30 kidek osatuko dute Alpino Uzturre Trail taldea

Ataria 2025eko urtarrilaren 11

Tolosako elkartearen aurtengo mendi lasterketa taldea aurkeztu dute goizean, bere babesle izango den Asuncion Klinikan. Taldearen bigarren faseko hirugarren urtea izango da aurtengo, eta korrikalari gehienek, bertako probak dituzte begiz jota.

Alpino Uzturre Mendi Elkarteko mendi lasterkarien taldea 2015ean sortu zen lehen aldiz. Taldeak izandako aldaketak tarteko, jendearen joan-etorriak medio, bigarren fase bati ekin zioten 2023an. Aurtengoa, beraz, fase berri honetako hirugarren urtea izango da. Tolosako Asuncion Klinikan, bere babesleetako baten egoitzan, egin dute urte honetako taldearen aurkezpena. 2025ean, Oria Sport Wear kirol-jantzien dendak, Echeveste farmaziak eta Tolosako Udalak ere babestuko dute trail taldea.

Duela bi urte, 50 korrikalariko taldea osatu zuten. Aurten, 30 korrikalariz osatutako taldea ariko da mendi lasterketetan. Uxer Mozo ikaztegietarra eta Ainhoa Egiguren irurarra izango dira taldeko korrikalarietako bi. Mozok adierazi duenez, taldearen helburu nagusia irailean jokatuko den Espainiako Txapelketa izango da. «Horrez gain, korrikalari bakoitzak bere helburu propioak izango ditu; batzuk ultra distantziako lasterketetan ariko dira; beste batzuk, berriz, distantzia laburragokoetan. Alde horretatik, taldeak ez du gutako inor behartzen lasterketa bat edo beste egitera», gaineratu du.

Biek ere, nahiago dituzte udazkena hasi bitarteko lasterketak. «Urte amaieran, eguraldiak laguntzen ez duenez, lasterketetan parte hartu gabe egotea gustatzen zait. Bestela, Tolosaldeko 3 Tontorrak lasterketa daukat begiz jota», esan du Mozok. «Nik ere, maratoi distantziako lasterketetan parte hartzea dut gustuko, eta nire helburu nagusia ere T3T lasterketa izango da», gehitu du Egigurenek.

Irurarrak, gainera, talde baten parte izatearen abantailak azpimarratu ditu: «Kirol hau nahiko bakarkakoa bada ere, lasterketetara talde bezala joateak baditu onurak. Taldean korri egitean, taldekideengandik babestuta sentitzen gara». Talde bat izanik, elkarrekin entrenatzeak lasterketetarako laguntza handia ematen duela nabarmendu du Mozok. Horrez gain, proba desberdinetara taldean joateak onura handiak dituela esan du Egigurenek: «Giro polita izaten dugu, eta elkar gehiago ezagutzeko balio izaten du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!