Bedaion errepidearen zati bat berritzeko lanak bukatu dituzte

Aitor Arroyo Askarai 2024ko abe. 17a, 07:59

Bedaiora daraman bidean, berritu duten errepidearen zatia.

Errepideko zoruaren egoera zela-eta hasi zituzten lanak uztailean; bedaiotarrek emaitza begi onez ikusten badute ere, gainerakoa ere konpondu behar dela nabarmendu dute.

Bukatu dituzte bidearen zorua konpontzeko lanak Bedaiora daraman GI-3711 errepidean. Zoruaren egoera zela-eta hasi zituzten lanak uztailean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi du lan horiekin «konponbidea eman» dietela puntu horretan errepikatzen ziren arazoei, besteak beste, luiziei eta inguruan pilatzen ziren urei. Zehazki, errepidearen bosgarren kilometro inguruan sortzen ziren arazo horiek.

Konpontzeko lanak uztailaren 25ean hasi eta azaroaren amaieran bukatu ziren eta, guztira, 341.240 euroko kostua izan dute. Hilabete horietan bide berri bat eraiki dute, zeinak 159 metroko luzera eta 45 metroko erradioko bihurgunea dituen. Horrekin batera, aurreko trazatua naturalizatu dute erreka azaleratuz eta asfaltoa lurrarekin estaliz. Hari berari tiraka, baieztatu dute «nabarmen hobetu» dituztela errepidearen egonkortasuna eta segurtasuna.

Lanketa zabalagoa
Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, GI-3711 errepidea tokiko errepideen sareko zorua hobetzeko 2025eko plangintzan sartuko da. Zentzu horretan, bide azpiegituretako eta lurralde estrategiako Felix Urkola diputatuak nabarmendu du «konpromiso estrategikoaren erakusgarri» direla lan horiek: «Udalerri txikien eta landa eremuen garapena ezin da Gipuzkoaren lehentasunetatik kanpo geratu, eta herri txikiek azpiegitura erosoak eta seguruak behar dituzte biztanleen bizi kalitatea bermatzeko eta eremuon garapena eta hazkunde iraunkorra sustatzeko».

Bedaiotarren iritzia
Nekane Izagirre herritarrak begi onez ikusten du zati hori konpondu izana, eta gogobeteta hitz egin du emaitzaren inguruan: «Beharrezkoa zen zati hori konpontzeko lanak egitea: euria egiten zuenean gainezka egiten zuen. Orain oso txukun geratu da». Dena dela, nabarmendu du zati hori konpondu badute ere, errepidearen gainerako bidean ere behar direla konpontzeko lanak, besteak beste, asfaltoa «oso egoera txarrean» dagoela-eta.

Zati horren inguruan, berriz, aipatu du «lanerako hainbat makinak» oraindik bertan jarraitzen dutela: «Antza zerbait mugitu egin da, eta, errepidean bertan ez bada ere, oraindik bertan jarraitzen dute lanean». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!