Jasangarritasunaren aldeko azoka, ikastaroei ekin aurretik

Ataria 2024ko abe. 13a, 13:32

Arroparen biziraupena luzatzea helburu duen 'Auzora begira eta herrira begira' proiektua aurkeztu du, gaur, Inmakulada Tolosako Lanbide Ikastolak, eta horrekin batera, bigarren eskuko azoka egin dute ikastetxearen atarian.

Inmakulada Tolosako Lanbide Ikastolak arroparen biziraupena luzatzea helburu duen Auzora begira eta herrira begira proiektua aurkeztu du gaur. Proiektua aurkeztearekin batera, bigarren eskuko azoka bat egin dute ikastetxearen atarian, Jasangarritasun Batzordeak antolatuta. Etxetik eramandako, liburu, arropa eta bitxiak elkartrukatzeko aukera izan dute ikasleek.

Ana Monje Inmakuladako zuzendariak nabarmendu du jasangarritasuna «ikastetxearen helburu estrategikoetako bat» dela. «Gai honi lotuta, urteak daramatzagu herrira begirako ekintzak egiten. Azken bi urteetan, ekonomia zirkularraren inguruko proiektu bat garatzen aritu gara, eta orain, ikasleak, langileak, auzotarrak eta herria bera integratu nahi ditugu. Guztiei eragiten dien proiektua eraiki nahian ari gara. Horretarako, aholkularitza saioak egiten ari gara Tolosaldea Garatzenen laguntzaz».

2025ean garatuko dute proiektua, eta hainbat doako ikastaro eskainiko dituzte, herritar orori irekiak: asteazkenetan, 10:00etatik 13:00etara, josteko tailerra; ostiraletan, 17:00etatik 20:00etara, oinarrizko konponketa ikastaroa; larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara, Gure konponketak josi tailerra; eta astearteetan, 16:00etatik 18:00etara, patronajean murgiltzeko aukera eskainiko dute. Ikastaroetan parte hartzen dutenek ziurtagiriak lortzeko aukera izango dute. «Irakasle batekin ariko dira, baina arropa ez die berak egingo. Konponketak egiten irakatsiko die», azaldu du zuzendariak.

Besteak beste, josteko makinarekin trebatzeko aukera eskainiko dute. «Gaur egun, galdu egin da etxean josteko ohitura edo kultura hori. Guk ez dakigu, eta gazteek ere ez. Hori dela eta, espazio berriak sortu nahi ditugu, gazteek arropa erosten dutenerako edo beraien artean bigarren eskuko azoka honetan trukatzen dituztenerako, konponketak egiten eta egokitzen ikasi dezaten. Josteko nozio batzuk beharrezkoak ditugu, gure belaunaldian galdu egin direlako. Ez dago etxean gutxieneko konponketak egiteko kulturarik», nabarmendu du zuzendariak.

Tailer horiek gauzatzeko, lokal berriak lortu dituzte ikastetxearen inguruan. Urtarriletik aurrera, berriz, ile-apaindegi eta estetika ikastaroa jarriko dute martxan, ikastetxean bertan. «Erakargarria izango da, eta osagarria da orain ditugun zikloekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!