Azaroaren 16an egin zuten Tolosan I. Targazki Argazki Rallya, Targazki Tolosaldeko Argazki Taldeak antolatuta. 62 lagunek parte hartu zuten Euskal Herri mailako Herriz Herri Txapelketako jardunaldian. Bost gai jarri zituzten aukeran lehiaketan parte hartzeko. Gai bakoitza euskal abesti bat izan zen, eta argazkilariek abestiari lotutako argazkiak egin behar zituzten, bai letragatik, baita abestiak transmititzen duenagatik, irudimena erabiliz. Honako hauek izan ziren abestiak: Lau teilatu, Txoriak txori, Artillero dale fuego, Ixil ixilik dago eta Maritxu nora zoaz.
Rallyaren irabazlea Josu Altzelai izan zen, Txoria txori gaia erabilita. Bigarren saria Gorka Gomezentzat izan zen eta hirugarren saria Eneko Bilbaok eraman zuen. Bertako argazkilariaren saria, Ruben Caceresentzat (Targazkiko kidea) izan zen. Pasa den ostiralean egin zuten sari banaketa, kultur etxean. Bertan, aurkeztutako argazki guztiak proiektatu zituzten. Gainera, sari berezi bat izan zen. Ahalik eta gai gehien elkartzen zituen argazki bat egitea zen erronka, eta Joseba Iturbe izan da garaile. «Ez da lan erraza izan, baina argazkilariak saiatu dira hau ere lortzen», esan dute antolatzaileek.
Argazki guztiekin bideo bat osatu du Targazkik:
Gorka Gomez, nagusi
Tolosakoa, Euskal Herriko Herriz Herri 2024 ligako lehiaketa izan da. Urtean zehar, 14 herritan ospatu dira argazki rallyak. Guztira, 259 argazkilari ezberdinek parte hartu dute gutxienez ligako rally-ren batean. Guzti horietatik, 54 argazkilarik gutxienez 7 rally-tan parte hartu dute. Ligaren sailkapen orokorrean, parte hartzaile bakoitzaren 7 puntuazio altuenak soilik hartu dituzte kontuan. Aurtengo ligaren irabazlea Gorka Gomez legazpiarra izan da. Targazki-ko kide batzuk ere parte hartu dute ligan; lehenengo 20 argazkilari onenen artean eskualdeko taldeko hiru kide ageri dira; Ruben Caceres izan da onena, zortzigarren postuan sailkatuta.