Euskal musikaren ondarearen altxor handietako bat omentzeko kontzertu berezia antolatu du Arakil Fundazioak. Hain justu, Eduardo Mocoroa musikari tolosarra omenduko du Euskadiko Orkestrarekin batera urtarrilaren 31n, 19:30etan, Leidor aretoan. Nerea Letamendia Arakil Fundazioko lehendakariak azaldu duenez, «helburua ez da bakarrik gure iragana aitortzea, baizik eta belaunaldi berriek ondare hori ezagutu eta harekin goza dezaten bermatzea».
Gauzak honela, ia 20 urteren ostean Tolosara bueltatu eta, lehen aldiz, musikari tolosarraren errepertorioa joko du Euskadiko Orkestrak. Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak aurreratu du «sorpresaz beteriko gaua» izango dela, ezusteko parte hartze eta emanaldiekin. «Mocoroaren musika taularatzea ohorea da guretzat, euskal kulturaren altxok handietako bati omenaldia egiteko aukera baita», gaineratu du.
Goiuri Eceiza Tolosako Udaleko kultur zinegotziak, bere aldetik, ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du: «Horrelako ekitaldiek gure historia balioan jartzeko aukera eskaintzen digute. Mocoroaren lanak taulara ekarriz, gure ondareaz gozatzeko aukera izango dugu. Aukera hobek ez du parekorik».
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Tolosako Udalaren webgunean edo aretoko leihatilan.
Hitzaldia
Mocoroaren figura sakonago aztertzeko, kontzertua baino lehen, urtarrilaren 28an, Eduardo Mocoroa (1867-1959): Pasado, presente y futuro de la música en Tolosa hitzaldia eskainiko du Luis Orduña ikerlari nafarrak, 19:30etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hitzaldian, Mocoroaren musika eta bere garaiko tradizioen arteko loturak aztertuko ditu, baita Tolosako eta Euskal Herriko ondare kulturalarekin duen harreman sakona ere.