Txotx egiteko gonbita zabaldu dute, elkartasunaren truke

Ataria 2025eko urtarrilaren 15a

Kike Mokoroa, Iker Ariznabarreta eta Joseba Lasa aurkezpen ekitaldian. L.C.

Casino elkarteak urtero antolatzen duen Txotx irekiera egingo dute otsailaren 1ean, 20:30etatik hasita, Zerkausian; aurten bildutako dirua DogPoint elkarteari emango zaio.

Tolosako Casino elkarteak zazpigarren aldiz antolatu du helburu solidarioa duen Txotx irekiera. Otsailaren 1ean egingo dute, 20:30etatik aurrera, Zerkausian. Afarirako sarrerak hilaren 20tik aurrera izango dira salgai, 30 euroren truke. Horiek Casino elkartean eskuratu daitezke, astelehenetik ostiralera, 19:00tatik 21:00tara. Guztira, 200 lagun inguruk izango dute tokia, eta beraz, kopuru horretara iritsi arte salduko dira sarrerak.

Eskualdeko hornitzaleei esker, sagardotegiko ohiko menua dastatzeko aukera izango da eta, tartean, zuzeneko musika eta zozketak ere izango dira. Sagardoa, berriz, eskualdeko sei sagardotegiek jarriko dute: Lizartzako Goikoetxea, Asteasuko Sarasola, Adunako Aburuza eta Zabala eta Tolosako Eguzkitza eta Isastegi. Joseba Lasa eskualdeko sagardogileen ordezkariak gonbita eskertu du eta esan du ekitaldi hau «eskualdeko txotx hasieraren erreferentea» bilakatu dela.

Aurtengo uzta «apur bat txikiagoa» izan dela zehaztu du Lasak, eta honek sagardoari «gorputz gehiago» eman diola. «Hala ere, etxe bakoitzak ematen dion ukituarekin aukera polita iruditzen zait eskualdean zer dagoen ikusi eta probatzeko».

HELBURU SOLIDARIOA

Casino elkarteak hiru helbururekin antolatu ohi du ekimena. Batetik, herritarrei jarduera bat eskaintzeko. «Jarduerak ez ditugu etxean bakarrik egin behar, baizik eta kalera atera behar ditugu gainerako herritarrek gozatzeko eta udalerrian egiten diren jarduerei ekarpenak egiteko», adierazi dute antolatzaileek. Bestetik, kidetasun-sentimendua sustatzeko. «Bazkideen arteko harremana estuagoa izatea eta helburu komun baten alde lan egitea ere laguntzen du», gaineratu dute.

Azkenik, Gobernuz Kanpoko Erakunde bati laguntza ekonomikoa eman nahi dio. «Gizarte gisa errealitate batekoak garela ulertzen dugu, eta gure hondar alea ematen saiatzen gara, gobernuz kanpoko erakundeek pertsona behartsuei egiten lagun diezaieten», azaldu dute. Azken urteetan bildutako dirua Zaporeak, Etiopia Utopia, Ibarrako Misio Taldea, Kellesensa, Asdent eta Lerin Solidario elkarteei eman die.

Azken honek iazko edizioan 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jaso zuen, Tolotro proiektuaren bitartez. Jon Arrieta eta Iñaki Lopetegi tolosarrek duela bi urte jarri zuten martxan Tolotro proiektua. Afrikako erdigunera egin zuten bidaia, furgoneta bat bertan uzteko helburuarekin. Ibilbidean zehar, Sahara hegoaldeko zenbait eskualde garatu ahal izateko lanean aritu ziren, eta tartean, Lerin Solidario erakundeak Konakryn (Ginea) duen proiektua ezagutu zuten. Hain justu, erakundeak Gineako Kawewol herrixkari ematen dio laguntza. Bertan ospitale bat ari ziren eraikitzen, eta Casino elkarteak iazko Txotx solidarioan bildutako diruarekin ospitalea amaitzeko aukera izan zutela jakinarazi du Kike Mokoroa antolatzaileak. «Pozgarria da jakitea hemen egiten den lana urtebetean zerbait polita egiteko erabili dela», esan du.

Aurten, DogPoint Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote bildutako dirua. Iker Ariznabarreta Casino elkarteko lehendakariak azaldu duenez, «txakur trebakuntzan espezializatutak irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta autismoa duten haurrentzako txakurren akoplamendua, heziketa eta jarraipena egiten dute». Dirua, zehazki, Panticosan (Huesca) bizi den haur bati emango diote, «txakur berezi baten laguntzaz bere kabuz ibili ahal dezan».

PARALINPIKOEI AITORTZA

Casino elkarteak, gainera, urtero pertsona ospetsu bat gonbidatzen du txotx irekiera egitera. Besteak beste, Juan Martinez de Irujo pilotaria, Julen Lopetegi futboleko entrenatzailea, Nerea Eizagirre futbol jokalaria, Irene Caminos trialeko jokalaria eta iazko edizioan izan ziren Tolosako CF taldeko Gimnastika Erritmikoko kirolariak gonbidatu dituzte. Aurten ere hala egingo dute eta Pariseko Joko Olinpikoetan parte hartu duten kirolari paralinpiko gipuzkoarren ordezkaritza izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!