Aitor Aldalur Agirrezabala (Tolosa, 1991) futbolaria Indiako Keralako Super Ligan lehiatzen aritu da azken hilabeteotan, Malappuram taldean.
Hara joan aurretik, India futbolarekin lotzen al zenuen?
Nik orain ezagutu dut Indiako futbola. Azken urteotan bertan jokatzen aritu den lagun bat dut. Pasa den udako merkatuan aukera atera zitzaidan lagun horren bitartez, eta animatu egin nintzen. Agenteak baditugu, baina hango futbolera ez dira iristen. Lagun honek izen handia du, eta Malappuram taldeko zuzendari teknikoarekin nire inguruan hitz egin zuen.
Abuztutik abendura bitarte aritu zinen bertan. Zer lehiaketatan?
Keralako estatuan Super Liga sortu dute aurten, Malappuram taldea ere sortu berria da, eta oso gustura egon gara bertan. Indian Super Liga dago, eta hori da lehen maila, eta bigarren mailak I-Liga izena du. Keralako Super Liga sortu berriak bigarren mailari telebista eskubideak kendu zizkion, eta sona handia izan du, partidak irekian eman direlako.
Nolako emaitzak lortu zenituzten?
Ez ziren oso onak izan, baina esperientzia ona izan zen. Finalerdietara ez ginen sartu, eta pena handia izan zen, berez gure taldea liga irabazteko diseinatu baitzen. Pertsonalki oso gustura egon naiz, eta horrekin geratzen naiz.
Taldeko kapitaina izan zinen, gainera.
Guk kapitain bat bagenuen, oso ezaguna, eta lehen mailako Super Ligan urte askotan jokatutakoa. Partida baten aurreko beroketa saioan lesionatu egin zen, aldagelara joan ginen, eta entrenatzaileak niri eman zidan besokoa. Kuriosoa izan zen.
Atzerritik joandako zenbat jokalari zeundeten?
Guztira sei geunden taldean, baina zelaian zegoen hamaikakoan gehienez lau egon zitezkeen. Bi euskaldun, hiru espainiar eta brasildar bat geunden taldean. Gure artean ere lehia bazegoen nork jokatuko zuen gehiago eta nork gutxiago. Nire aldetik minutu guztiak jokatu nituen, eta gustura nago.
Zein postutan jokatu duzu?
Hor aldaketa izan nuen. Espainiako Ligako hainbat mailatan lehiatu dudanean eskuin alboko atzelari bezala aritu izan naiz, 2009an Sansen debuta egin nuenetik. Eta Indian, erdiko atzelari edo erdiko erdilari moduan aritu naiz. Oso gustura aritu naiz, Tolosa CF-n futbolean hasi nintzenean erdilari bezala aritzen nintzen eta. Ilusioa egiten du beste posizio batzuetan aritzeak. Normalean atzerritik joandakoek taldeko bizkarrezurrean jokatzen zuten, erdiko postuetan.
Alde handia zegoen atzerritik joandakoen eta bertakoen futbol mailaren artean?
Bai, asko nabaritzen zen. Kontzeptuen aldetik, adibidez. Hemen, Realeko harrobian futbolean jokatzen erakutsi digute, zuk zure kabuz izan dezakezun talentuaz aparte. Beraiek ez zituzten batzuetan kontzeptu orokorrak ere ezagutzen, eta hemen ezagutu dugun lehiakortasun hori ez zenuen ikusten. Beraiei laguntzen eta ni egoerara egokitzen saiatzen nintzen. Bertako jokalariak aholku eske etortzen zitzaizkigun, eta ikusten zen hobetzeko jarrera hori bazutela.
Nolako baldintzak zenituzten klimari dagokionean?
Egia esan inoiz pasatako bero handienak sufritu ditut bertan. Hezetasun handia zegoen; egoitza batean bizi ginen, eta ondoan genuen entrenatzeko zelaia. Egoitza barruan ondo, aire egokituarekin, baina kanpora entrenatzera ateratzen ginenean segituan izerdi patsetan jartzen ginen. Partidak arratsaldeko zazpi eta erdietan jokatzen ziren, baina hala ere beroa egiten zuen. Partida bakoitzean bi edo hiru kilo galtzen genituen.
Hemendik aurrera zer asmo duzu?
Liga horrek arrakasta izan du, eta datorren urtean talde gehiagok parte hartuko dute. Esan didate bertara joateko, baina kontua da abuztuan hasten dela. Beraz, orain urtarrilean beste liga batean aritzea da asmoa. Futbolariok ezin dugu hainbeste hilabete geldirik egon. Orain joaten naizen taldean ikusiko da nola nagoen, eta bertan jarraituko dudan. Bestela, ateak irekita daude Indian.