Sari bereziak lortzeko aukera, Tolosan erosita

Ataria 2024ko abenduaren 11

Tolosako dendetan erosita txartela jasoko dute herritarrek, eta unean jakingo dute sariren bat eskuratu duten, tartean, Gabonetako kanpainarako sortu duten Tolosarrena mahai-jokoa.

Urtero moduan, Gabonen bueltako kanpaina jarriko du abian Tolosa&Co merkatari elkarteak. Aurtengo kanpaina tonbola modukoa izango da. Bezeroek erosketa bakoitzagatik txartela jasoko dute, eta unean bertan jakingo dute sariren bat eskuratu duten ala ez.

Sarien artean erosketa orgak, telazko poltsak, katiluak edo txekeak aurkitu daitezke. Gainera, aurtengo kanpaina «inoiz baino bereziagoa» izan dadin sarien artean Tolosa&Co elkarteak sortutako mahai joko bat ere egongo da, Tolosarrena.

Tolosarrena mahai jokoa Tolosari buruzko galdera eta probaz betetako (mimika, marraztea, abestea, galderak) jokoa da eta helburua partaideen artean Tolosari buruz gehien dakien taldea aurkitzea da. Tolosa&Co elkarteak azaldu duenez, «mimo handiz» sortutako jokoa da, «Tolosa berezi egiten duten gauza guztiak batzen dituen jokoa sortzeko helburuarekin egina». Jokoa ez da salgai egongo, kanpaina honetarako soilik sortutakoa baita.  

Elkartetik esan dutenez, kanpainaren helburua Gabonetako erosketak herrian egitea da, «urte guztian zehar kaleak argiz pizten dituzten establezimenduetan». Hain justu, «herrian erosteko kontzientzia duten pertsonak» saritu nahi dituzte eta horregatik eman nahi dute erosketa bakoitzarekin «sari berezi eta esklusibo hauek» lortzeko aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!