Garaipenak pilatu nahi dituzte ligaren bigarren faserako

Imanol Garcia Landa 2024ko abe. 12a, 07:59

Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldea Euskal Ligako bigarren mailan lehiatzen ari da estreinakoz, eta oraingoz partida bat irabazi eta bederatzi galdu ditu.

Aurreko denboraldian igoera lortu ondoren, saskibaloiko Eguzkitza Sagardotegia TAKE taldea bere historian lehen aldiz Euskal Ligan jokatzen ari da, zehazki bigarren mailan. «Aurreko urtean sekulako denboraldia egin genuen eta garaipen asko pilatuta igoera lortu genuen, eta aurtengoan, igotzen zaren unetik, helburuak aldatu egiten dira», esan du Mikel Lakunza entrenatzaileak. «Aurten hasiera zail samarra izan dugula esan daiteke; garaipen bakarra izan dugu eta galdutako bederatzi. Baina pixkana lanean ari gara, gorantz goaz eta hau ere positiboa da, ikasteko balio du eta taldea ondo ikusten dut».

Bi multzo daude ligan, bakoitza hamar taldekoa, eta A izenekoan daude TAKEkoak. Bederatzigarren postuan daude, partida bat irabazita eta bederatzi galduta. Otsail aldera bi multzo berri osatuko dira, oraingo bi multzoetako lehen bost sailkatuak izango dira batean, eta bestean azken bostak. Beste fase bat hasiko da orduan, eta amaieran bigarren multzoko azken hirurak mailaz jaitsiko dira. «Nahiko argi dago gu beheko multzo horretan izango garela otsailetik aurrera, eta helburua garbia da, gure atzetik hiru talde uztea eta maila mantentzea», esan du Lakunzak. «Fase horretan ondo lehiatuko dugunaren konfiantza daukagu».

Bigarren fase horretan lehen faseko multzokide batzuekin egongo da talde tolosarra eta horien aurka izandako emaitzak kontuan izango dira azken sailkapenerako. Horregatik, otsaila bitarte, orain azken postuetan dauden taldeen aurka garaipenak lortzea garrantzitsua dela nabarmendu du entrenatzaileak. «Gaur egun, gure multzoko azken bost sailkatuak kontuan hartuta, partida bat irabazi eta hiru galduta ditugu. Beraz, talde horien aurrean garaipenak lortu nahi ditugu. Hori da gure borroka», azaldu du Lakunzak.

HAINBAT HELBURU

Maiatzean igoera lortu zutenean «oso kontziente» ziren denboraldi honetarako helburuak aldatu egiten zirela: «Momentu oro emaitzen arloko helburuez ari gara. Eta horri dagokionez, dudarik gabe, helburu nagusia da maila mantentzea eta horretarako borrokatuko dugu azken egunera arte». Horrez gain, beste helburu batzuk ere badituztela nabarmendu du Lakunzak: «Helburua ere bada emakumezkoen saskibaloiak gora egitea, liga exijenteago batean. Harrobiaren aldetik ere estruktura geroz eta handiagoa dugu. Zentzu horretan asko hazten ari gara talde eta klub bezala. Beraz, beste helburu asko betetzen ari garela esango nuke, denboraldi bukaeran pasatzen dena pasatzen dela».

Iazkoarekin alderatuta, taldean aldaketa nabarmenak izan dira. «Aurreko denboraldiaren bukaeran gure helburua zen ahal ziren taldekide gehienak mantentzea, baina ikasketa eta lan kontuak direla-eta bost baja izan ditugu», esan du Lakunzak. «Bestalde, hiru jokalari berri etorri dira, eta hiru junior igo dira lehen taldera. Beraz, oraindik taldea egiten eta hazten joateko prozesu horretan gaude».

Gipuzkoako lehen mailatik Euskal Ligara igarotzerakoan «salto handia» dagoela azaldu du Lakunzak: «Talde handi eta azkarrak aurkitzen ditugu astebururo, eta taktikoki talde aberatsagoak dira».

Argazkiak: CARLOS MEDIAVILLA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!