Ero-Etxe Elkartearen XXXVI. Krosa, igandean

Ataria 2025eko urtarrilaren 16a

Eskualdeko korrikalari gaztetxoak biltzen dituen Ero-Etxe Elkartearen Krosa bere XXXVI. urtera iritsi da. Igande honetan egingo da, Tolosan, 11:30etik aurrera. Ohi bezala hiru mailatan banatuko dira parte hartzaileak eta nesken eta mutilen lasterketak egingo dira. San Frantzisko etorbidean hasi eta bukatuko dira lasterketak.

Lehenbiziko lasterketa, 11:30ekoa, infantil mailako mutilen txanda izango da, eta 1.950 metro egingo dituzte. 11:45ean izango da infantil nesken txanda, eta distantzia bera egingo dute. 12:00etan alebin mutilen lasterketa izango da, 1.400 metrorekin. 12:15ean neska alebinena, distantzia bera eginez. 12:25ean benjamin mutilak abiatuko dira, 1.100 metro egiteko, eta 12:35ean, benjamin neskak, beste 1.100 metro egiteko.

Izen ematea eskolen bitartez izaten da, eta gehienek horrela egiten dute. Egunean bertan ere izena eman ahalko da, Laboral Kutxaren parean, 11:00etatik aurrera.

TRAFIKOAN ERAGINA

Krosa dela eta, 10:30-13:00 artean, gutxi gorabehera, trafiko etenak izango dira herrian. Rondilla kalea itxi egingo da 34. zenbakitik musika eskolaren paretik aurrera; garajeetara Inpernu kaletik sartu beharko da. San Frantzisko pasealekuaren lehen erdia ere, Gernikako Arbola lorategien parera arte, itxi egingo dute; tarte hori, gainera, autoz hustu beharko dute herritarrek krosa baino lehen, baita Trianguloa plazako zamalanetako tartea ere.

Zumalakarregi kaleko eta Foru Etorbideko trafikoa ere eten egingo da aipatutako ordutegi horretan, nahiz eta ez diren autoz hustu beharko. Trianguloa plazako garajeek, kontrako noranzkoan egin beharko dute irteera, Zumalakarregitik Zubiberrira, lasterketak ez dauden tarteetan.

Autobus zerbitzuei dagokienez, Santa Klara kalera lekualdatuko da Rondilla kaleko geltokia, denbora-tarte horretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!