Agerraldian, Tolosako Garbiñe Biurrun epaileak eta Zizurkilgo Unai Mendizabal bertsolariak babesa eman diote kanpainari eta esan dute Euskal Herri osoan asko direla «guztiona eta guztiontzat» den hezkuntza publikoaren aldeko hautua egiten dutenak. «Egunotan familiek datorren ikasturteari begira haurra zein eskolatan matrikulatu erabaki behar dute. Guk erantzuna argi dugu: apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde, eta galdera horren erantzunaren bila zalantzan dabiltzan familiei eta baita gizarte osoari ere, eskola publikoa hautatzeko hamaika arrazoi helarazi nahi dizkiegu».
Horiek horrela, eskola publikoa unibertsala dela aldarrikatu eta irekia zein doakoa den oinarrizko hezkuntza eskaintzen duen bakarra dela nabarmendu dute. Era berean, etxeko hizkuntza edozein dela ere euskara duela topagune eta euskal kultura duela ardatz esan dute, «euskaratik eta euskaraz hezteko tokia izango da eskola publikoa». Haurrei egungo jendartean bizitzeko tresnak ematen dizkiela eta ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzen duela gaineratu dute. Inklusibitatea lantzen duela, komunitate osoak parte hartzen duela, parte hartzailea dela eta elkartasuna duela ardatz gehitu dute, eta berritzailea dela esan dute: «hobekuntza eta proposamen anitzi irekia dago. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasten da, talde lanari garrantzia emanez». Bukatzeko begirada feminista duen eredua dutela esan dute eta ingurunearekin guztiz bat egiten duela, «gure herri txikietan edo hiri handietako auzoetan komunitate izaera indartuz».
Pertsona ezagun ugarik bat egin dute eskola publikoaren aldeko aldarriarekin: Oihana Iguaran bertsolariak eta Irantzu Mantxo aktoreak, Katixa Agirre, Jon Arretxe eta Txani Rodriguez idazleek, La Basu, Yogurinha Borova eta Olatz Salvador kantari eta musikariek, Xabier Euzkitze, Kepa Iribar eta Maitane Urbieta kazetariek, Aner Peritz Euzkitze bertsolariak, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Asier Zinkunegi eta Asier Hernandez aktoreek eta abarrek.