Tolosak 39,2 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko abe. 17a, 19:59

Ander Figuerido, Esti Kortejarena, Kristina Pelaez eta Andu Martinez de Rituerto, atzo, aurrekontuaren aurkezpenean. J. A.

Iazkoa baino %2,5 handiagoa da eta astelehenean onartuko du udalbatzak; oposizioaren ekarpenak kontuan izan dituela esan du udal gobernuak.

Tolosako Udalak aurkeztu du 2025 urterako behin betiko aurrekontua. Astelehenean, abenduak 23, udalbatzaren osoko bilkuran onartuko dute. Andu Martinez de Rituerto alkateak nabarmendu du «Tolosaren garapen iraunkorra bermatzea eta herritarren beharrei erantzutea» dela aurrekontuaren helburua, «betiere, gastuak arrazionalizatuz». 39.198.600 eurokoa da aurrekontua, iazkoa baino %2,5 handiagoa, milioi euro inguru.

Lau erronka nagusirekin lerrotu ditu gobernuak proiektu horiek: jasangarritasunean sakontzea, kohesio soziala indartzea, herriko azpiegiturak modernizatuz eremu guztietako bizigarritasuna hobetzea eta administrazioa herritarrentzat irisgarriago egitea. Martinez de Rituertok adierazi duenez, «herritarren ekarpenak kontuan hartuta» ondu dute proposamena. «Ariketa hau funtsezkoa izan da lehentasun eta beharrak identifikatzeko, eta gastuek benetako eskakizunei erantzuteko. Oposizioaren proposamenak ere jasotzen ditu, eta beste zenbait kasutan norabide berean doazen proiektuak txertatu dira», gaineratu du.

Kontratuetan hobekuntzak

Gastu eta sarrera arruntak orekatuta daude eta 304.620 euroko aurrezki gordina aurreikusi du udalak. Oinarrizko zerbitzuak mantentzeko gastu arrunta 33,3 milioi eurokoa izango da. Gastu osoaren %41a ondasun arrunt eta zerbitzuei dagokio; eta %9,28 igo da, 1,3 milioi euro. Esti Kortejarena ogasun zinegotziak azaldu du zenbait kontratutan langileen lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzua bera indartzen laguntzeko txertatutako hobekuntzak daudela igoera horren atzean. Besteak beste, esku-hartze psikosozialeko zerbitzuan 174.000 eurokoa izan da igoera, etxez etxeko laguntza zerbitzuan 233.786 eurokoa, kale garbiketan 370.000 eurokoa edo kirol instalazioen kudeaketa-kontratuan 517.000 eurokoa.

Gastuak eta sarrerak orekatuta daude eta 304.620 euroko aurrezki gordina aurreikusi dute

Udaleko giza baliabideak ere indartu egingo ditu udalak –gastu osoaren %32 da–. Lanpostuen zerrendan bi postu sortuko dira: Etxebizitza saileko teknikaria, saila bera indartzeko eta etxebizitza politiketan gehiago sakontzeko, eta komunikaziorako teknikaria, egungo kanpo kontratazioa amortizatzeko. Gainera, lan pilaketagatik, denbora tarte baterako beste sei postu hornituko dira. Lehen aukera programaren bidez, 2025ean ere, zazpi gazte urtebetez kontratatzeko diru kopurua txertatu du udalak.

Familiei, enpresei, eta auzo, kultur eta kirol elkarteei egindako diru laguntzen banaketan,  iazkoarekin alderatuta, zenbait aldaketa izango dira. Besteak beste, Galtzaundik 11.000 euro gehiago jasoko ditu Euskaraldia dela eta; Berazubi Auzo Elkarteak 10.000 euro gehiago, auzoaren 50. urteurrenagatik; Tolosako Ekinbide Etxeak 20.000 euro gehiago, Abesbatzen Europako Txapelketa Tolosan antolatzeko eta Topic-en 15. urteurrena prestatzeko; eta Tolosa&Co merkatarien elkarteak 7.000 euro gehiago, besteak beste, kanpaina berrietarako; gainera, Gipuzkoako Merkataritza Ganberari 50.000 euro bideratuko zaizkio, herriko saltokietan bonu kanpaina abian jartzeko. Alor sozialean, Dementzia bizitzen proiektua garatzeko 6.000 euro bideratuko zaizkio Inmakulada LHI-ri. Inbertsioetarako eta proiektu nagusiak gauzatzeko, berriz, 5.204.920 euro izango ditu udalak.

Oposizioaren ekarpenak

Udal gobernuak adierazi du oposizioak egindako ekarpenetatik gehienek bat egiten dutela euren asmoekin, hein batean, behintzat. Proposamenetako batzuk aurrekontuan sartu dituzte, eta jasota ez daudenetako askorekin antzeko norabidean jardungo dutela aurreratu dute. Bonu kanpainei dagokienez, 15.000 eurora igo da asteroko azoka dinamizatzeko diru partida. Saltoki txikien kasuan, norabidearekin bat etorri arren, gabonsariekin ez lotzea hobetsi dute. Hala ere, Tolosa&Co elkarteari ohiko laguntza 5.000 euro igo zaio, elkarlanean ekintzak garatzeko.

Inbertsioetarako eta proiektu nagusiak gauzatzeko, 5.204.290 euro izango ditu udalak

Gazteentzako Ikasgelaren proposamena ere ontzat hartu dute, eta aurrekontuan txertatu. Hala ere, Ander Figuerido hirigintza zinegotziak azaldu duenez, bestelako asmo bat dute: «Oriaburu eraikina aztertu dugu, baina gure ustez bada hobea den espazio bat, kaletik sarbide zuzena duena. Hori lotu eta egokitu bitartean, beste espazio bat atontzeko asmoa dugu».

Hirigintzako lanei lotuta, Iurre auzoko plaza berritzeko proiektua lantzen ari direla zehaztu du Figueridok: «Gero, bizilagunekin parte hartze saio batzuk egin, eta azkenik, exekuzio proiektua idatzi beharko dugu; ondoren, obra etorriko da. Lanak egin ahal izateko kreditu aldaketa EAJk proposatutako 500.000 eurokoa baino handiagoa izango da, ziurrenik». Mendizaletasunaren museoaren harira, berriz, exekuzio proiektua faseka gauzatuko du udalak, kanpo finantziazioa bilatzearekin batera.

Santa Klara eremurako EAJk proposatutakoari dagokionez, alkateak adierazi du martxan dagoen aparkalekuen azterketan jada landu dela eremu hori: «Lehenago, Zubiberrirako behin betiko proiektua ezagutu behar da, eragina izango duelako. Komentua bera ere ez da udalaren jabetzakoa. Zumarditxikian ibilgailuak atera ondorengo interbentzio txikia nolakoa izango den aztertuko da». Alondegi eta Lapurdi plazetako aparkalekuen kasuan, berriz, emakida kontratuak indarrean daude. «Kontratu horiek ezin dira nolanahi aldatu. Alondegikoari 33 urte geratzen zaizkio oraindik. Lapurdi plazakoari, berriz, gutxi batzuk, eta lanketan ari gara», azaldu du.

Amaitzeko, kiroldegiko inbertsioen inguruan, alkateak zehaztu du aurrez zegoen inbertsio planak ez duela baliorik dagoeneko, eta planean jasota ez zegoen premiazko inbertsio bat egin beharko dela: galdararena. «BPXek egin behar zituen inbertsioak ere gauzatuko dira. Plaka fotovoltaikoei dagokienean, jartzeko azterketa bat egin behar da, eta badirudi egungo teilatuak ez dituela baldintza egokiak betetzen».

PROIEKTU NAGUSIAK
  • Gorriti plazako eremua birgaitzea. 855.000 euro.
  • Ikasgela. 102.000 euro.
  • Iurramendi kalea: bidegorriaren urbanizazio obra. 50.000 euro.
  • Alde Zaharreko Plan Integrala: bigarren fasea. 60.000 euro.
  • Asfaltatze plana. 500.000 euro.
  • Idoiaga-San Inazio urbanizazio obra, Ibarrako Udalarekin batera. Iaz, 110.000 euro; aurten, 40.000 euro.
  • Zutani eta Jatorkin. Zutaniren Berazubiko eraikin berrirako, 192.000 euro; Jatorkinen bulego berriaren proiektua idazteko, 8.000 euro.
  • Usabal kiroldegiko instalazio termikoa. Proiektuaren balioa 1.900.000 eurokoa da, eta Next funtsetatik udalak 867.000 euro lortu dituenez, milioiaren 
    bueltako inbertsioa egingo du.
  • LED argiteria. 60.000 euro. Samaniego Ikastetxeko HH-ko eraikinean ere jarriko da: 192.000 euro.
  • Baso publikoak. 72.000 euro.
  • Udaleko webgune berriaren garapena. 60.000 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!