Tolosako Udalak AuzoEkin proiektua jarriko du martxan 2025ean. Herritarren parte hartzea eta herriko auzoen garapena bateratuko dituen udal estrategia izango da. Auzo guztien garapen integral eta orekatua sustatzea du helburu, udalaren baliabide eta inbertsioak herriko eremu guztietara modu antolatuan iristeko ahalegina egin nahian. Horretarako, parte hartzea izango da bitarteko nagusia, auzotarrei parte hartzeko bide zuzenagoa ez ezik, erabakimen handiagoa emango dietelako.
Udalak azpimarratu du herritarrekin duen harremanean «giltzarri» izan daitekeela proiektua. Auzoekin egindako bileretan «bi errealitaterekin topo egin» dutela azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Batetik, udalak gabezia bat du, ez baitu auzo bakoitzerako planik, auzotarrek urtez urte egindako eskariei modu antolatuan erantzuteko. Bestetik, parte hartze bidezko aurrekontuen prozesuetan, zenbait gune bigarren plano batean geratu izan dira». Egoera horiei irtenbide bat eman nahian jarriko dute martxan estrategia hau. «Herri ikuspegi orokor batetik eremu guztiak garatzea ahalbidetu behar dugu», gaineratu du.
Azken hilabeteotan udalaren eta auzotarren arteko harremanaren eredua definitzen aritu da udala, gisa honetako prozesuak martxan jartzen aditua den Axel Morenorekin batera. Iruñea eta Galdakaoko ereduetan oinarritu dira udala eta Moreno. Tolosak duen tamainagatik, Bizkaiko udalerriaren eredua izan dute bidelagun prozesu horretan. Bertako esperientzia gertutik ezagutzeko aukera izan dute Tolosako udal ordezkari eta teknikariek.
AuzoEkin proiektuak zortzi eremutan banatuko du Tolosa. Horiek definitzerako garaian irizpide ezberdinak hartu dituzte kontutan, tartean, eguneroko bizitzako fluxu eta harremanak, auzo identitateak, izaera, gertutasun geografikoa, muga orografikoak, beharren antzekotasuna eta degradazio maila. Lehen proposamena ontzat eman du Auzoen Mahaiak, baina aurrera begira zonifikazioa berrikusteko aukera izango da.
Honakoak dira zortzi eremuak:
- Landa eremua: Bedaio, Urkizu, Aldaba, Aldaba txiki, Ugane, Montezkue, Auzotxikia, Olarrain, Santa Lutzia (landa gunea)
- Amarotz, San Blas, Usabal
- Iurramendi, Iurre, Berazubi
- Izaskun, Bidebieta, Iparragirre
- San Esteban
- Zabalgunea
- Alde Zaharra, Santa Klara
- Arramele, Donostia etorbidea, Santa Lutzia (ekipamendu eta eskolak)
Lau urteko begirada
Epe luzeko begiradarekin sortu dute proiektua. Eremuz eremu, egoera eta beharrak aztertuko dituzte lehenik, eta gero lau urteko begirada izango duen plan bana sortuko dute gune bakoitzeko, egin beharreko interbentzioak jasoko dituena. Lanketa hori progresiboa izango da.
2025ean, hiru eremutan egingo da azterketa: landa eremuko auzoetan, San Estebanen eta Izaskunen. Josune Sanz gobernantza zinegotziak azaldu ditu erabaki horren arrazoiak: «Lehen biak, sozialki oso indartsuak dira. Landa eremuko auzoak berezitasun handiak dituzten guneak dira, eta gainerako eremuekin zerikusirik ez dituzten beharrak dituzte. San Estebanen, badira epe motzean ase beharreko zenbait behar. Azkenik, Izaskun auzoak, behar garrantzitsuak ditu, eta horrez gain, sozialki indartu beharreko eremua dela iruditzen zaigu». Horiei Alde Zaharra gehituko zaie datorren urtean, paraleloan lantzen ari baita udala bertako plan integrala. 2026an, eremu gehiagotara zabalduko da estrategia.
Ikuspegi integrala izango du diagnostikoak eta, besteak beste, ingurumena eta paisaia, historia eta kultura, mugikortasuna, hirigintza eta espazio publikoa, etxebizitza, biztanleria eta bizikidetza, ekipamendu eta zerbitzuak, eta ekonomia eta kontsumoa aztertuko dira. Alderdi kuantitatiboa aztertu ondoren, kualitatiboa lantzera igaroko dira. Metodologiari dagokionez, etxez etxeko inkestak, sakoneko elkarrizketak, eztabaida taldeak eta taldekako dinamika-tailerrak egingo dituzte auzotarrekin. Garikoitz Lekuona teknikariak azaldu duenez, «lan sakona» izango da. «Herri berean, askotariko errealitateak topatu ditzakegu eremu desberdinetan. Horregatik, auzo bakoitzaren errealitatearen argazki bana egingo dugu. Lehen aldiz egingo du udalak halako azterketa bat herriko eremu guztietan».
60.000 euro gune bakoitzeko
Azterketa hori amaituta, bigarren fasean, eremu bakoitzaren garapenerako plana egingo du udalak. Hori aurrera eramateko, eremu bakoitzak aurrekontu bana izango du urtero. 2025ean, zortzi eremuen artean 500.000 euro zatitzea da asmoa, orain arte parte hartze bidezko aurrekontuetara bideratutakoak, hain zuzen. Eremu bakoitzak 60.000 euroko kopuru finkoa izango du, eta soberan leudekeen 20.000 euroak beste aldagai aldakor batzuk aplikatuta banatuko dira guztien artean. Lehen urte honetan, biztanle kopuruaren arabera banatuko da azken zati hori. Aurrera begira, aurrekontuaren zati horretara bideratu beharreko lanak auzotarrek lehenestea da helburua.
Urtean bi bilera ireki egingo dira eremu bakoitzean, auzotarrekin, langileekin edo bizia bertan egiten dutenekin: lehena, ikasturte hasieran; bigarrena, ikasturte amaieran. Eremu bakoitzak, hortaz, parte hartzeko gune egonkor bat izango du. Auzotarrek erabakiko dute gune horren egitura, bakoitzaren behar eta ahalmenen arabera. Prozesu bakoitzaren jarraipen zehatza egiteko, gainera, Erabaki Tolosa plataforma digitala udal webgunean txertatzeko lanean ari da udala.
2025, trantsizio urtea
Eredu aldaketa tarteko, udalak aurreratu du «trantsizio urtea» izango dela 2025a. Hori dela eta, ez dute parte hartze bidezko aurrekontu prozesurik zabaldu. Horren ordez, AuzoEkin estrategiaren eremuen logikara gerturatzen den proposamena landu du udalak, auzoek egindako eskariak eta aurreko urteko prozesuko proposamenak aintzat hartuta. Horien artean daude, besteak beste, San Blas auzoko ermitaren inguruko urbanizazio proiektuaren lehen fasea, Alde Zaharra berdatzeko egitasmoa martxan jartzea, Kondeaneko Aldapako 26-28 zenbakien inguruan zebrabide berria egitea, San Estebanen berdegunea berritzea, Urkizuko haur parkeko altzariak berritzea, Izaskun auzoan autobus geltokietako markesinak jartzea, Iurre auzoko supermerkatuaren atzealdean zebrabidea egin eta ingurua urbanizatzeko proiektua idaztea edo Iurramendi kaleko bidegorriaren obra –egun, Iurramendi pasealekutik bideratzen da–.