Tolosako Euskararen Aholku Kontseiluaren osoko bilkura, bihar

Ataria 2024ko abe. 10a, 07:57

18:00etan izango da hitzordua, udaletxeko pleno aretoan, eta herritar orori irekia izango da.

Tolosako Udalak duela 25 urte baino gehiago sortu zuen euskara batzordea, udalak eta eragileak elkarlanean euskararen sustapenerako ekintzak garatzeko. 2022ko uztailean, berriz, herri administrazioaren eta gizarte eragile guztien artean hizkuntza politika partekatua sustatzeko eta hizkuntza normalizazioaren alorrean lanean jarraitzeko, hainbat eragilerekin elkarlanean, Euskararen Aholku Kontseilua sortu zuen. Hizkuntza politikako beharrei erantzuteko tresna «egoki eta eguneratu» bat izatea nahi zuten, «lan egiteko modu berri batekin».

Besteak beste, 2022ko azaroan Tolosako Udaleko osoko bilkuran aho batez onartu zen Tolosako Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria; hala, 2019. urtera arte martxan egon zen plana berritzea lortu zuten.

Aurtengo ekainean, berriz, kontseiluaren erregelamendua aldatu zuen udalak, eta urtean bi osoko bilkura egitera igaro da. Bihar, asteazkena, egingo dute aurtengo bigarren bilera; 18:00etan hasiko da, udaletxeko pleno aretoan. Ordubete inguruko bilera aurreikusten dute, eta herritarrentzat irekia izango da.

Hauxe da gai-zerrenda:

  1. Hizkuntza-politikako plan estrategiko berria (2025-2034) aurkeztea.
  2. 2024ko mugarri nagusien berri-emate laburra.
  3. 2025eko mugarri nagusien berri-emate laburra.
  4. Galderak eta eskaerak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!