Etxean grabatu du disko berria Euskal Barrok Ensemble taldeak. Zubiaren gainean dagoelako jasotzen du izena etxeak; eta etxetik, diskoak: Zubinea. Nortasun zigiluari eutsi eta antzinako musika abiapuntu, zazpi abesti jaso dituzte bilduman, horien artean, euskal kantutegi tradizionaleko zenbait eta Enrike Solinis zuzendariak sortutako bi.
Astebetean ondu zuten diskoa eta iazko azaroan, argitaratu. Solinisek aipatu du taldean urte asko daramatzatela elkarrekin —2006an sortu zuten— eta «berehala» ulertzen dutela elkar: «Hartualdi bakarrean egin genuen. Kantak aurretik osatuta nituen eta berehala ulertu zuten zer nahi nuen. Postprodukzio lan pixka bat egin dugu, baina gutxi. Durangoko Azokarako zerbait eduki nahi genuen eta horixe atera da». Taldeko buruaren hitzetan diskoa «erraz» entzuten da eta ez dute bilatu «berebiziko» abestirik.
Kantak sortzeko prozesuari buruz, lana «ohiko moduan» egin duela azaldu du Solinisek: «Konposizio aldetik, hartzen ditut herriko doinuak eta antzinako eskemetatik pasatzen ditut. Horrela herriko musika eta antzinako musika uztartzen ditut, eta emaitza entzulearentzat hurbilekoa izango da». Aurretik argitaratutako diskoen aldean, berriz, aitortu du folkera gerturatu dela lan berri honetan: «Hainbatek zentzu negatiboan seinalatu dit hori, estilo horretatik aldentzea nahi dutelako. Baina oso gustura nago emaitzarekin eta beste kolore bat da gure diskografiaren barruan».
Iragana gaurkotzen
Bereizgarri egiten duten ezaugarriei jarraiki, euskal kantutegi tradizionaleko zenbait doinu hartu eta antzinako ukituekin jantzi ditu. Horren erakusle da, esate baterako, Jauzirello abestia, zeina erritmo aldetik ezpata dantza bat den, baina nahastuta dagoen Veneziako (Italia) eskuizkribu bateko melodiarekin. Ez da, gainera, Solinisek erreskatatu duen eskuizkribu bakarra, antzera osatu baitu Kontradantza abestia ere: «Izatez, Oñatiko dantza bat da, eta hemen ere nahastu ditut Errenazimendu garaiko beste eskuizkribu batetik ateratako esaldi batzuk».
Itsasoa eta Urzo luma euskal abesti tradizionalak ere jaso dituzte bilduman; ez, ordea, zertzelada propiorik gabe. Solinisek azaldu du Itsasoa abesteko bigarren melodia bat ere existitzen dela, zeina dagoeneko galduta dagoen. Bada, doinu hori berreskuratu du kantutegi batetik eta horrela osatu dute abestia: «Hitzak ez ditugu aldatu, baina melodia ezberdina da erabat. XVI. mendeko musika esaldi batzuk ere gehitu dizkiogu, eta oso polita geratu da, lasai-lasaia». Diskoan bi kanta horiek dira, hain zuzen, hitzak dituzten bakarrak.
Enrike Solinis: «Etengabe gordetzen ditut bidean topatzen ditudan gauzak [...] besteak beste, melodiak, esaldiak...»
«Musikari ezberdinekin aritu naiz lanean, eta etengabe gordetzen ditut bidean topatzen ditudan gauzak. Horien adibide dira, besteak beste, melodiak, musika esaldi batzuk...», horrela hitz egin du Solinisek antzinako musikatik ateratzen dituen ukituen inguruan. Gaineratu du mota askotako errepertorioa jo duela ibilbidean zehar eta buruan iltzatuta geratu zaizkiola zenbait pasarte. Melodiak uztartzeko erraztasuna duelakoan dago musikaria, baina ahaleginetik ere baduela onartu du: «Zaila egiten ez bazait ere, askotan berariaz ematen diot kanta herrikoi bati antzinako ukitu hori. Hori da nire leitmotiva, disko guztietan errepikatzen den nire zigilua. Erdi Aroko eskuizkribuak, galdutako melodiak... Nire bizioa dira».
Ezagutu ahala zabaldu
Musika klasikoaren mundutik datorrela-eta, folk estiloaren kontzeptua ez duela atsegin aipatu du Solinisek: «Uztartzea alboka bat eta gitarra akustiko bat, eta biak soinu plano berean jartzea eta bolumen aldetik parekatzea... Ez zait gustatzen, ez dut naturaltasunik sumatzen». Eta bide beretik gehitu du, erritmoari dagokionez ere, ez zaiola gustatzen «Mendebaldeko edo rock estiloko» perkusioa.
Kontrara, folk mundutik «musikaren kolorea» hartu dutela zehaztu du, eta abestietako konponketak «nahiko modalak eta errazak» direla: «Dena hartualdi bakarrean grabatu dugu eta mikrofonoak nahiko gertu jarri ditugu. Instrumentuak, berriz, erabat biluzik daude; ateratzen den bezala grabatu dugu soinua. Hori da niri gustatzen zaidan kontzeptua». Aurreko diskoaren aldean, berriz, berria «modernoagoa» delakoan dago taldeko zuzendaria: «Moderno deitzerik baldin badago, behintzat [barrez]».
Euskal Barrok Ensemble 2006an sortu zuen Solinisek, Bilbon, eta aitortu du «hasierako intentzioa» ez zela musika herrikoira «hainbeste» gerturatzea. Haren hitzetan «barrokoagoa» zen estiloa hasieran, eta gerora gerturatu da herriko musikara: «Hasieran Bach, Vivaldi, Hendel... Horiek ziren nire hizkuntza. Baina iraganeko rockero hori ere beti mantendu dut; hori naiz ni. Batetik eta bestetik aritu naiz ikertzen, musikari ezberdinak ezagutu ditut eta horrek ere baldintzatu nau». Zentzu horretan, Miren Zeberiok —taldeko kide eta haren bikotea— asko eragin diolakoan ere badago; azaldu duenez, biek ala biek partekatzen dute musika erregistro zabala, estilo barrokoarekiko hurbiltasuna eta baita herriko musikarako eta ekialdeko doinuetarako zaletasuna ere. Ezaugarri horietatik abiatuta laburtu du Solinisek taldearen ibilbidea: «Jarrera ortodoxotik abiatu eta zabaldu egin gara. Denetariko musika landu, musikariok elkar ezagutu eta horrek eraman gaitu gaur egun egiten duguna egitera».
Esku bete proiektu
Zubinea diskoaz gain, beste hainbat proiektu ere badituzte esku artean, esate baterako, Juan Kruz Igerabide idazlearekin elkarlanean Xirribit ipuin musikatua ondu eta Gasteizen estreinatu zuten iazko azaroan; eta, aipatutakoez gain, beste disko bat ere argitaratuko duela aurreratu du Solinisek: «Klasikoa izango da oso, barrokoa; garai bateko instrumentu batekin grabatu dut». Eta biribila biribiltzeko, beste nobedade bat: Euskal Herriko orkestra barrokoa sortzeko asmoa. Musikariak adierazi du dagoeneko «aurreratu samar» dagoela proiektua eta horrekin ariko dela aurrerantzean lanean buru-belarri. Gogobeteta hitz egin du egitasmo berriaren inguruan, eta 2026an estreinatzen ahaleginduko direla ere aurreratu du.
Berriak bakarrik ez, aurretik martxan jarritako proiektuei buruz: Euskal Barrok Ensemble taldearen lanak argitaratzeko sortu zuten Erlea argitalpen espazioa Solinisek eta Zeberiok 2023an. Euskelelea lanarekin urratu zuten jarduna, eta bide beretik etorri dira ondorengoak. Solinisek adierazi du Erlea ez dela «apustu ekonomiko bat», baizik eta gauzak euren erara egiteko bitarteko bat: «Helburua ez da etekinak lortzea; sinesten dugun horretan aurrera egiteko bitarteko bat da. Sistemaren kontra zoaz, horrek dakarren guztiarekin, baina ilusioa egiten zigun gauzak gure erara egiteak». Lan egiteko modua «erabat artisaua» dela nabarmendu du taldeko zuzendariak, eta gogobeteta hitz egin du orain arteko jardunari buruz.
Izan du, ordea, kritikarako tarterik ere. Abenduan Durangoko Azokan izan ziren eta musikariak seinalatu du ez zegoela «postu bakar bat ere» antzinako musikari eta musika klasikoari buruz: «Gazteentzako musikari lekua egin behar zaio, jakina, baina egitura aldetik sustatu beharko lirateke aukera gehiago. Gaztea azokara sartu eta ez badu ikusten existitzen zela zerbait Negu Gorriak taldearen aurretik...». Eta harago, koruen musikarekin ere gabezia bera sumatu zuela nabarmendu du. «Penagarria iruditu zitzaidan, eta are gehiago Euskal Herrik dituen konpositore handiekin: Arriaga, Anchieta... Nazioartean nabarmendu dira eta hemen ikusgai ere ez jartzea... Hutsune handi bat baino gehiago, amildegi bat erakusten du».