Asteburuan hirugarren egin du Maier Olano ZU-K Limousin taldeko txirrindulari tolosarrak Espainiako Ziklo-kros Txapelketan, junior mailan. Ez zen karrera berak nahi zuen bezalakoa izan: «Nahiko zorte txarra izan nuen. Irteera ona egin nuen, baina lehenengo itzulia bukatu baino lehen katea atera zitzaidan, eta hor postu batzuk galdu nituen. Katea lau aldiz atera zitzaidan, eta postu asko egin nituen atzera; azken bi itzulietan aurreratzen joan nintzen eta azkenean hirugarren postua lortu nuen. Beraz, azkenean pozik egin nuen atzetik aurrerako lasterketarekin, eta hirugarren postua lortzea berezia izan zen».
Lokatzetan ondo moldatzen da Olano eta Espainiako Txapelketako ibilbidea lokaztuta zegoen. «Banekien niretzako zirkuitua ona izan zitekeela. Nire helburua zen ahal nuen ondoen egitea, eta gustura nago podiumean sartu naizelako», esan du Olanok.
Aurretik, Aiaran, Euskadiko Txapelketa irabazi zuen tolosarrak: «Segituan Iratik [Aranguren] eta nik alde egin genuen, eta lehenengo itzulietan batera joan ginen, eta gero tartetxoa ateratzea lortu nuen, eta hori mantenduz iritsi nintzen lehenengo helmugara». Txapelketa horretan, kadete mailan, ZU-K Limousin taldeko Maixa Odriozola hirugarren izan zen.
Olanok Amurrioko nazioarteko proba irabazi zuen aurretik, eta Flandrian eta Herbehereetan jokatutako Munduko Kopako probetan, 25. eta 28. postuak egin zituen, «sentsazio onak» izanik. Hori baino lehen, Espainiako Kopa irabazi zuen eta hori izan da berarentzat denboraldi bikain honetako orain arteko lorpen garrantzitsuena: «Horrek esan nahi du erregularra izan naizela denboraldian zehar».
Hurrengo ziklo-kros lasterketa, asteburuan, Benidormen (Herrialde Katalanak) egingo den Munduko Kopako proba izango du. Otsailaren 1eko asteburuan Munduko Txapelketa izango da jokoan, eta bertara joateko aukerak ditu tolosarrak.