako hainbat puntutan: Zuloagan, Rondilla kalean eta San Frantzisko pasealekuan. Bada, orain, Igerondo kalean egingo dituzte lanak.

Ur garbiak (euri urak) eta zikinak (fekalak) bereiztea izango da lanen helburu nagusia, gaur egun guztia hodi berean nahasten baita. Hoditeria berria eginda, euri urak zuzenean Oria ibaira isuriko dira, orain arte bezala; ur fekalak, aldiz, Jon Andoni Irazusta bialeko hoditeri nagusiarekin batuko dira. 

Gaur bertan materiala prestatzen eta ingurua hesitzen hasi dira, eta ondorengo egunetan abiatuko dituzte lanak. Ur Kontsortzioaren arabera, lanek bi hilabete inguruko iraupena izango dute. Trafikoan eragina ahalik eta txikiena izan dadin eta inguruko bulego eta lokaletara sarbidea bermatzeko neurriak hartuko dira.  Oinezkoei dagokienean, pasabide alternatiboak emango dira. Ur horniduraren edozein mozketa beharrezko denean ere, aurrez jakinaraziko du Ur Kontsortzioak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!