Hamar batelekin hasiko du denboraldia TAK-ek

Ataria 2025eko urtarrilaren 9a

Tolosaldea Arraun Elkarteak (TAK) batel denboraldiari hasiera emango dio larunbat honetan. Klubak «ahalmen handia» duela erakusten jarraitzen du, eta aurten ere, denboraldi berria «baikortasunez» ikusten dute.

Guztira hamar talde ariko dira lehian, hiru mailatan banatuta. «Gazteen talentuak prestatu eta garatzeaz gain, hainbat lehiaketatan parte hartzen duten talde ugari» dituela azaldu dute.

Hori horrela, infantil mailan, TAK-ek mutilen talde bat eta nesken hiru talde ditu. Kadeteen mailan ere nesken hiru talde eta neska-mutilak nahastuz talde bat dute, «inklusioa eta arraunlarien garapen integrala indar handiz sustatuz». Jubenil mailan, mutilen talde bat eta nesken beste bat dituzte, senior mailaren atarikoa.

«Gazte hauek klubaren etorkizuna dira, eta arraunarekiko duten pasioak ziurtatzen du Tolosaldea Arraun Elkarteak erreferente izaten jarraituko duela Euskal Herriko arraunean», zehaztu dute TAK-etik. Bide batez, «kirolarekiko eta gazteen garapenarekiko duen konpromisoarekin», Tolosaldean elkarteak «funtsezko zutabea» izaten jarraitzen duela diote, «kirola eta, bereziki, arrauna sustatzeko».

Larunbat honetan izango dute batel denboraldiaren lehen estropada, Errenterian, 12:30ean hasita. Hurrengoak San Pedron, urtarrilaren 18an, eta Zarautzen, urtarrilaren 25ean, izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!