Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) neguko topaketa kontzertu-bira mardul batekin amaituko du, eta tartean, Tolosan datorren astelehenean, abenduaren 30ean, kontzertua eskainiko du. Donostian (urtarrilaren 2an), Gasteizen (urtarrilaren 3an) eta Bilbon (urtarrilaren 4an) ere izango dira kontzertuak.
EGOtik azaldu dutenez, kontzertu hauetarako programetan «interes didaktiko eta artistiko handiko piezak» konbinatzen dituzte. Kontzertuari, Benjamin Britten britainiarraren Gazteentzako orkestra gida lanak emango dio hasiera. «Henry Purcell konpositore barrokoaren lan batean oinarritua, erreferentzia ezin hobea da orkestra sinfoniko baten atal instrumentalak ezagutarazteko», esan dute. Pieza horrek Kepa Errasti aktorearen partaidetza izango du, orkestra osatzen duten instrumentu eta sekzioen ezaugarriak azalduko dituelarik.
Aipatutako lanaren ondoren, EGOk Ludwig van Beethovenen 7. Sinfonia interpretatuko du, «konpositoreak berak bere lanik onenetako bat bezala definitu zuena. Sinfonia liluragarria da, bai bere klasizismo zorrotzagatik, eta baita bere energia sutsu eta erritmikoagatik ere; hori dela eta, Richard Wagnerrek dantzaren apoteosia bezala deskribatu zuen».
Kontzertu-biraren aurretik, EGO osatzen duten gazteak Musikenen elkartuko dira, ondoren interpretatuko duten programa ongi prestatzeko. Horretarako, EGOko kideek, lehen mailako formazio sinfonikoetatik datozen musikari profesionalek osatutako lan taldea izango dute euren alboan, musikari gazteei beren esperientzia eta ezagutza emateko prest. Besteak beste, London Symphony Orchestra-ko, Amsterdamgo Royal Concertgebouw-eko, Scottish Chamber Orchestra-ko, zein Euskadiko Orkestrako, Bilbao Orkestra Sinfonikoko eta Galiziako Orkestra Sinfonikoko profesionalak ariko dira gidaritza lan horietan.
Neguko topaketan eta ondorengo biran, Iker Sanchez maisu gonbidatua izango da zuzendaria, lehen aldiz. Oraingo honetan, zuzendari gisa itzuliko da EGOra, interprete gazte gisa orkestran parte hartu ondoren. Bere ibilbide profesionalak -hainbat orkestra garrantzitsurekin eta nazioarteko proiekturekin lankidetzan aritu izan da Sanchez- balio handia ematen dio topaketa honi.
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) Euskal Herri osoko musikari gazteak biltzen dituen proiektu hezitzaile eta artistikoa da. 1997an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, BBK Fundazioarekin, Kutxarekin eta Vitalekin batera sortu zuenetik, herrialdeko kultura eta musikaren garapenari egindako ekarpenagatik eta orkestra arloan interprete gazteentzako bikaintasun-plataforma izateagatik nabarmendu da. 2020 urtetik, Ruben Gimeno da EGOko zuzendari artistikoa.
EGOko musikarien zerrendan bi tolosarren izenak agertzen dira, Manex Gorostegi eta Aitor Zabala perkusio-jotzaileak.
Tolosako kontzertua datorren astelehenean, abenduaren 30ean izango da, Leidor aretoan, 19:00etan. Urtarrilaren 2an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da emanaldia, 19:30ean. Urtarrilaren 3an, berriz, Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan, 19:30ean. Eta, azkenik, topaketa amaitzeko, urtarrilaren 4an, Bilboko Euskalduna jauregian izango da kontzertua, 19:30ean.