Tolosan euskara gaitasuna handitzea eta erabilera indartzea helburu

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abe. 19a, 16:00

2025-2034 arteko indarraldia izango duen Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoa aurkeztu dute. Bost ardatz estrategiko, 39 lan ildo eta 160 egitasmo jasotzen ditu, euskara Tolosako ohiko hizkuntza izan dadin.

Hurrengo hamarkadarako Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoa aurkeztu dute, gaur, Tolosako Udalak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. 2025etik 2034a amaitu bitarteko bide orria izango da, helburu argi batekin: euskara gaitasuna handitzea eta erabilera indartzea, euskara izan dadin Tolosako ohiko hizkuntza. Asteleheneko osoko bilkuran aztertuko dute hura onartzea.

Hiru oinarri ditu planak. Batetik, aurrez egindako lana. Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak adierazi duenez «plana ez da ezerezetik sortu». Oinarrian «diagnostiko- eta kontraste-lan handia» dagoela eta «etorkizuneko aldaketei adi» osatu dela esan du. «Badakigu aldaketa garaian gaudela, datozen urteetan Tolosak aldaketa demografiko eta sozial handia izango duela, eta egoera horri erantzun behar zaio hizkuntza politikaren aldetik ere», gaineratu du alkateak.

Bestetik, plana definitzeko «anbizioa eta erantzukizuna» nabarmendu ditu Martinez de Rituertok: «Euskal Herriko eskualderik euskaldunenetakoa da Tolosaldea, eta horrek aukera ematen digu hizkuntza politikan pausoak emateko, baina erantzukizuna ere bada. Izan ere, guk egiten ez badugu, nork? Eta hemen egiten ez bada, non? Urrats aurrerakoiak egiteko arduraz jokatzea dagokigu».

Azkenik, elkarlana aipatu du alkateak: «Plan estrategikoa ez da udalarena soilik; elkarlanean osatutakoa da. Herrian eragitea du helburu, eta horretarako, eskuz esku aritu beharko dugu erakundeok eta eragile sozialek. Gauzatu ere, elkarrekin gauzatuko dugu. Gobernantza berriaz hitz egin bakarrik ez, praktikatu ere egin nahi dugulako».

Diagnostikoa aberasteko, «sukalde-lan handia» egin dutela azaldu du Garbine Marzol Euskara Saileko zinegotziak: «Udaberrian parte-hartze prozesuak ireki genituen. Batetik, galdera ireki bat egin zitzaien herritar eta eragileei, eta, bestetik, zazpi interes talderekin talde-eztabaidak egin genituen. Prozesu horietan, 80 herritar eta eragile baino gehiagok egin dituzte proposamenak. Behin plan berria landuta, adituekin eta eragileekin ere kontrastatu ditugu ekarpenak».

Prozesu horietan, honako helburu osagarriak zehaztu dituztela esan du Marzolek: «euskararen transmisioa ziurtatzea, ikasleen gutxieneko euskara-gaitasuna bermatzea, euskal hiztun aktibo gehiago izatea, euskaratik urrun dauden herritarrak hurbiltzea, euskaraz bizitzeko aukera handiagoa ematea, arnasguneen beheranzko joera etetea, euskararen eta euskal kulturaren prestigioa handitzea, eta ingurune digitalean euskarazko edukien eskaintza eta eskaera areagotzea».

Bost ardatz

Bide orria egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Aroa markoa hartu du udalak oinarri modura. «Izan ere, asmoa da beste erakundeek egiten dituzten planekin lerrokatuta egotea», azaldu du Marzolek. Zinegotziak aurreratu du hedadura zabala duela planak: 5 ardatz estrategiko, 39 lan ildo eta 160 egitasmo jasotzen ditu.

Gobernantza da lehen ardatza. Lau helburu zehaztu dituzte alor honetan: euskara agenda publikoan jartzea, zeharkako hizkuntza politika garatzea, hizkuntza aniztasuna eta harrera egoki kokatzea, eta ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzea. Maier Ugartemendia Uemako kideak azpimarratu du «erronka handiak» direla. «Herritar etorri berrien harreran pausoak eman behar ditugu eta kulturartekotasuna landu behar dugu, baita arnasgune diren auzoetarako irizpide propioak prestatu ere», esan du Ugartemendiak.


Bigarren ardatza jarrera eta motibazioa da. Igor Agirre Galtzaundi Euskara Taldeko koordinatzaileak adierazi duenez, bi helburu nagusi ditu: «batetik, herritarren artean euskararen aldeko jarrera areagotzea eta hiztunen portaeretan eragitea; bestetik, euskarari eta euskal kulturari buruzko pertzepzio positiboa lantzea eta ikusgarritasuna handitzea». Agirreren arabera, arlo horretan pausoak eman dira urteotan, baina aurrera begira dituzten erronka batzuei heldu nahi diete plan honen bidez: «ikastetxeetan egiten ari garen kontzientziazio-lana handitzea, herritarrak euskararen alde aktibatzeko bide berriak lantzea, eta euskarara hurbildu ez diren sektoreak erakartzea».


Ezagutza eta gaitasuna
 da beste ardatzetako bat. Esparru honetan bi helburu finkatu dituztela esan du Ugartemendiak: «euskararen eta euskal kulturaren transmisioan eragitea, eta euskara ikasteko aukerak indartzea». Transmisio lana, gainera, familia-transmisiotik harago ere landu nahi dutela azpimarratu du, «besteak beste, kulturaren arloan edota memoria historikoaren ikuspegitik».


Laugarren ardatza erabilera da. Agirreren esanetan, hiztunei «euskaraz eroso aritzeko aukera ematea» da arlo honetako helburu nagusia. Horretarako, hainbat bide jorratuko dituztela aurreratu du Galtzaundiko koordinatzaileak: «babesguneak sortzea, zaintzaren arloan eragitea, arlo sozioekonomikoa indartzea, aisialdia eta kirola, hedabideen arloan jauzia ematea edota euskarazko kultur ekimenak indartzea».

Ikerketaren esparrua izango da azken ardatza. «Kaleko erabileraren neurketa egiten aitzindari izan da Tolosa, eta urtez urteko serieak jarraituko du datozen urteetan ere», esan du Agirrek. Hori osatu egingo dela gaineratu du. «EHU eta Soziolinguistika Klusterra ikerketa bat egiten ari dira Tolosako kaleak nola aldatu diren eta horrek erabilerari nola eragin dion aztertzeko, eta datozen inauterietan ere egin nahi da erabilerari buruzko diagnostikoa».

Garatu eta gauzatu

Marzolen arabera, «handiak dira erronkak», eta horiei erantzutea izango dute helburu. «Hamar urteko ikuspegia du, eta pausoz pauso garatuko dugu. Plan estrategikoa garatzea ez ezik, gauzatzea izango da benetan garrantzitsua. Konpromisoa daukagu hori egoki egiteko eta aldian-aldian jarraipena egiteko».

Jarraipen hori hiru modutara egingo dela aurreratu du Euskara Saileko zinegotziak. «Batetik, urtero kudeaketa-plan bateratu bat egingo dugu hiru eragileon artean; urteko ekintzak jasoko ditugu, eta bakoitzaren balorazioa ere egingo dugu. Bestetik, 2029an, planaren bosgarren urtean, ebaluazioa osatuko dugu, ordura arteko balorazioa egiteko eta egokitzapenik behar ote duen ikusteko. Azkenik, planaren indarraldiaren azken urtean ebaluazio sakona egingo dugu, eta hurrengo planera begira jarriko gara». Planak eta ebaluazio horiek, gainera, Euskara Kontseiluan aurkeztuko dituzte, kontseiluak jarraipena egin dezan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!