Manex Civico eta Maria Lasa azkarrenak, Tolosan

Ataria 2024ko abe. 31a, 20:45

Tolosarra eta irurarra izan dira onenak Tolosako XXVI. Elkartasun Krosa lasterketan; ehunka lasterkarik parte hartu dute. Bildutako dirua Zutani elkartearentzat izan da eta Miren Larrarte pilotaria omendu dute.

Urtero moduan, gaur, Urte Zahar egunean, eskualdeko herri askotan egin dituzte San Silbestre lasterketak. Tolosan, kirolak eta elkartasunak bat egin dute urtea agurtzeko. Samaniego eta Orixe ikastetxe publikoetako kirol batzordeek udalaren laguntzaz antolatuta, XXVI. Elkartasun Krosa egin da. Aurten ere, ehunka korrikalari bildu ditu ekitaldiak; salgai jarri zituzten 1.000 dortsaletatik gutxi batzuk geratu dira jaberik gabe.

Helduen lasterketan, gizonezkoetan, Manex Civico tolosarra izan da garaile, bigarren, Ander Garin alegiarra izan da, eta hirugarren, Joseba Olaetxea tolosarra. Emakumezkoetan, Maria Lasa irurarra izan da txapeldun, Nerea Murua altzotarra helmugaratu da atzetik, eta hirugarren, Izaro Perurena tolosarra. Kadeteen mailan, mutiletan, Josu Harfield izan da onena, Amets Arruti eta Joanes Valenciaren aurretik. Nesketan, berriz, Aitana Aierbe eta Maria Aramendi izan dira azkarrenak; biak batera helmugaratu dira, eskutik emanda. Hirugarren, berriz, Ane Ariznabarreta izan da. Bi kategoria horiez gain, benjamin, alebin eta infantilen mailako lasterketak ere jokatu dira Tolosan.

Lasterketak amaituta, sari banaketa ekitaldia egin dute. Iaz bezala, Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta sortutako trofeoak banatu dituzte. Hain zuzen, Orixeko ikasleek diseinatu dituzte, eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu. Mozorrorik onenak ere saria izan du, eta hainbat otordu zozkatu dituzte parte hartzaile guztien artean.

Bildutako dirua, Zutanirentzat

Krosak helburu solidarioa du. Hori dela eta, bildutako dirua pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen alde lan egiten duen Zutani elkartera bideratuko da. Tolosaldeko 200 bat familiari ematen die arreta, adin, kultura eta genero guztietako Tolosaldeko boluntario talde baten lanari esker. Justizia soziala lortzea, pobrezia desagerraraztea, gosearekin amaitzea, elikadura eskubidea bermatzea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, emakume migranteak gizarteratzen eta ahalduntzen laguntzea edota elkarbizitza bultzatuz herria sentsibilizatzea dira, besteak beste, elkartearen helburuetako batzuk.

Miren Larrarteri aitortza

Urtero moduan, kirolari bat ere aitortu dute Samaniegok eta Orixek. Aurten, Miren Larrarte Maioz pilotariari egin diote aitortza, bere kirol ibilbide eta lorpenengatik. Bere dedikazio, ahalegin eta pilotarekiko grina inspirazio iturri direla nabarmendu dute antolatzaileek.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!