Tolosako Irristaka taldeak antolatzen du txapelketa, Tolosako Udalaren laguntzarekin, Gipuzkoako Irristaketa Federazioaren eskutik eta Euskadiko Irristaketa Federazioaren zuzendaritza teknikoarekin. Irristakako kidea eta patinatzailea den Aitor Vacasek azaldu duenez, ehun bat kirolari izango direla espero dute. «Tartean Espainiako Txapelketak irabazita dituzten patinatzaileak izango dira, beraz, maila handia izango dela ziurtatuta dago».
Parte hartzeko izen ematea gaur bertan bukatzen da, eta bertan 2016 urtean jaiotako patinatzaileetatik hasita, patinajean Eskola Kirolean izena emanda dauden eta hortik aurrera federatuta dagoen edozein adineko patinatzaileei zuzendua dago. Horretarako, interesatuek Tolosako Irristaka taldearen Instagram kontuan (@irristaka_taldea) topatuko dute galdetegira jotzeko esteka.
Hiru kategoriatan banatuko da ekimena, 2016-2013 bitartean jaiotako patinatzaileak, neska-mutilak batera arituko dira, ez da lehiaketa barruan sartuko eta ez da sailkapenik egongo. 2012-2009 bitartean jaiotakoak, neska mutilak banatuta ariko dira eta lehiaketa barruan sartuko dira. 2008-zaharragoak, neska mutilak banatuta ariko dira eta lehiaketa barruan sartuko dira.
Proben formatua ohikoa izango da, bi probekin. Lehenengoa proba motza da, lau itzulikoa, eta bestea proba luzea da, bederatzi edo hamabi itzulikoa, kategoriaren arabera. Horrez gain, erreleboetako proba izango da, gazteen zein helduen mailan. «Formatu horrek arrakasta izan du orain arte, eta gure asmoa da ahal den Euskal Herriko patinatzaile gehienak erakartzea indoor txapelketa honetara», esan du Vacasek. Irristaka taldeko 25 patinatzaile inguruk parte hartuko dute txapelketan, eta erreleboetan maila bakoitzean Irristakako talde bat baino gehiagok parte hartuko duela uste du.
Patinatzaileei parte hartzeko gonbita egiteaz gain, Vacasek ere gonbita egin die herritarrei Usabalera joateko igandean, indoor patinajeak eskaintzen duen ikuskizunaz gozatzeko.