elkarrizketa

«Agindua zen paketerik gabe itzultzea; denak entregatzea»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko abe. 19a, 19:59

Interneteko salerosketak aspaldi utzi zion nobedade izateari; eta batek baino gehiagok izango ditu begiak, egunotan, jarraipen-zenbaki bati itsatsita. Forbes aldizkariaren arabera, munduko hirugarren pertsonarik aberatsena da Jeffrey Bezos, Amazoneko sortzaile eta zuzendaria.

Tximiniatik behera baino gehiago etortzen dira opariak, azkenaldian, txirrina jo eta eskaileretan gora. Amazonek azpikontratatutako banaketa enpresa batean egin zuten lan Enekok eta Iñigok (asmatutako izenak) 2021eko udan. Kontatu dute, besteak beste, banatzeko 50 bat pakete izan zituztela lehen egunetan. 

Nolakoa zen jarduna?
Iñigo. Errenterian furgoneta hartzen genuen, ondoren, Oiartzunera joaten ginen, biltegi batera, paketeak hartzera, eta hortik egokitzen zitzaizun ingurura.
Eneko. Niri normalean Donostia tokatzen zitzaidan. 
Iñigo. Baita niri ere, baina gerta zitekeen han izatea entrega gehienak eta azken biak, adibidez, Hernanin. 
Eneko. Donostia bera ere eremutan banatuta zegoen.

Egunero egiten zenuten lan?
Eneko. Hori ere... Bezperan abisatzen ziguten lan egin behar genuen edo ez. 
Iñigo. Gaueko hamarretan deitu zidaten, behin, hurrengo egunean lanera joan behar nuela esanez. Eta ez zegoen ezetz esateko aukerarik. 
Eneko. Gertatu izan da, baita ere, lanera abiatu eta esatea ez dela beharrezkoa joatea. 
Iñigo. Badaezpadako langile-postu modukoak zituzten. Whatsapp talde batera bidaltzen zuten zerrenda bat, non azaltzen zuten nork joan behar zuen, nork ez eta ibilbide-kode bat.

Zenbat pakete banatzen zenituzten egun bakoitzean?
Eneko. Hasieran gutxiago: 50 bat pakete izango ziren. Horrek ez zuen esan nahi 50 geldialdi zirenik, bakoitzean, zortea izanez gero, pakete bat baino gehiago entregatzen zenuen. Baina bukaerarako 90 bat geldialdi izaten genituen egun bakoitzean. 
Iñigo. Gainera edozer izan zitekeen: agian geldialdi batean hiru zorro txiki zenituen, eta telebista bat. Eta bakarrik moldatu behar zenuen.
Eneko. Zure paketeak bukatzen ari bazinen, eta beste batek asko bazituen, hura laguntzera joan behar zenuen. Eta paketeak ere aldarazten zizkiguten. 

Eta furgonetak aparkatzeko?
Eneko. Ahal zen moduan; eta, askotan, liskarrak izaten genituen udaltzainekin eta TAOko langileekin. Trikimailuak ikasten dituzu pixkanaka [barrez]. 
Iñigo. Ez ziguten ezertan laguntzen, norberak moldatu behar zuen bere kasa. 
Eneko. Agindua zen paketerik gabe itzultzea; denak entregatzea. 
Iñigo. Eta hiru intzidentzia baino gehiago izanez gero, kaleratu egiten zintuzten. Ez zegoen batere ondo ikusita paketeak biltegira itzultzea.

Langile asko al zineten?
Iñigo. Amazonentzat hiru banaketa enpresak egiten zuten lan, azpikontratatuta; eta gu haietako baten langile ginen. Enpresa bakoitzak bere baldintzak ezartzen zituen: batzuei TAO ordaintzen zieten; guri, adibidez, ez. Banatzen genituen pakete guztiak Amazonenak ziren.
Eneko. Mugikorra ere guk jarri behar genuen; ondorioz, Interneta ere guk ordaintzen genuen. 
Iñigo. Bi aplikazio instalatu behar genituen nahitaez: batek eguneko geldialdiak erakusten zituen, GPS moduko bat; eta besteak, Mentor izenekoak, nola gidatzen genuen neurtzen zuen. 
GPS aplikazioaren bitartez ikus zezaketen, denbora errealean, zein pakete entregatu genituen eta uneoro non geunden. Eta Mentorrek uneoro neurtzen zuen nola gidatzen genuen: bat-batean edo leun frenatzen genuen, bihurguneetan berdin, azeleratzerakoan ere bai... 

Jarduna, beraz, erabat kontrolatzen zuten.
Eneko. Behin denda batzuetan entregatu behar nituen paketeak eta, itxita zeudenez, bazkaltzeko geratu nintzen. Bada, pixka bat aldendu nintzen ibilbidetik eta deitu egin zidaten galdetuz ea non nengoen eta aginduz ibilbidetik ez aldentzeko.
Iñigo. Bazkaltzeko... Aplikazioak sei ordu edo pasatakoan abisu bat iragartzen zuen jateko ordu erdiko atsedena zenuela esanez. Lehen egunetik esan ziguten mezu horri kasurik ez egiteko. Askotan egokitu zitzaigun gidatu bitartean ogitartekoren bat edo jatea. Atseden handirik ez zegoen. 
Eneko. Asegururik ere ez genuen. Kolpeak eta isunak zuzenean soldatatik kentzen zizkiguten. Eta gainera furgonetak ez zituzten konpontzen; txikituta zeuden guztiak. 
Iñigo: Konturatu ginen langile bakoitzak argazkiak ateratzen zizkiola furgonetari, hartu aurretik. Badaezpada, eurena ez zen kolpeen errurik ez izateko.

Bitxikeriak ere gertatuko zitzaizkizuen.
Iñigo. Batek esaten zuen txiza egiteko plastikozko botila bat eramaten zuela, eta furgonetan bertan egiten zuela.
Eneko. Nomina ere oso nahasgarria izaten zen, eta ez ziguten ezer esplikatzen. Nagusiarekin hitz egiten aritu nintzen gaizki ordaindu zidatela iruditzen zitzaidalako, eta azkenean lortu nuen soldata zuzena jasotzea. Baina norberak aritu behar zuen atzetik. Gainera, berdina kobratzen genuen beti; astean zehar, larunbatetan edo igandeetan lan eginda ere.
Iñigo. Gogoan dut Covid-19arekin gaixotu nintzela eta ezin nuela joan esateko deitu nuela. Bada, enkargatuak joateko esaten zidan behin eta berriz, eta lanean hasi ondoren ikusiko genuela jarraitu nezakeen edo ez. Azkenean lortu nuen konbentzitzea eta hark erantzun zidan: «Egin testa, eta bidali argazkia; espero dut emaitza positiboa izatea». Hamar egun egin behar nituen etxean, eta bederatzigarrenean deika hasi zitzaidan hurrengo egunean lanera joateko.
Eneko. Gure aurrean langile bat bota zuten arrazoi horregatik. Gaixo zegoela esateko deitu eta joan egin behar zuela esan zioten. Telefonoz eztabaidatzen aritu ziren eta azken esaldia izan zen: «Gaur ez bazara etortzen, ez etorri gehiago».

Eta bezeroekin nolakoa izaten zen harremana?
Eneko.
Denetik zegoen.
Iñigo. Askotan gertatzen zen etxean egon beharrean beste nonbait egotea, eta momentuan bera zegoen lekura joateko eskatzea. Horrek asko zailtzen zuen, kontuan hartu Donostian eta inguruetan aritzen ginela... Askok lotsarik gabe tratatzen gintuzten; beste batzuek begirunez, baina askok ez zaituzte ezertarako kontuan hartzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!