Amaiur haur parkeko zorua berritzen ari dira

Ataria 2025eko urtarrilaren 17a

Argazkia: Tolosako Udala.

Foru etorbidearen aldean dagoen egurrezko egitura guztiz aldatuko du herri lanetako brigadak; horrez gain, herriko lehen zabu irisgarria jarriko dute.

Herri lanetako brigadak Amaiur haur parkeko zoruaren zati bat berritzeko lanei ekin die. Foru etorbidearen aldameneko egurrezko egitura guztiz aldatuko dute, hiru arazori irtenbidea eman nahian. Alde batetik, zaborra ez pilatzeko. Egituraren azpian zabor ugari pilatzen zela esan du udalak, egurren arteko zuloetatik erori edo botata. «Zabor hori jasotzeko egitura bera kendu behar izaten zen, eta maiz egiteko zailtasunak zeudela ikusita eta osasungarritasuna bermatzeko, hondakinak ez pilatzeko irtenbide bat eman behar zitzaiola beharrezko ikusi da».

Bestalde, eta batik bat negu garaiko izozte eta euri egunetan, irrist egiteko arriskua izaten zen eremu horretan. «Udaltzaingoak behin baino gehiagotan itxi behar izan du, prebentzioz, Eguberrietan azkenekoz. Tratamenduak ere eman izan zaizkio. Horrez gain, egurretako batzuk egoera kaskarrean zeuden», azaldu du udalak. Forma bereko egitura bat sortuko du orain brigadak, barrutik hormigoiarekin beteko dena, zuloetatik beherantz ezer eror ez dadin. Baldosekin eta egur zatiekin estaliko dute gero. Azpiko instalazioen kanalizazioa egiteko ere aprobetxatuko dituzte lanak.

Lehen zabu irisgarria

Lan hauetaz gain, eta herritar batzuen eskariari erantzunez, zabu irisgarria ere jarriko da parke berean, aurrez hondatutako zabu baten ordez. Gisa honetako lehen zabua izango da Tolosan. Modu horretara, «inklusioan urrats bat gehiago» eman nahi du udalak. Eskaera dagoeneko egina dago eta materiala iritsi bezain pronto jarriko dute. Gainerako elementuetan ere konponketak egingo dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!