Bi lanpostu sortuko ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko urt. 9a, 07:59

Auzoetako jaietako barraken tasak jaistea ere onartu zuen udalbatzak abenduko osoko bilkuran.

2024ko azken osoko bilkuran Tolosako Udaleko 2025eko lanpostuen zerrenda onartu ondoren, etxebizitza alorreko arkitektoaren eta komunikazio teknikariaren postuak sortuko dituzte.

Tolosako udalbatzak udaleko 2025eko lanpostuen zerrenda onartu zuen abenduko osoko bilkuran, udal gobernuaren aldeko botoekin; oposizioak abstentziora jo zuen. Besteak beste, bi lanpostu berriren sorrera jasotzen du onartutako zerrendak: etxebizitza alorreko arkitekto batena, eta komunikazio teknikari batena. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu bi lanpostu hauek sortzea», esan zuen Josune Sanz gobernantza zinegotziak.

Arkitektoarena goi mailako lanpostua izango da, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak Sailari lotua, eta Etxebizitza teknikariaren lanpostuaren osagarri gisa. Etxebizitza publikoen sustapenaren arloko lan teknikoak egingo ditu, besteak beste, etxebizitza eta eraikin hutsen bilketarako eta orubeak eskuratzeko azterketak egitea, Alde Zaharreko Plan Integralean etxebizitza alorreko erronkei aurre egiteko proiektuak lantzea, eta etxebizitza berrien edota birgaitzeen obra-proiektuak idaztea.

Komunikazio teknikariari dagokionez, gaur egun kanpo zerbitzu baten bidez egiten diren lan batzuk, udalak zuzenean egiteko sortuko da, egiturazko beharra baita komunikazioarena. Udalarentzat ez da kostu gehigarri bat izango: lanpostu honi dagokion kostua estaltzeko, kanpo zerbitzuen kontratuaren kostua bere osotasunean helburu horretara bideratzeaz gain, publizitate instituzionalerako dagoen poltsa erdira murriztu da. Besteak beste, kanpo komunikazioko lanak egiteaz gain, gainerako sailekin elkarlanean udaleko webgunearen edukiak eguneratzeko funtzioa izango du.

Ainhoa Dominguez EAJko zinegotziak «desadostasuna eta kezka» azaldu zuen. «Komunikazio teknikariaren lanposturako beharren justifikazioa ez zaigu nahiko sendoa iruditzen. Ez dugu uste udal komunikazioaren egitura handitzea beharrezkoa denik, urtean 72.000 euroko kostua izango duen lanpostu berri bat sortuz. Horrez gain, aurrekontuetan aurreikusita dago 60.000 euroko inbertsio bat, webgunea egokitzeko. Orokorrean, proposamenak ez die udalaren benetako beharrei erantzuten, eta ez du zerbitzu publikoa guztiz hobetuko», adierazi zuen.

Dominguezek gaineratu zuen administrazio publikoan lanpostu berri bat sortzeak «epe luzerako konpromisoa» eskatzen duela. «Horregatik, sakonago aztertzea eskatzen dugu». Sanzek erantzun zion «udal gobernuaren hausnarketa luze baten ondorioa» dela erabakia. Kanpotik kontratatutako enpresak 828 ordu eskaintzen zizkion udalari urtean, 47.000 euroko kostuarekin. Lanpostu berriak 1.592 ordu aurreikusten ditu, 72.100 euroko aurrekontuarekin. Askoz eraginkorragoa izango da komunikazioa; publizitateari baino garrantzi handiagoa emango diogu». Andu Martinez de Rituerto alkateak gehitu zuen teknikariak egiten duen lanaren «erabateko kontrola» izango duela udalak.

Halaber, giza baliabideen esparruan, lanpostuen balorazioa berrikusteko araudia hasieraz onartu dute. Udaleko lanpostu guztiak bost urtez behin berrikusteko aukera izango da, eta udal gobernuak plangintza bat egingo du urtero. Urtarrilean abiatuko dira lehen lanpostuen berrikuspenekin.

Barraken tasak

Bestalde, herri jabari publikoaren erabilera pribatiboari eta haren aprobetxamendu bereziari dagozkien tasen ordenantzaren aldaketak onartu dira, aho batez. Orain arte inauteriek eta sanjoanek tasa berezitua izan ohi zuten ferietako salerosleentzat; bada, aurrerantzean, auzoetako jaietako tasak horiekin parekatuko dira, bi helbururekin: alde batetik, ferietako salerosleentzat auzoetako jaiak erakargarriago egitea; eta bestetik, herritarrei begira, barraketako txartelen eta bonuen salneurriak jaisteko oinarria jartzea. Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordenantzaren aldaketak, berriz, erreklamazio bat jaso zuen jendaurreko epean. Alegazioa onartu du udalbatzak, udal gobernuaren aldeko botoekin.

Berazubiko belarra

Xarles Iturbe EAJko zinegotziak adierazi zuen Tolosa CF-k abenduan egindako ohiko batzarrean hizpide izan zutela 2023ko maiatzean hartutako erabakia: Berazubiko futbol zelaian belar naturala artifizialagatik aldatzea. «Indarrean dagoen zuzendaritzak hausnarketa eta posizionamendu bat eskatu zion udalari. Kontziente gara Tolosa CF-k ezin duela arazo hori bakarrik kudeatu, eta pausoak eman ahal izateko, beharrezkoa duela udalaren laguntza eta konpromisoa».

Iturbek irudipena du gaia «biribilgune» batean sartu dela. «Azterketak luzatu eta luzatu ari dira, udalak erabakirik hartu behar ez izateko. Nik dakidala 2023an hartutako erabakitik egungo zuzendaritza, behinik behin, ez da milimetro bat bera ere mugitu». Alkateak erantzun zion azterketa bat eskatu zutela. «Ekonomikoki ez dago alde handirik. Itxarotea gomendatu digute, bi urte, eta oraingoz, zenbait interbentzio egin dira zelaian. Ikusiko dugu soluzio teknikoek zer norabide hartzen duten». Martinez de Rituertoren ustez, belar naturala belar artifizialagatik aldatzea «Tolosa CF-k eman diezaiokeen erabileratik harago doan dilema» bat da. «Futbol sailaren ustez, egin nahi dituen entrenamendu guztiak egiteko, ez dauka nahikoa Usabalgo zelaiarekin, baina atletismo sailekoek ere Berazubin entrenatzen dute. Aldaketa eginda ere, ezin izango litzaioke erabilera intentsiboa eman Berazubiri, futboleko eta atletismoko entrenamenduak ez direlako bateragarriak».

Alkateak «beharrezkotzat» jo du zenbait urrats ematea: «klubeko sail bakoitzak bere beharrak mahai gainean jartzea, belar naturalaren eta artifizialaren abantailak eta desabantailak kontuan hartzea, Tolosan sustatu nahi dugun kirol ereduaz hausnartzea, datozen urteetako umeen kopuruak kontuan izatea, herritarren iritzia jasotzea eta ingurumen jasangarritasuna eta finantziazio bideak aztertzea». Horren inguruan iritziak jaso ondoren, erabaki bat hartuko dutela aurreratu du. «2025ean etxeko lanak egingo ditugu, eta bitartean, kirol sailak eskatu beharreko diru laguntza guztiak eskatuko dizkio aldundiari».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!