ELKARRIZKETA

«Gehien gustatzen zaidan bezeroa da normalean ez duena bitxirik janzten»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko abe. 14a, 07:58

Elena San Martin bitxigilea. A.A.A.

Ia hogei urte daramatza Elena San Martinek bitxiak egiten; hainbat material erabiltzen ditu piezetan, besteak beste, metalak, harriak eta fosilak.

Metal, harri eta bitxi. Duela bi hamarkada inguru hasi zen Elena San Martin (Tolosa, 1972) bitxigilea apaingarriak sortzen. Ia zortzi urtez Tolosako Plaza Zaharrean izan du denda eta, gaur egun, tailerrean hartzen du interesa duen oro. Orain, ordea, atzera herrigunera jaitsi da, hilabetez Zerkausia kalean izango baitu erakustokia. Lehen urratsez, lanbidearen nondik norakoez eta sortzen dituen piezez aritu da bezero eta dirdai artean.

Nola iritsi zinen bitxigintzara?

Txikitatik izan dut halako sorkuntzarako joera bat. Duela hogei bat urte aukera izan nuen Madrilera joan eta Helena Rohner bitxigilearen tailerrean lan egiteko eta ikasteko —oso bitxigile ona da—. Horrela, material eta tekniken artean murgiltzen hasi eta mundu berri bat zabaldu zitzaidan. Bera ere oso eskuzabala izan zen: metalen hornitzaileak eta... Gauza asko elkarbanatu zituen nirekin.

Eta etxera itzultzean zerori lanean hasi zinen.

Hor heldu zidan harrak, eta itzultzean pixkanaka gauzak egiten hasi nintzen. Helburua ez da izan, behin ere, negozio handi bat martxan jartzea. Hango tailerrean buruhauste asko ikusi nituen: langile asko, enkargu pila bat... Nik zerbait txikia nahi nuen, menperatzeko erraza. Pixkanaka hasi nintzen pieza pare bat egiten, dendetara joaten, erakusten... Eta ohartu nintzen nire estiloak harrera ona zuela. Iparraldean izan nituen lehen aukerak: Biarritzeko eta Donibane Lohizuneko bi dendak eman zidaten aukera. Gaur egun beste hainbat dendatan ere eskaintzen ditut bitxiak: Eibarren, Bilbon, Madrilen...

Nola erabaki zenuen denda zabaltzea?

Iparraldeko haiek izan ziren, nolabait, jarraitzera bultzatu nindutenak. Eta hortik animatu nintzen denda propioa jartzera. Plaza Zaharrean egon naiz ia zortzi urtez. Denbora horretan guztian ikasten jarraitu dut: autodidakta izan naiz eta ikastaro txikiak ere egiten ditut metalak urtzen, soldatzen eta abar ikasteko.

Eta nondik datorkizu interesa?

Nire amaren aldetik datorkidala esango nuke. Amak betidanik egin izan du lan landareekin, loreekin... Eta nik uste gustu moduko hori garatu dudala eskulanerako. Naturan bizitzeak ere asko eragin dit; natura abiapuntu hartuta sortu izan dut beti.

Zein material erabiltzen dituzu?

Ohartu naiz jendeari gustatzen zaiola gauzak aldatzea, berritzea. Publiko horrentzat estilo eta material jakin batzuk ditut: urretan murgildutako metala, letoia, zilarra... Horiek erabiltzen ditut. Badut, ordea, beste publiko bat ere —helduagoa—, zeinak nahi izaten dituen urrezko gauzak eta... Duela bi urte edo hasi nintzen urrea lantzen; neroni ere zahartzen ari naiz eta horregatik izango da [barrez].

Niretzat oso interesgarria da piezak familian mantentzea; eta horregatik urrea. Urrea ez da botatzen. Imitaziozko bitxiak bota egiten dira, baina urreak beste pisu bat du. Urrezko piezak, askotan, belaunaldiz belaunaldi ere pasatzen dira. Beste harreman bat sortzen da bitxiarekin.

Horiez gain, fosilak ere erabiltzen dituzu bitxietan. Nola otu zitzaizun?

Kasualitatez izan zen. Bikotea bizikletan ibiltzen da asko eta irteera batean topatu zituen. Asier Hilario geologoa zegoen berarekin eta hark argitu zion fosilak zirela.

Sekulakoa, zoragarria iruditzen zait fosilekin lan egitea. Pieza erabat naturalak dira, jakina, eta sekulakoa da; bakoitza bakarra baita. 25.000 urte izango dituzte gutxi gorabehera... Eta hori jantzita eraman ahal izateak niretzat sekulako esanahia du; sekulako pisua. Badago halako esanahi indartsu bat, iragana gaurkotu eta janzte horretan. Lortu nahi dudan bitxien denboraz gaindiko izaera horren erakusle eta froga dira fosilak. Esanahi oso indartsua dutela iruditzen zait.

Naturak, beraz, eragin du handia du zure sorkuntzetan.

Bai, bai. Naturan bilatzen dut inspirazioa. Badut pieza bat, zeinak Tolosaren ingerada irudikatzen duen; forma ikusi nuenean sekulakoa iruditu zitzaidan. Pieza bakarra egin dut, bi izanez gero gehiegi izango baitziren. Babarruna abiapuntu hartuta ere sortu ditut pieza batzuk. Ederra iruditzen zait naturan bilatzea eta hortik sortzea. Egiteko, sortzeko egonezin bat dut, eta pieza batera natura nola moldatu... Erronka txiki modukoak dira, eta jakin-minak gidatzen nau asko.

Orain bilduma bat egin nahi dut hemen inguruko egurrak erabiliz: haritza, pagoa, gaztaina... Naturan topatzen ditut inspirazio iturri guztiak. Hondartzarekin ez dut lan handirik egin. Gertuko inguruarekin egin dut lan gehiago.

Zein da zuretzat lanbidearen arlorik zailena?

Bitxigintza aldetik, gaur egun, sekulako eskaintza dago; sekulakoa. Horri gehitu behar zaio estimuluz gainezka bizi garela: sare sozialak, bat-bateko informazioa... Nahaste-borraste horretan zaildu egiten da eskulana nabarmentzea. Iruditzen zait balioa, nolabait, galduarazi zaiola.

Hainbeste plataforma daude, non edozein gauza topa dezakezun prezio irrigarri batean... Oso zaila da horretan bizirautea, baina hemen jarraitzen dugu. Gure balioetako bat iruditzen zait dela gertutasuna, eta bertan egotea jendeari esplikatzeko nolakoak diren sortzeko prozesua, piezaren ezaugarriak... Hor irabazten dugu.

Nola definituko zenuke zure bitxien estiloa?

CHROMA.

Ez da batere erraza... Beti gauza finak egiten ditut, ez dira pieza oso handiak izaten. Gehien gustatzen zaidan bezeroa da normalean ez duena bitxirik janzten, baina nire piezaren bat eramaten duena. Sekulako ohorea da hori. Horrek eraman nau hausnartzea nire piezak direla bitxiak eramatea gustatzen ez zaion jendearentzat. Eta hortik abiatuta, nolabait bilatzen dut piezaren eta jabearen arteko harreman berezi bat.

Bitxi bakoitza soila eta atenporala izatea duzu helburu. Nola eragiten dute ezaugarri horiek piezaren itxuran?

Soiltasuna da guztiaren oinarria: pieza bat ahalik eta soilena egiten baduzu, iraun egingo du. Bitxiari apaingarri osagarriak jartzen hasten bazara, joerek eragin egingo dizute. Nik joeretatik urruntzeko ahalegina egiten dut, eta konturatu naiz filosofia horrekin nire estiloak, nolabait, irabazi duela denboran irauteko gaitasuna. Iruditzen zait nire piezak orain eraman daitezkeela, eta hogei urte barru ere balio izango dutela. Fosilak dira horren erakusle garbiena [barrez].

Intuizioz egiten duzu lan. Nola irudikatu behar dugu zure sortzeko prozesua?

CHROMA.

Margotzea ez zait batere gustatzen; ez dut zirriborrorik egiten. Rohnerrek horrela egiten du lan: koadernoan marrazkiak egiten ditu eta... Nirea, berriz, oso intuitiboa da. Jolas bat da ia. Mahai batean egiten dut lan, baina perspektiba handiagoa izateko asko gustatzen zait elementuak lurrean jartzea. Eta hortik aurrera oso intuitiboa da dena: hau ondo, beste hori ez... Ez naiz gai marrazteko eta gero hori gauzatzen saiatzeko. Intuizioa da guztia.

Enkarguz egiten al duzu lan?

Enkarguren bat egiten badidate, orduan bai, marrazkiren bat egiteko eskatzen dut; edo erreferentziaren bat ekartzeko. Bezeroak ez badu esaten zehazki zer nahi duen, ez dut onartzen. Askotan sartu dut hanka, saiatu naizelako bestearen buruan zer dagoen asmatzen, baina... Ez da posible, berak ideia bat izaten duelako, baina ia inoiz ez duelako bat egiten nik buruan dudanarekin. Askotan gertatzen da, jakintza faltagatik, jendeak irudikatzen dituen piezak egitea ez dela posible izaten. Edozein gauza heltzeko adarrak jarri behar dira, edo euskarriren bat... Baina jendeak horiek ez ditu irudikatzen, eta gero sorpresa hartzen dute. Hanka sartu izan dut, eta horrela ikasi dut.

CHROMA.

Bestela, nire piezen laginak baditut, eta hortik aukeratzen dute. Piezen erreplikak egitea ez zait kostatzen.

Bitxiak, tradizioz, emakumeentzako apaingarritzat hartu dira. Aldatu al da hori?

Bai, bai. Orain mutilak ere asko etortzen dira. Belarritakoena oso ohikoa da, eta geroz eta gehiago ari dira kateak erabiltzen... Eraztunak, gutxixeago. Oraindik erreparo handiagoa ematen die edo. Dena dela, oso bezero mota ezberdina da: mutilek, oro har, pieza gutxiago erabiltzen dituzte.

Eta besterik eskatzen al dizute bezeroek?

Konponketak ere askotan egiten ditut; eta ohikoa da, baita ere, piezetan egokitzapen txikiak egitea. Gerta liteke bezero bati pieza gustatzea, baina itxigailua ondo ez egokitzea; bada, moldaketa horiek ere egiten ditut. Horrez gain, azken aldian hasi naiz pieza zaharretatik berriak egiten ere. Adibidez, bezeroak urrezko pieza bat ekartzen dit, zeina ez duen gustuko baina aprobetxatu egin nahi duen. Nik materiala erabiltzen dut, berak nahi duen forma berria eman eta eskulana bakarrik kobratzen diet.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!