«Arrisku larrian jartzen dute herritarren osasuna»

Ataria 2025eko urtarrilaren 16a

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) deituta elkarretaratzea egin dute Tolosako anbulatorioaren aurrean. Osasun langileak eta herritarrak elkartu dira bertan. Gasteizen eta Barakaldon ere mobilizazioak egin dituzte.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan hiru mobilizazio deitu ditu OPA herri plataformak. Hiru puntu nagusi azpimarratu dituzte mobilizazioak arrazoitzerako garaian:

  • 110 osasun-zentroei eragin dieten azken murrizketak.
  • Lehen mailako arretara bideratutako baliabide urriak.
  • Otsailaren 1eko manifestazioan parte hartzeko deia, Osasun publikoaren alde: Promesa gehiagorik ez! Konponbideak orain! lelopean.

OPAk Tolosako anbulatorioaren aurrean salatu duenez, azken Gabonetan «EAE-ko 110 osasun-zentrok murrizketak izan zituzten ordutegietan eta arreta medikoan, eta egoera hori larriagotu egin da arnas infekzioen gorakadaren testuinguruan». Neurri horien ardura,  aurreko gobernuarena eta oraingoarena dela esan dute: «Aurrekoek jarri zituzten eta oraingoek jarraipena eman diote; arrisku larrian jartzen dute herritarren osasuna».

Herri plataformaren esanetan, murrizketa horiek Etengabeko Arreta Guneen itxierei eta hainbat zentrotan dagoen mediku faltari gehitu behar zaizkie. Neurri horien atzean helburu garbi bat ikusten du OPAk: «Lehen Mailako Arreta, gure osasun-sistema publikoaren bizkarrezurra, desegitea eta pribatizatzea».

Eusko Jaurlaritza

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako agintariei, hitz hutsak baino konponbideak eskatu dizkie OPAtik: «Promesak egin arren, egungo Eusko Jaurlaritzak mantendu eta larriagotu egiten du bere aurrekoek hasitako murrizketa eta pribatizazio politika. 2025eko aurrekontuek argi erakusten dute: ehunka milioi euro osasun pribatura bideratzen dira, 2024ko partida handituz».

Errezeta horren aurka azaldu da herri plataforma: «Ezin dugu onartu osasun publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa izateko dugun eskubideak mehatxupean jarraitzea». Horri erantzuna emateko, OPAk hiru manifestazio deitu ditu otsailaren 1ean, aurrez aipaturiko hiru lurraldeetan. Gipuzkoakoa Donostian izango da, 17:00etan, Boulevard-etik abiatuta.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!