Tolosako Udalaren berriak WhatsApp bidez jasotzeko aukera izango da aurrerantzean

Ataria 2024ko abenduaren 18a

Irudia: Tolosako Udala

2025etik aurrera, Gabonen ostean, abiatuko da zerbitzua, euskaraz nahiz gazteleraz, eta badago jada kanaletara harpidetzeko aukera, Tolosa.eus webgunean; harpidetzen direnek, udalak bidalitako albiste edo alerten berri izan ahalko dute.

Tolosako Udalaren berriak telefono mugikorrean jaso ahal izango dira aurrerantzean. Difusio kanalak sortu dira WhatsApp-en, herritarrekin komunikatzeko bide zuzenagoa eta bizkorragoa eskaintzeko helburuarekin. Udalari eta udalerriari lotutako aktualitatearen berri emango da WhatsApp bitartez. Udaleko berri garrantzitsuenak ez ezik, alertak, mugikortasunari lotutako abisuak edo intzidentziak ere jakinaraziko da.

Norabide bakarreko kanalak dira; hau da, soilik udalak bidalitako mezuak ikusi ahal izango dituzte harpidetzen diren erabiltzaileek, ez beste inorenak. Pribatutasun ikuspegitik, gainera, inork ezingo du jakin nor dagoen kanalean harpidetuta.

Gabonak pasa ostean hasiko da zerbitzua, baina badago jada kanaletara harpidetzeko aukera. Bi aukera daude, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa.

Honako urrats hauek jarraitu behar dira harpidetzeko:

  1. Sartu dagokion kanalean, goian zehaztutako esteketako batean klikatuta. Euskarazko kanala lehenesteko dei egiten du udalak.
  2. Behin kanalaren barruan egonda, onartu harpidetza.
  3. Jakinarazpenak aktibatzeko, sakatu goian agertzen den kanpaia.
  4. Edozein unetan eman daiteke baja, kanalaren ezarpenetatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!