Txirrindularitzaren egoera konponbidean izan daiteke

Imanol Garcia Landa 2025ko urt. 9a, 11:59

Urrian Donostian egin zuten manifestazioaren une bat.

Abenduaren 27an egindako bileran, erakundeen ordezkarien aldetik jarrera aldaketa izan dela ikusi dute Gipuzkoako txirrindulari elkarteetako kideek.

Gipuzkoako txirrindulari elkarteek eta bertako txirrindulariek manifestazioa egin zuten Donostian, urriaren 13an, beraien egoera salatzeko. Aurretik, uztailean, Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko zuzendaritza batzordeko kideek karguak utzi zituzten. Horien artean, Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak. Txirrindulari probak antolatzeko jasaten ari ziren «oztopoak» izan ziren erabaki horren arrazoia. Abenduaren 27an egin zen bilera bat, eta, dirudienez, egoera konpontzeko bidean izan daiteke. «Orain ikusiko dugu esandakoa zertan gauzatzen den», esan du Aiertzak.

Azken bilera horretara iristeko bidea ez da erraza izan. «Egoera okertu egin zen, manifestazioa egin genuen, eta pentsatzen genuen horren ondoren bilera batzuk egongo zirela. Gai guztia geldirik egon da, eta Eguberrien aurretik okertzen joan zen. Oso itxura txarra zuen», zehaztu du Aiertzak. «Azkeneko bileran, abenduaren 27koan, aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Ertzaintzarekin bildu zen gure ordezkaria, eta badirudi beraien jarrera aldatu egin dela».

Bilera horretan gai batzuk onartu zituztela gaineratu du. «Adibidez, 2024an egindako karreretatik txosten negatiborik izan ez dutenak eta ibilbide bera izango duten guztiak onartuta daude. Horrela ikusita, antolatzaile bezala lasaitasun bat baduzu». Hori horrela, iaz eskualdean egindako lasterketak aurten berriro egiteko aukera izango da.

«ESERI ETA ADOSTEA»

Beste gaietako bat gastuarena da. «Kostuak bikoiztu egin dira. Eusko Jaurlaritzak ere ikusi du hori eta prest dago bilera batzuk egin eta gaiari buruz hitz egiteko», esan du Aiertzak. «Ea antolatzaileek laguntza gehiago jasotzen duten lasterketak aurrera eramateko. Azken finean, mobilizazioekin guk hori eskatzen genuen, mahai baten bueltan eseri eta adostea».

Bilera horretan esandakoak orain benetan aurrera eramatea falta dela esan du Aiertzak. «Jarrera aldatu egin dute, badakite zer arazo dauden, eta hitz politak jaso ditugu. Baina orain dela bi urte ere hitz politak jaso genituen, alderdi guztiek esan ziguten arrazoi genuela, baina hitz haiek hitzetan geratu ziren. Esan diegu bilera horretan esandakoei gauza bera ez gertatzeko».

Hemendik aurrera bilerak egiten hasteko ordua dela gaineratu du Aiertzak, eta lehenbailehen egiten hasten badira hobe izango dela: «Guk nahi duguna da eseri eta gauzak adostea, eta ez aginduak eta oztopoak bakarrik jasotzea. Gu gara lehenengoak segurtasuna nahi duguna txirrindulari probetan». Eguberrien aurretik «oso ukituta geunden», esan du Aiertzak, eta orain «askoz lasaiago» daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!