Badator Ataria-ren urteroko hitzordu garrantzitsuetako bat: Ataria Bertso Jaialdia. Urtarrilaren 18an izango da jaialdia, ohi bezala, Leidor aretoan, eta Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Alaia Martin, Iñigo Gorostarzu Etxorde, Oihana Iguaran eta Andoni Rekondo ariko dira bertsotan, Amaia Agirrek proposatutako gaiekin.
Atarikideek, eta Galtzaundikideek hurrengo asteazkenetik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak Ataria-ko egoitzan (San Esteban auzoa, 20, Tolosa). Hain justu, hilaren 18an arratsaldez, 15:00etatik 18:00etara, eta hilaren 19an eta 20an goizez, 10:30etik 13:30era izango da erosteko aukera.
Atarikideek 16 euro ordaindu beharko dute sarrera bakoitza eta gehienez bi sarrera erosi ahalko dituzte prezio horretan. Bi sarrera baino gehiago erosi nahi izanez gero, hirugarrenetik aurrera, sarrera bakoitzarengatik 19 euro ordaindu beharko da. Ordainketa banku txartelarekin egiteko aukera ere izango da. Sarrera guztiak zenbakituak izango dira eta ez da erreserbarik onartuko.
Hilaren 27tik aurrera, eta sarrerak geratuz gero, gainerako herritarrek erosi ahalko dituzte. Kasu horretan sarrera bakoitza 19 euroko prezioan eskuratu ahalko da, eta online egiteko aukera izango da.
Ataria-rekin bat egiteaz gain, bertso jaialdi ederraz gozatzeko aukera ematen du urteroko hitzorduak. Beraz, ez galdu aukera, eta gorde eguna!