Trafikoan eragina izango du igandeko Ero-Etxe elkartearen krosak

Ataria 2025eko urtarrilaren 13a

10:30etik 13:00etara bitartean, trafikoa etengo dute Rondilla kalean, San Frantzisko pasealekuan, Foru Etorbidean eta Zumalakarregi kalean.

Igande honetan, urtarrilak 19, jokatuko da Ero-Etxe elkarteak antolatzen duen haur krosa; aurtengoa, XXXVI. edizioa izango da. 11:30ean izango da lehen lasterketa, eta
13:00ak inguru bitarte beste bost lasterketa jokatuko dira.

Krosa dela eta, 10:30-13:00 artean, gutxi gorabehera, trafiko etenak izango dira herrian. Rondilla kalea itxi egingo da 34. zenbakitik –musika eskolaren paretik– aurrera; garajeetara Inpernu kaletik sartu beharko da. San Frantzisko pasealekuaren lehen erdia ere, Gernikako Arbola lorategien parera arte, itxi egingo dute; tarte hori, gainera, autoz hustu beharko dute herritarrek krosa baino lehen, baita Trianguloa plazako zamalanetako tartea ere.

Zumalakarregi kaleko eta Foru Etorbideko trafikoa ere eten egingo da aipatutako ordutegi horretan, nahiz eta ez diren autoz hustu beharko. Trianguloa plazako garajeek, kontrako noranzkoan egin beharko dute irteera, Zumalakarregitik Zubiberrira, lasterketak ez dauden tarteetan.

Autobus zerbitzuei dagokienez, Santa Klara kalera lekualdatuko da Rondilla kaleko geltokia, denbora-tarte horretan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!