Osasun publikoaren aldeko manifestazioak egingo dituzte

Ataria 2025ko urt. 9a, 07:59

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak mobilizazioak antolatu ditu otsailaren 1erako; Gasteizen eta Bilbon goizez izango dira, eta Donostian, berriz, arratsaldean.

Osasunerako eskubidea «arrisku larrian» dagoela adierazi dute Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek. Manifestu baten bidez azaldu dutenez, «Eusko Jaurlaritza estrategia orokorra garatzen ari da osasun-sistema publikoa desegiteko eta pribatizazioa bultzatzeko». Estrategia horrek, zerbitzu publikoaren kalitatea hondatzea eskatzen duela gaineratu dute, eta horregatik zailtzen dutela zerbitzurako sarbidea edo ez dutela erreferentziazko profesionalen jarraikortasuna errespetatzen, «etengabe txandakatzera behartuz eta horrela Osakidetzaren izen ona eta ospea ahulduz».

Horrez gain, osasun langileen lan baldintzak okerragotu egiten dituela jakinarazi dute, «kudeaketa autoritarioko eredua nabarmenduz eta herritarrok erabakietan parte hartzeko dugun eskubidea urratuz». Honela, manifestaziorako deia egin dute eta OPA Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak (Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma barruan dago) bat egin du honekin. Otsailaren 1ean egingo dituzte mobilizazioak Euskal Herriko hiru hiriburutan; Gasteizen 12:00etan egingo dute, Bilboko plazan; Bilbon ere 12:00etan elkartuko dira, Bihotz Sakratuan; eta Donostian, berriz, 17:00etan, Bulebarrean.

Osasungintza sektore pribatuaren eskuetan jartzeak osasun publikoa ahultzea dakarrela diote, «baliabide ekonomiko garrantzitsuak kentzen baitzaizkio». Horrez gain, egoera honek saihestu daitezkeen erikortasuna eta heriotza-tasa handitzen duela aipatu dute, «kostuak areagotzen ditu, osasun-jardueren osotasuna desegituratzen du eta historia kliniko indibiduala pobretzen du, osasun-arretaren informazioa negozio pribatu askoren eskuetan sakabanatuz».

Plataformen ustetan deigarria da estrategia horrek lehen mailako arretan duen eragina, «osasun laguntzaren %80 artatzen baitu». «Mendekotasun-zaintza ez aipatzeak edo osasun-eragile sozialetan esku-hartze faltak larritu egiten dute ereduaren funtzionamendu egokia. Bestalde, langileen eta jendartearen parte hartzeko ezintasunak eta giza baliabide eta baliabide ekonomikorik ezak eredu hori definitzen zuten funtsezko elementu gehienak kentzen dizkiote ereduari».

Estrategia horretan kokatu dute «Osasun Zentroen eta Etengabeko Arreta Guneen ordutegien murrizketa, zentroen itxiera orokortuak, medikurik gabeko zentroak, arreta jasotzeko beste udalerri batzuetara egindako joan-etorriak edo hainbat espezialitateko profesionalik eza».

Honen aurrean, Osasun Sailak egoera hori zuzentzeko interesik ez duela jakinarazi dute: «Osasun Sailaren 2025eko aurrekontua %0,35 igo da, aurreikusitako 2024ko benetako gastuarekin alderatuta; Sailburuak pandemiaren aurreko itxaron-zerrendak berreskuratuko ez direla iragarri du; 2028ra arte profesional medikuen aurreikusitako defizita eta 2035ean aurreikusitakoa berreskuratzea; Erakunde Sanitario Integratuen (ESI) egungo eredua mantentzea; zerbitzuen probatizazioa mantentzeko borondatea, 2025ean altxor publikoko ehunka milioi desbideratuz; eta era berean, lehen kanporatuak berreskuratzeari uko egitea».

NORABIDE ALDAKETA

Osasun Sistema Publikoak norabide aldaketa bat behar duela eskatu dute, eta horri heldu behar zaiola Euskal Osasun Itunaren Mahaitik harago: «Premiazko arazoek eskatzen dituzten konponbideez gain, mahai horrek beharrezko egitura aldaketak adostu beharko lituzke osasun publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa bermatzeko».

Halaber, Euskal Osasun Ituna kudeaketa eredu gardena eta parte hartzailea garatzeko gai izan beharko lukeela esan dute eta, horretarako, aipatutako mahaiak hurrengo neurriak aplikatzeko gai izan beharko lukeela: «Pribatizazioa geldiarazi eta sistema publikoari baliabide ekonomiko gehiago eman, Lehen Mailako Arreta indartu, langileen lan-baldintzak hobetuz eta plantilla nahikoa, egonkorra eta prekarizatu gabea bermatuz».

«Gaur egun promesa asko entzun ditugu, baina ez dugu aldaketarik ikusten», esan dute. Hori dela eta, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek eta zenbait eragileek uste dute beharrezkoa dela mobilizazioei eustea, «egoera hori salatzeko eta osasun sistema publikoa defendatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!