Lehen finalistak jakingo dira igande honetan

Ataria 2024ko abenduaren 12a

Ogi Berri Txapelketa Migel Soroa Oroimenezkoa azken txanpara ari da iristen eta igande honetan finalerdietako lehen jardunaldia jokatuko da. Jaialdia 16:30ean hasiko da, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Lehen partidan, jubenilen mailakoan, Etxaniz eta Figueroa sartuko dira txapelketan eta ez dute partida erraza izango Arregiren eta Castroren aurka. Hauek hiru partida irabazi dituzte finalerdietara iristeko. Promesen mailakoa ere oso partida polita izatea espero da. Alde batetik, Cestau eta Albeniz ariko dira eta, beste aldetik, Ibarluzea eta A. Garmendia. Azken hauek itxura ona eman zuten final-laurdenetako partidan.


Jaialdia itxiko duen partidan, elite mailakoan, U. Amiano-Sotil bikotea ariko dira lehian Lizeagaren eta B. Garmendiaren aurka. Antolakuntzatik azaldu dutenez, hiru partida eder pilotaz gozatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!