Gizarte Zerbitzuetako bulegoak jatorrizko lekura itzuliko dira

Ataria 2025eko urtarrilaren 17a

Argazkia: Tolosako Udala.

Obrak amaituta, materiala Aranburu Jauregitik ohiko bulegoetara eraman ahal izateko, urtarrilaren 23an, 24an eta 27an Gizarte Zerbitzuetako bulegoak itxita egongo dira.

Uztailaren amaieran Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoak Aranburu Jauregira lekualdatu ziren, espazioa berregokitzeko lanak egin ahal izateko. Bada, obrak amaituta, jatorrizko espaziora, hau da, udaletxera, itzuliko dira.

Bulegoetako material guztia leku batetik bestera mugitu ahal izateko, ordea, datorren asteko ostegunetik hasita ez da zerbitzurik emango, harik eta bulego berriak prest izan arte. Urtarrilaren 28tik aurrera ohiko moduan emango da zerbitzua Gizarte Zerbitzuetako ohiko gunean.

Herritarrei eskaintzen zaien arreta eta bertako langileen lan espazio, baliabide eta azpiegiturak hobetzea izan da lanen helburua. Espazioa behar berrietara egokitu da, lan taldea handitu egin baita. Bilera gela berreskuratu ez ezik, itxarongela eta komunak ere berritu dira, irisgarritasuna bermatzeko neurri guztiekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!