140 igerilari XXIV. Paco Sanchez Sarian

Ataria 2024ko abenduaren 23a

Tolosaldea IKTko igerilariak, XXIV. Paco Sanchez Sarian.

Tolosaldea IKT taldekoek errelebokako proba irabazi zuten.

Larunbatean XXIV. Paco Sanchez Saria izan zen jokoan Usabal igerilekuan, Tolosaldea IKT taldea antolatuta. Guztira bost taldetako 140 igerilari inguru izan ziren parte hartzen bertan, horietatik 65 Tolosaldea IKTkoak. Guztira 32 domina lortu zituzten eskualdeko igeri taldeko kideek. Horrez gain, Tolosaldea IKTk Paco Sanchez Sariaren kopa eraman zuen, erreleboka jokatzen dena. Bertan bost taldeetako 12 igerilarik parte hartu zuten, sei neska eta sei mutil, hainbat adinetakoak, eta bakoitzak 50 metro egin behar izan zuen igeri.

Parte hartu zuten beste taldeak Zarautz, Buruntzalddea, Taso (Zumaia) eta Amaya (Iruñea) izan ziren. Alebinek (2012-2013) eta benjaminek (2014-2015-2016) parte hartu zuten. Alebinek bi proba egin ahal zituzten, eta benjaminek proba bakarra, eta adinaren arabera distantzia aldatu egiten zen.

Tolosaldea IKTko Beñat Bidaola entrenatzaileak azaldu du «oso gustura» daudela igerilariek egindakoarekin: «Teknikoki asko hobetu dute irailetik. Adin horietan denborei ez diegu garrantzirik ematen, baizik eta nola hobetzen ari diren bere igeriketa».

Eguberrietako Nazioarteko Saria

Tolosaldea IKTkoen hurrengo hitzordua abenduaren 27an egingo den Eguberrietako Nazioarteko Saria izango da. Bertan maila handiko igerilariek parte hartzen dute. Donostian egingo da lehiaketa, 50 metroko igerilekuan. Talde moduan Euskal Herriko Selekzioak parte hartzen du, eta bertako kide bezala ariko da Unai Zubeldia Tolosaldea IKTko igerilari tolosarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!