Asier Serranok liburu berria aurkeztuko du Tolosan, 'ZuNonHanDA!' proiektuaren eskutik

Ataria 2024ko abenduaren 10a

Durangoko Azokak ateak itxi eta gero, euskal kulturaren plazak bizirik jarraituko du Euskal Herrian zehar. 'Euri gorriaren azpian' eleberria aurkeztuko du idazle eibartarrak, ostegunean, Elkar dendan, 18:30ean hasita.

Euskal kulturaren erakusleiho erraldoia izanik, Durangoko Azokaren bokazio nagusienetako bat kultur sorkuntza zein zaletasuna hauspotzea, eta, sortzaile, bitartekari eta herritarren arteko zubi lanak eraikitzea da. Helburu horrekin abiatu zen 2020an ZuNonHanDA! proiektua.

Egitasmo honi esker, 59. Durangoko Azokan plazaratutako nobedadeen sortak Euskal Herri osoko 66 liburu saltokitan izango dira aurten, eta horietako 23 dendatan liburu bat aurkeztuko da, idazlea bertan dela. Beraz, abenduko egunetan zehar, Durangoko Azoka ibiltaria izango da, eta hartzaileen herrietara zuzenean helduko da. Hain zuzen, kultura zaleengan jarri du arreta aurtengo azokak, kultur sistema osasuntsu baterako «ezinbesteko» direlako.

Ekimen honen asmoa ez da soilik Durangoko Azokaren oihartzuna Euskal Herri osora zabaltzea. «Liburu saltokiek urte osoan zehar egiten duten lana aitortzea ere bada helburua. Hartzea ematea da, eta aurtengo lelo horri jarraituz, Durangoko Azokan hartu den indarra Euskal Herriko dendatan emango da», adierazi dute proiektuaren antolatzaileek

Bada, egitasmoaren barruan, eskualdean saio bat izango da. Hain justu, ostegunean, abenduak 12, 18:30ean hasita, Euri gorriaren azpian liburua aurkeztuko du Asier Serrano idazle eibartarrak Tolosako Elkar saltokian. Nobela bat da, baina poesiak zeharkatzen du kontakizuna. Istorio bortitza da, lohitsua, baina dena du ederretik

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!