Zenbait rol hausten saiatzen den ikuskizun dibertigarria, Topic-en

Ataria 2024ko abenduaren 10a

Larunbat honetan, abenduak 14, Caracarton konpainiaren 'El secreto del hombre mas fuerte del mundo' ikuskizuna ikusteko aukera izango da Tolosako txotxongiloen museoan, 18:30ean; aurrez, 17:00etan, tailerra egingo dute.

Larunbatean, hilak 14, txotxongilo ikuskizuna eta tailerra uztartuko ditu Tolosako Topic museoak, 4 urtetik gorako haurrei bideratuta. Tailerra 17:00etan izango da; ikuskizuna, berriz, 18:30ean. Sevillako Caracarton konpainiaren ‘El secreto del hombre mas fuerte del mundo’ emanaldiaz gozatu ahal izango dute txotxongiloen museora gerturatzen direnek. 45 minutuko iraupena du eta gaztelaniaz da.

Topic-eko arduradunek azaldu dutenez, «zenbait rol hausten saiatzen den ikuskizun dibertigarria» da larunbatekoa: «Pertsona bakoitzaren nortasuna errespetatuz hezten diren haurrentzako istorio bat eskaini nahi dizuegu, oraindik existitzen direnik ere ez dakiten estereotipoak alde batera utzita. Beti egon dira beren familiek edo eskolek dituzten itxaropenetatik ateratzen diren haurrak. Batzuetan, trebetasunekin, gaitasunekin du zerikusia, eta, kasu honetan, genero rolez ari gara. Ezarritako roletatik kanpoko edozein pauso txiki askotan zigortu egiten da familian, eskolan eta gizartean. Horrek sexismorantz garamatza, haurrentzat femeninotzat edo maskulinotzat jotzen diren jarrerak edo gustuak izatea iraingarri ikusten duena, eta, askotan, diskriminazio motaren bat eragiten duena. Ikuskizun honek besteenganako aurreiritzien gaia landu nahi du».

Tailerrerako eta ikuskizunerako izena eman nahi dutenek, 943 650 414 telefono zenbakira deitu edo pedagogia@cittolosa.com helbide elektronikora mezua idatzi beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!