Jon Esnaolaren beste obra bat estreinatuko dute

Ataria 2024ko abe. 13a, 11:57

Jon Esnaola, erdian, kontzertuaren aurkezpenean. MUSIKENE

Musikene Sinfoniettak Eduardo Txillidaren jaiotzaren lehen mendeurrena omentzeko kontzertua egingo du bihar, 19:00etan, Musikeneko auditorioan. Bertako ikaslea den musikagile tolosarraren 'Gravitaciones' obra estreinatuko dute.

Bihar, abenduak 14, Musikene Sinfoniettak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko orkestra taldeak, Eduardo Txillidaren jaiotzaren lehen mendeurrena omentzeko kontzertua egingo du, Eduardo Txillida - Pilar Belzunce Fundazioarekin elkarlanean. 19:00etan izango da Musikeneko auditorioan, eta sarrera doakoa da; gonbidapenak bertan eskuratu ahal izango dira, 17:30etik aurrera. Musikene Sinfonietta, sortzen ari den talentuari eta musika-ondare garaikideari balioa ematen dien musika talde bat da, eta ikuspegi sendoa du euskal sortzaileengan. Oraingo honetan, Sinfoniettak Txillidak bere ibilbidean zehar gorpuztu zuen espiritu sortzailea eta modernotasuna islatzen duen programa interpretatuko du.

Unai Urrechok zuzenduta, kontzertua hasteko, J. S. Bachen Ofrenda Musical, Ricercar a 6 (A. Webernen moldaketa) interpretatuko dute, Eduardo Txillidak gehien miresten zituen musikagileetako bat; horrekin batera, Paul Hindemithen Kammermusik Op.24 nº.1 obra joko dute. Musikeneko irakasle eta euskal konpositore entzutetsu diren Ramon Lazkanoren Egan-4 eta Gabriel Erkorekaren Tenebrae lanak ere interpretatuko dituzte. «Kontzertu hau ez da Txillidari egindako omenaldia bakarrik, gure lurraren talentuaren eta ahalmen artistikoaren ospakizuna baizik», esan du Urrechok.

Gainera, Jon Esnaola Musikeneko ikaslearen Gravitaciones obra estreinatuko dute, Eduardo Txillidaren izen bereko seriean inspiratutako musika pieza eta proiektu honetarako egina. «Eskulturarekiko nire interes etengabean, Gravitaciones izeneko eskultura-saila aurkitu nuen Zabalaga baserriko bigarren solairua bisitatzean, airean zintzilik geratzen diren lanak. Nire lan musikalean, materiala lantzeko modua antzekoa da. Elkarren artean gainjartzen diren paperak ez bezala, bolumenak eta haien arteko espazioak sortzen baitituzte, gainjartzen diren materialak soinu-ehundura desberdinak dira», azaldu du Esnaolak.

Ez da ikasturte honetan Esnaolaren obra bat estreinatuko duten lehen aldia. Pasa den urriaren 6an, Bilboko Udal Musika Bandak musikagile tolosarraren Ortzi obra lehen aldiz jo zuen Euskalduna Jauregiko Auditorium aretoan egindako kontzertuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!