Inauterietako doinuek hartu dute Andragora

Leyre Carrasco 2024ko abe. 10a, 07:59

Ostiral mehean, otsailaren 27an, Andragoratik irtengo dira kalejiran 19:00tan. Txaranga ez-mistoarekin bat egiteko gonbita zabaldu dute partaideek.

Inauteriak gertu direla nabari da Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Kaletik ezer entzuten ez bada ere, sarrera zeharkatu orduko inauterietako kopla ezberdinak entzun daitezke. Prestaketa lanekin hasiak dira bertan. Izan ere, Tolosako Jabetze Eskolak antolatuta, txaranga ez-mistoa osatzeko ikastaroa abiatu dute. Hamar saio egingo dituzte denera eta dagoeneko laugarren saioa burutu dute, Ines Osinaga musikariaren gidaritzapean.

«Talde zoragarria eta oso anitza» dela dio Osinagak, «eta hori erronka bat da, baina baita oparia ere. Izan ere, denok zerbait daukagu taldeari eskaintzeko eta taldeak beti dauka zerbait norbanakoari eskaintzeko». Hala ere, ikastaroaren helburua «oso zehatza» da: emakume musikariek espazio publikoa hartzea, eta horretan dabiltza.

Asteazkenero biltzen dira Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean, eta bi orduz, 18:00etatik 20:00etara, aritzen dira doinu moreak sortzen. Denera 14 partaidek osatzen dute taldea eta, txarangetan ohikoak diren edota inoiz ikusi ez diren instrumentuak joko dituzte. Inauterietan lau kantu joko dituzte, eta dagoeneko hasiak dira horien entseguekin, lehen notatik azkenera arte ikasiz.

«Txaranga internazionala» osatu dutela esan du Osinagak, parte hartzaileak ez baitira tolosarrak bakarrik; Iruñetik, Zarauztik eta Seguratik etorritako emakumeek ere osatzen dute taldea. «Hor konturatu gara badagoela espazio bat artikulatzeko behar bat, hau da, ahalduntze espazioak eta emakumezkoek plaza publikoetan musika egiteko kanpo erresistentzia batzuk kontuan edukiko dituenak».

Argi dute Andragora ez dela espazio misto bat, «baina bada espazio feminista bat eta horrek ematen dio berezitasuna ikastaroari. Gainera, ahalduntze feminista du txertatua, gure bizipenak eta erronkak partekatzen ditugulako kontzeptu feminista batean eta, aldi berean, musika egiten dugu».

IZEN-EMATEA ZABALIK

Datozen saioetako egunak zehaztuak dituzte; abenduaren 18an, urtarrilaren 15ean eta 29an, otsailaren 12an eta 26an izango dira, Andragoran, 18:00etatik 20:00ak arte. Ostiral mehe egunean egingo dute azken saioa, otsailaren 27an, 19:00etatik 20:00ak arte, eta kalejiran aterako dira Andragoratik, «kaleak hartuz eta plazak betez».

Osinagak azken entseguan edo kalejiran parte hartzeko gonbita egin die tolosar edo tolosar ez direnei eta esan du kalejira hau ez dela azterketa bat izango, ikastaroan ikasitakoari bide emango dion festa bat baizik. «Ez goaz sufritzera, gozatzera goaz».

Beraz, izen emateko interesa duen edonork oraindik horretarako aukera izango du, Tolosako udalaren webgunearen bidez —Tolosakoudala.org/berdintasuna/—. Informazio gehiago, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxera —943-00 89 67— edo Tolosako Udaleko Berdintasun Sailera —688-86 90 23— deituta lor daiteke, bai eta bertaratuta edo berdintasuna@tolosa.eus helbide elektronikora idatzita ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!