Mila bederatziehun eta laurogeita bian hil zen Esteban Muruetagoiena, Guardia Zibilak bederatzi egunez jarraian torturatu, aske utzi eta hiru egunera. 42 urteren ondoren, haren alaba Tamara Muruetagoienak oraindik ez du jaso Poliziaren torturen biktima delako errekonozimendurik, eta hori bera irudikatu nahi izan dute Amaia Merino donostiarrak eta Ander Iriarte oiartzuarrak Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentalean. Iazko apirilean estreinatu zen ikus-entzunezko lana, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian, eta bihar, 19:30ean, Tolosako Leidor aretoan ikusi ahal izango da, Tolosako Udalaren Bizikidetza Sustatzen zikloaren hirugarren saioan. Ondoren, solasaldia izango da Merinorekin.
Animaziozko film labur bat egitea zen hasierako asmoa, baina Tamararen hitzen indarra ikusita, argi izan zuten dokumental bat egin behar zutela. «Bera entzuteak, gure buruan irudiak sortzen lagundu zuen. Erabaki genuen oso egokia zela Tamarak berak gure begietara begira kontatzea gertatutako guztia, eta hori guztia bizitzeko modua», esan du Merinok. Kamera aurrean hizketan hasi zenean, bere kontakizuna dokumentala elikatzeko «egokia» zela ohartu ziren. «Jabetu ginen egiarekin kontatzen dituela gauzak».
Bi zati ditu dokumentalak. Batetik, Esteban Muruetagoienak eta haren familiak jasandako pasarteak; eta bestetik, Tamara Muruetagoienak errekonozimendua, justizia eta erreparazioa lortzeko egin duen eta egiten ari den bidea, elkarrizketa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa aitortzea eta erabiltzea eskatuz. Tamara Muruetagoienak bere bizitzako hainbat pasarte kontatzen ditu dokumentalean, bere aitaren hilketak haren ibilbide profesional eta pertsonalean zer eragin izan duen azalduz. Tamara Muruetagoienaren testigantza da dokumentalaren oinarria. Kamerari begira, plano ertain batean, eserita ageri da.
Horrez gain, beste bi elementu nagusi ditu lanak. Alde batetik, Adur Larrearen ilustrazioek irudikatzen dute kontakizuna. «Tamararen oroitzapenak eta txikitako bizipenak adierazteko oso egokia iruditzen zitzaigun animazioa. Ikusleek istorioarekin enpatia izateko laguntza handia da», azaldu du Merinok.
Tamara Muruetagoiena dokumentaleko une batean. INDARKERIAREN OI(H)ARTZUNAK
Bestetik, Eva Forest idazle eta aktibistak grabatutako zinta batzuk agertzen dira. Zinta haien bidez garai hartako testigantzak jaso dituzte, Esteban Muruetagoienaren autopsiaren eta tortura egunen ostean zuen egoeraren lekuko izan zirenak. «Ezinbestekoak dira sinesgarritasuna emateko. Garai hartako protagonisten ahotsetatik istorioa entzutea beste norbaitek kontatzea baino hobea da», esan du Merinok. Gainera, Jonathan Martinez kazetariak egindako ikerketa baliozkoa izan da dokumentala aurrera eramateko.
Merinok Foresten lana goraipatu du. «Euskal Herrian, aspaldiko partez, jende asko ari da torturaren inguruan lanean, hala nola, dokumentazioan eta elkarteen sorreran. Baina, Eva oso paradigmatikoa izan zen, ahotsa grabatuta utzi zuelako. Horren indarra uste duguna baino handiagoa da». Bestalde, zuzendariak nabarmendu duenez, «estatuan jendeak ez daki Euskal Herrian zer gertatu den. Gure helburua gertatutako guztia egiarekin kontatzea da. Ez da garaia memoria historikoa egiteko. Biktimei sinesten diegu, baina hori jakintzat eman behar dugu, eta ezin dugu beti hori aldarrikatzen ibili».
Kontakizun poliedrikoa
Lehenagotik ere landu izan dute Euskal Herriko gatazka Merinok eta Iriartek. Horren adibide garbia da Karpeta urdinak dokumentala, Iriartek zuzendutakoa –Merino edizio lanetan aritu zen–. Horrez gain, Non dago Mikel? dokumentala ere zuzendu du Merinok aurrez. Donostiarraren ustez, azken lan honek «eragin handia» izan zuen biktimen errekonozimenduaren bidean; dokumentalaren ostean Euskal Herriko torturatuen sarea sortu zen. «Gatazka politikoaren inguruan egin diren dokumental ikusienak izan dira, eta hori adierazgarria da».
Indarkeriaren Oi(h)artzunak lanak beste hainbeste eragitea espero du Merinok. Bere iritziz, Muruetagoienaren kontakizuna «interesgarria eta oso poliedrikoa» da. «Oso ondo adierazten du Euskal Herrian bizi izan dugun gatazka. Ez da izan alde bakarreko edo bi alderen arteko gatazka bat, orain arte margotu diguten moduan. Ikuspegi, ikuspuntu eta sentimendu ugari dituen gatazka izan da».
Zuzendariak aitortu du Euskal Herriko gatazka politikoa «motxila handi bat» izan dela berarentzat, baina «ardatz bat» ere bai. «Askorentzat da horrela, konturatu ala ez, eta kontziente izan ala ez. Garai jakin batzuetan, Euskal Herrian bizi izan garenon artean, gatazka gure bizitzen erdigunean egon da. Ardura horren parte da egiten dugun lana. Ez da gustukoa, baina bai herriak eta gizarteak behar duena. Guk hitz egiten ez badugu, barrutik galdera potoloak eta deserosoak egiten ez baditugu, besteek hitz egingo dute hemen gertatutakoaz, eta gainera, ez da kontakizun sakona izango».
Iaz, 21. Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian, Film Luze Onenaren Ikusleen Saria jaso zuen dokumentalak, baita Amnesty International sariaren epaimahaiaren aipamen berezia ere. «Gauzak ondo egin ditugunaren emaitza da hori. Zinemagintza oso konplexua da. Diru asko behar da, eta lan ugari egitea eskatzen du; gainera, kontatu nahiko genukeen guztia ezin dugu kontatu. Ezezkoak jasotzen ohituta gaude. Behin publikoaren eskuetara heltzen zarenean, eta bere balorazioak onena zarela adierazten duenean, maitatuta eta eskertuta sentitzen zara. Zinemaren bitartez, mezua jendearengana iristea lortzen dugu», adierazi du Merinok.