Joxe Mari Espartzak bere azken liburua aurkeztuko du Lizardi Foroan

Ataria 2025eko urtarrilaren 15a

Argazkia: Iñaki Porto

Tolosako Lizardi elkarteak antolatutako ekimenaren barruan, bihar, kultur etxean aurkeztuko du idazle tafallarrak 'Zumalacárregui y la República de los Pirineos' liburua, 19:30ean.

Tomas Zumalakarregik 1834an penintsulako lau euskal probintzietan Errepublika Federal independente bat aldarrikatu zuela hizpide duten dokumentu berrien agerpena; horixe da Joxe Mari Espartza Zabalegi (Tafalla, Nafarroa, 1971) idazleak idatzitako Zumalacárregui y la República de los Pirineos (Txalaparta, 2024) liburuaren haria. Tolosako Lizardi elkarteak antolatutako Lizardi Foroa ekimenaren barruan, bihar, osteguna, kultur etxean egongo da Espartza, liburua aurkezteko; 19:30ean hasiko da saioa.

Lizardi elkarteak adierazi duenez, «XIX. mendeko foruez eta euskal independentismoari buruz esan den guztia hankaz gora jartzen duen liburua» da Espartzak iaz argitaratutakoa. Xabier Irujo Ametzaga idazle eta irakasle venezuelarrak liburuaren hitzaurrean dio etorkizun independentea izateko eskubidea ukatzen zaion herri orori ukatu egin behar zaizkiola askatasuna berreskuratzeko iraganeko saiakerak ere: «XIX. mendeko gure matxinadak lepo daude foru, nazio-kontzientzia, independentzia eta klase-borrokaz. Hori ezkutatzea da gure menderatzaileen zeregin historikoa. Argitara ateratzea, berriz, gure betebehar morala».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!