Argazki erraldoia egingo du Sarek larunbatean Zerkausian

Ataria 2024ko abenduaren 11

Aurten ere argazki erraldoia egingo dute Zerkausian.

Euskal presoen egoeraz solasaldia izango da hilaren 17an, eta 24an manifestazioa egingo dute Trianguloa plazatik aterata.

 

Datorren urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko deia egin die Sarek herritarrei, Behin betiko lelopean, «behin betiko konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren unea dela aldarrikatzeko». Sarek gogorarazi nahi du azken hamar urteetan, «konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana» izan dela herritarren sarearen ezaugarri nagusia; «Eta horrela izango da aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako». Hala, premiazkotzat jo dute «behin betiko irtenbide justua» ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari, «bai eta tratamendu justua ere indarkerien biktima guztiei».

Bide horretan, Sare Tolosak deituta, argazki erraldoia egingo dute larunbatean, hilaren 14an, Zerkausian, 12:00etan. Horretaz gain, euskal presoen egungo egoeraz solasaldia egingo dute abenduaren 17an, udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan, Onintza Ostolaza abokatua eta Beñat Uribe Sare plataformako kidearekin. Azkenik, herritarrak deitu dituzte abenduaren 24an Trianguloa plazatik 18:45ean irtenda egingo den manifestaziora.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!