Tolosaldea IKTko neskek lehenengo mailako Espainiako Kopan lehiatzeko txartela lortu dute, taldeka lortutako emaitzarik onena berdinduz. Izan ere, 2022- 2023 denboraldian mutilek ere sailkapena lortu zuten, baina Usabal kiroldegiko grebarekin bat egin zuenez, ezin izan zuten bertan parte hartu. Beraz, taldeak lehen mailako Espainiako Kopan igeri egingo duen lehen aldia da.
Azaroa eta abenduan zehar igeriketako bigarren mailako Espainiako Kopa jokatu zen hainbat lekutan, eta bertan 70etik gora taldek parte hartu zuten. Orain jakin berri dute Tolosaldea IKTko neskak sei talde onenen artean sailkatu direla eta horren ondorioz lehen mailarako igoera lortu dute. Mutilen kasuan, hamargarren postua lortu zuten.
Nesken taldea datorren denboraldian ariko da lehian lehenengo mailako kopan, 2025eko abenduaren 19tik 21era, zehazki. Bertan, estatuko 16 talde indartsuk parte hartuko dute eta Tolosaldea IKTko neskak horien artean egongo dira. «Izugarrizko maila duen txapelketa da, maila handiko igerilariz osatutako taldeak daude bertan, gaur egun estatu mailan erreferente diren taldeak hain zuzen ere», azaldu dute klubetik.
Lehenengo mailako kopan igeriketako proba guztiak egiten dira, horietako bakoitzean talde bakoitzeko 2 igerilarik parte hartzen dutelarik. Proban lortutako postuaren arabera, taldeari puntuak ematen zaizkio eta txapelketa amaieran taldekako sailkapena egiten da: lehen 2 taldeak ohorezko mailara igotzen dira, 3 eta 10 postuetan geratzen diren taldeak lehenengo mailan mantentzen dira, eta azken 6 taldeak lehenengo mailatik jaisten dira.
Igoerak «motibazio handia» eragin du klubean, «lanean gogor jarraitzeko ilusioa eta taldea indartzen jarraitzeko helburua handituz». Oraindik urrun dago, baina lehenengo mailan mantentzeko helburua izango du Tolosaldea IKTk hurrengo denboraldiko kopan.